Etorkinak osasun sisteman integratzeko plana betetzetik urrun dago Osakidetza

2003. urtean onartutako Immigrazioaren I. Planaren osasungintzako balantzea egin du Osasun Sailak

Berria, estitxu ugarte, 23-05-2007

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden etorkinek buruko gaitzak pairatzen dituzte maiz, bizi baldintza eskasek, diskriminazioak, eta bazterketak eragiten duten estresa dela eta. Emakumezko etorkinak egoera okerragoan daude.Fisikoki, baina, tokiko herritarren osasun mailaren parekoa dute etorkinek erkidegora etortzen direnean. Datuok Immigrazioaren Euskal Behatokiak eta EHUk jaso dituzte EAEko Immigrazioaren eta Osasunaren I. Inkestan. 2.100 laguni egindako inkestak oinarri izan dituzte txostena osatzeko. Atzo, Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendari Roberto Marrok aurkeztu zuen inkesta. Marrok azaldu zuenez, etorkinen osasuna okerrera egiten du «bizi baldintza zaila jasaten dutelako eta egoera berrira moldatu behar direlako. Horrek emozio arazoak eta arazo fisikoak eragin diezazkieke». Emakumeak are egoera okerragoan daudela nabarmendu zuen Marrok. Gainera, 35 eta 44 urte bitartean dituzten emakumezkoek pairatzen dituzte buruko arazo larrienak.

Bestalde, duten bizitzarekin pozik dauden galdetu diete EAEn dauden etorkinei, eta hamar lagunetatik zazpik nahiko pozik dagoela erantzun du. Arlo ekonomikoan, ordea, ez dira hain baikorrak; izan ere, hamarretik seik bakarrik uste dute egoera ona dutela. Gainera, emakumezko etorkinek gizonezkoak baino sarriago adierazi dute bereizketa pairatu dutela, batez ere Afrikatik, Kolonbiatik eta Boliviatik etorritakoek. Marokoko gizonezkoak emakumeak baino bereiztuagoak sentitzen dira.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)