Hiria eta bere hondakin humanoak
Berria, , 20-05-2007Soziologoa, HUHEZIko irakaslea
Lagunak eta biok aukera dugun bakoitzean bidaiatzen dugu gustuko dugun hirira. Geure euskal unibertso partikularretik hain urrun ez dago, eta bertan lo egiteko lekua izateak asko laguntzen du.
Auzune ugariz osatutako hiria da, gehienak bezala. Gure auzunea kolore anitzeko postala bilakatu ohi da gauarekin batera: mundua irensteko prest dauden unibertsitario atzerritarrak, musulman tunikadunak, afrikar kontinenterik gabeak, drogek irentsitako gorpuzkinak, sustantzia ilegalok noiz nori salduko zain dauden begi zoliak… Fauna humano paregabea.
Iluntze partean heldu ginen duela zenbait bariku eta, ohi bezala, ordu horretan autoktonorik apenas ez. Txinatar andre – gizonen etxaurreko denda, noski, zabalik. Gogoan dut behin dendako andreak patxadatsu bezain tinko hitz egin zidala auzuneari ikusten zion arriskuez: droga mugimendua hemen eta lapurreta han, esaten zidan alerta betean bizi denaren tonu salatzailearekin.
Gautzen ari zela heldu ginen hirira, bada. Etxeko atarira heldu eta laurogei urteak aspaldi igarota zituen agurearekin egin genuen topo. Jantzi umilekin, bizitza osoan gogor lan egin baina sekula aberastu bako gizakumearen traza zuen. Kapitalismoak langileentzat asmatutako ideologia ahokada batean irentsitakoaren traza. Bere ingurune naturaletik at zirudien, kaleko jendearen joan – etorriek eta autoen zaratek nahastua. Aurpegia gugana zuzendu eta galdera jaurti zigun, inguruan ba ote zegoen ostaturik. Urgentzia puntu bat nabari zitzaion. Ingurune arrotzean bakarrik eta baliabidez urri dabilenaren kezka, beharbada.
Zergatik ez dakidala, zaharraren oinetara zuzendu nituen begiak. Oinen inguruan lurra bustita ikusi nuen. Gernu arazoak, itxura guztien arabera. Zaharrari ezagunak zitzaizkion adinaren aldrebeskeriak. Bazekien gorputzaren hilkortasunaren halabehar madarikatuaz. Bazekien gizakiok hauskor jaio eta hauskor hiltzen garela, bi muturrek elkar ukitzen direla hor nonbait.
Ostatuari buruzko galderak oroitarazi zidan hantxe bertan, bost metrora – edo, zegoela ostatu solidarioa. Urtebete pasatxo erre zela. Urtebete, bertan bizi ziren hiru behartsu suak irentsi zituela.
Agurea agurtu eta, eskailerak gora, etxeko atera heldu ginen. Goiko auzokidearen ateko txirrina jo genuen, ordea. Komunitateko kontu batzuk argitu behar. Atea zabaltzeaz bat, beste mundu batera egin genuen jauzi: 25 metro koadroko etxean bizi ziren berrogei urte inguruko andre – gizonak, etxea aseguratu barik zuten, bi urte komuneko bonbari tira egin ezinik (bere ordez balde bete ur erabiltzen zuten), ez zuten – eta berau konpontzeko dirurik eta, bonbari tiratuz gero, segituan geure pisura pasatzen zen ura.
Emakumeak kontatu zigun, bere – berea duen jario geldiezinarekin, besapeak zelan garbitzen zituen egunero lababoan, metro koadroko komunean ez baitute dutxarik, garbi adieraziz pobrezia duintasunarekin haserre ez dabilela derrigorrean. Etxeko sarreran gizonak irabazitako futbol trofeoa ikus zitekeen, eta plakan ondoko errezoa: «Drogaren kontrako futbito txapelketa – 2002». Gizona drogari partida irabazitakoa omen. Eta galtzera ohituegi daudenen etxean garaipenaren ikurrak beste inon baino beharrezkoagoak dira. Ikurrok ez dira lagunei erakusteko, norbere autoirudi puskatuaren zatiak josten laguntzeko baizik.
