Kultur aniztasunaren errautsak
Urgull mendiko Guardetxea kultur erreferentea izan da Donostian. Sute batek erre zuen otsailean, eta haren aldeko jaialdia dute larunbatean.
Berria, , 17-05-2007Donostia
Dotore utzi dute eraikinaren kanpoko aldea, erakargarri. Atea irekita, ordea, bestelakoa da irudia, tristea. Kultur erreferente garrantzitsua galdu zuen Donostiak otsailaren 16an. Ia hamar urtez kontzertu, erakusketa, jardunaldi eta bestelako ekitaldiak hartu zituen Urgull mendiko Guardetxea kiskali zuen suak. Eraikinaren barruko aldea erabat hondatu zuten garrek, eta harekin batera musika ekipo, bulegoko tresneria, altzari eta gainerakoak; 80.000 euroko kaltea, guztira. Errautsetatik birsortu nahi dute orain Guardetxea. Donostiako Udala arduratuko da oinarrizko konponketak egiteaz, baina gainerakoa prestatzeko lanean hasiak dira Banda Bat elkartekoak. Ezbeharra gertatu zenetik elkartasun keinu eta mezu ugari jaso dituzte, eta biharko elkartasun jaialdi erraldoia antolatu dute, Trinitate plazan.
Banda Bat elkartea arduratu da Guardetxean ekitaldiak antolatzeaz. «Eraikina utzita egon zen denbora batez, hautsita eta inolako erabilerarik gabe. Banda Bat musika taldea sortu genuen lagun talde batek, Bart literatura aldizkaria ere bai, eta kultur munduko elkarte bat sortzea eta Guardetxea eraberritzea proposatu genuen», argitu du Banda Bat elkarteko Luis Friasek. Esan eta egin. Sei hilabeteren bueltan txukundu zuten eraikina, eta inaugurazio festa antolatu ere bai: «Harkaitz Cano idazleak, Karmelo Iribarren eta Mitxel Gaztanbide bertsolariek eta Banda Batekoek parte hartu genuen». Bederatzi urte dira ordutik. Parte Zaharretik sortutako egitasmoa hiri osoko erreferente bihurtu da denborarekin. «Kultur eskaintza herritarrei hurbildu nahi izan diogu, letra handiko kulturatik haratagoko eskaintza eman», esan du Banda Bateko kideak.
Diasporako 60tik gora artisten lanekin jarritako erakusketa izan zen lehen ekitaldietako bat, baina musika emanaldiak izan dira Guardetxearen eskaintza anitzaren ardatz nagusietakoa; ez, ordea, bakarra. «Azken urteotan oihartzun handia izan dute topaketa interkulturalek. Etorkin asko etorri dira hirira, eta haien kulturen berri ezagutzeko topaketak egin ditugu», dio Friasek. Hurrengo jardunaldiak ekainean egiteko asmoa dute, eta Euskal Herriko kultura erakutsi nahi diete etorkinei. Zinema emanaldiak, gai eta arazo askoren inguruko jardunaldiak, erakusketak… «Donostian erreferente bat ginela dio jendeak, kultur etxe independente baten gisara funtzionatu dugula», laburbildu du Luis Friasek.
ELKARTASUN JAIALDIA, ETZI. Guardetxea erre izanak kultur eragileen artean eragindako atsekabearen lekuko da Banda Bat elkarteak bildutako elkartasun uholdea. Bihar Donostiako Trinitate enparantzan antolatu duten elkartasun jaialdia da horren isla. Festa erraldoia egingo dute, 17:00etatik aurrera, eta urteotan guztietan elkartearekin harremana izan duten musikari, aktore, eskulangile eta lagunek parte hartuko dute. Arantxa Gurmendi, Ramon Agirre, Asier Hernandez eta Carlos Ngema aktoreak arduratuko dira jaialdia aurkezteaz, eta denetariko eskaintza izango da. Txikienentzat Sebastopolgo Titiriteroak, gaztelu puzgarriak, tailerrak eta merienda prestatu dituzte. Pintore nahiz eskultoreak lanean bertatik bertara ikusteko aukera izango da, eta 17:45etik aurrera musika. Musikeneko Arpa taldea, Iñaki Salvador, Amaia Zubiria, Jabier Muguruza, Anari edota Arde Asia dira musikari zerrenda amaigabeko izenetako batzuk. «Asko eta asko kanpoan utzi ditugu, ekaineko azken astean egingo dugun topaketetan jotzera gonbidatuko ditugu. Haientzat guztientzat esker hitzak baino ez ditugu», dio Friasek. Jaialdian Bart aldizkariaren ale berri bat ere aurkeztuko dute Banda Bat elkartekoek, eta Parte Zaharreko kaleetara ere zabalduko dute festa Taupada batukadakoek. Jaialdira bertaratuko diren guztien nahia berbera: Guardetxeak, ahal bezain pronto, kultur aniztasunaren etxea izaten segi dezala.
(Puede haber caducado)