Espainian oraindik ere torturatu egiten dela salatu du Amnesty Internationalek

Ez dela ikerketa independenterik egin eta ez dela inor zigortu dio 2006. urteko txostenean

Berria, edurne begiristain, 24-05-2007

Amnesty International (AI) erakundeak publiko egin du 2006.urteari dagokion txostena, eta bertan salatu du Espainiako Estatuan «oraindik ere tortura eta tratu txarrak» daudela. Espainiak 2005ean Torturaren aurkako Konbentzioaren Protokoloa berretsi zuen arren, «tortura eta tratu txarrei» buruzko txostenak egon direla dio giza eskubideen aldeko elkarteak. «Legea betearazi» behar duten Espainiako funtzionarioak eta poliziak dira torturen eta tratu txarren eragile, AIren esanetan.

Halaber, erakundeak salatu du egoera hori «are larriagoa» dela tratu txar eta tortura kasuei buruzko «ikerketa sistematiko eta independenterik» ez delako egon. Auzi askotan, gainera, ez dutela inor zigortu gaitzetsi du Amnesty Internationalek.

Apirilean Espainiak 2005ean sinatutako Torturaren aurkako Konbentzioaren Protokoloa berretsi zuela gogora ekarri du erakundeak, baina, hala ere, «tortura eta tratu txarrak izateko arriskua handitzen duten praktikei eutsi» diela azpimarratu du AIk. Erakundeak ohartarazi du oraindik polizia etxeetan atxilotuei inkomunikazioa aplikatzen zaiela, nahiz eta Nazio Batuen tortura gaietarako kontalari bereziak inkomunikazioa gaitzetsi duen.

Ez da lehen aldia Amnesty International taldeak Espainian tortura kasuak daudela salatzen duena. Azken bi urteetako txostenetan, esaterako, salatu zuen PPren eta PSOEren gobernuek ez zituztela neurririk hartu NBEko torturari buruzko kontalariak Espainiako Gobernuari egindako aholkuak betetzeko.

SU – ETENA. ETAk iazko martxoan su – etena iragarri eta gero, Espainiako Gobernuak erakunde armatuarekin hasitako elkarrizketak aipatu ditu AIk Espainiari buruz egindako urteko txostenean, giza eskubideen alorretan izandako gertaera garrantzitsuenen artean.

Halaber, ETAk Barajasen egindako atentatua eta haren ondorioz bi pertsona hil zirela gogoratu du. Atentatu horren ondoren, Espainiako Gobernuak ETArekiko elkarrizketa prozesua amaitutzat eman zuela azpimarratu du Amnesty Internationalek.

FRANTZIA. Espainian ez ezik, Frantzian ere poliziaren esku tratu txarrak salatu egin direla ohartarazi du giza eskubideen aldeko erakundeak. Gogoratu duenez, Frantziako Segurtasunari buruzko Etika Batzordeak apirilean salatu zuen %10 handitu direla polizien jokaera «bidegabeak»; bereziki «adingabe, asilo politikoa eskatu dutenak eta etorkinak» izan dira tratu txarrak pairatu dituztenak, AIren esanetan.

Amnesty Internationalek Frantziari buruz egindako txostenaren atal batean aipamen berezia egiten dio herrialde horretan dauden espetxeetako egoera «txarrei». Europako Kontseiluko Giza Eskubideetarako komisarioak Frantziako kartzelen baldintzen inguruan egindako «kritika latzak» gogora ekarri ditu AIk salaketa hori egiteko.

Bereziki espetxeetan dagoen presoen «metaketa larria» dela gaitzetsi du giza eskubideen aldeko erakundeak urteko txostenean. Izan ere, Frantziako Justizia ministroak iragan uztailean emandako datuak aipatuz, Frantzian 60.000 preso inguru daudela gogoratu du Amnesty Internationalek (Horietatik 149 euskal preso politikoak dira).

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)