Etxeko atarian txiza, goiko pisuan komuneko bonbari ezin tiratu, hamar minutuko tartean ikusi nituen egoera biak. Eta otu zitzaidan pobreziak berarekin dakarrela hondakinen gestio partikularra. Eta gure gizartean hondakin gisa bizi dela hamaikatxo.
Auzuneko goiko kalea, gurearen paraleloa, prostitutena da. Gizarteak hondakinetan hondakinenak dituen horiena. Beste hiri askotan bezala, kalean gora eta behera dabiltza hainbat prostituta. Eta auzunea ezagutzen duen batek kontatu zidan bertako zaharrek ganaduari bezala begiratzen dietela. Begiak putengan josten dituztela, lotsagabe besteon begietara. «Los pajilleros» dira prostituten jergan: kalean bertan, eskuak poltsikoan, ordaindu gabe ase direnak.
Gorago bizi diren ijitoek ez omen dituzte batere ondo ikusten azken urteotan horrenbeste ugaritutako moroak. Arlo antzekoetan lana bilatzeaz gain, zerbitzu sozialetako laguntzetan ere lehiakide berri dituzte. Badago arrazakeria molde bat, gizarteko behekoena alegia, gehiegizko kontaktuarekin harrotu ohi dena gizarteko goikoena ez bezala.
Gay ukitua ere badu auzuneak. Gay kulturaren presentzia nabarmena da bertako taberna, denda, jatetxe eta lokalen zirkuitu posmodernoan. Eta ukitu kosmopolitako auzunean aurki daiteke adierazpen kultural aurreraturik jakina, nahaste eta gurutzaketen territorioak baitira aproposenak zaharraren gainean berria asmatzeko, konplexurik gabe sortzeko, traizioaren mamurik gabe. Gazte belaunaldien kode sinboliko eta estetika berrien dinamismoa senti daiteke gure auzunean.
Komunitateko kontuak argitu, etxetik atera eta kalean behera abiatu ginen. Horma bateko kartel bati erreparatu genion, brastakoan zein herrialdetan geunden gogoratuz: iganderako bertso saioa iragartzen zuen. Auzunean, autoktonoetan autoktonoena den tribuak ere lekua nahi du, bizi – munduen pluraltasunean tokia.
Lantzean behin, lagunak eta biok Bilbotik egin ohi dugun buelta horrek, zelan esan, badu hezitzailetik asko. San Frantzisko kaleak eta La Viejak Euskal Herriaren ikuspegi ezberdina ematen baitute. Abaltzisketa edo Markina kilometro sozial, kultural eta psikologiko askora daude. Euskal populuaren herena biltzen du Bilbo Handiak eta, horregatik baino ez bada, ez dirudi garrantzia gutxikoa bertako zenbait auzunetan gertatzen ari dena gertutik jarraitzea.
Hiriko beste zenbait auzunetan eragindako eraldaketaren distirak itsututa utzi gaitu, baina. Ezker iruditerian ere sakoneraino barneratu da titanioaren estetika garbi eta posmodernoa. Neroni ere gustatzen zait, aitor dut. Eta zein erraza den kontaktua galtzea txiza izterretik behera dariola ostatu bila dabilen Bilbo zahar etxe gabearekin, edo komuneko bonba barik bizi denarekin.
Oso fede txarreko batzuek diote dutxarik gabeko beste Bilbo hori askok garbituko luketela; negozio immobiliario handia eginez, by the way. Zenbait politikarik, euskal Sarkozy txikiak baditugulako izan, «txakurrak kalean eta delinkuenteak kartzelan» nahi dituzte, labanarekin dabiltzanei gerra santua deklaratuz. Delinkuenterik handienak trajez jantzi eta fiskoaren maleta daramatela non irakurri ote dut?
Prostitutek zelan biziko ote dituzten hauteskundeok; zer iritziko ote dioten politikarien berba – saldoari; zelan bizi ote duten demokraziaren erritu komunitarioa. Zer eskatzen ote duten.
Eskatzen ote dute?
Horiexek galdetu dizkiot neure buruari, Bilbora bariku iluntzean heldu gineneko hura gogoratzean.
(Puede haber caducado)