«Afrikako Bob Dylan»

Ismael Lo kantari eta gitarrista kontinenteko kantautorerik ospetsuena bilakatu da

Berria, MIKEL LIZARRALDE, 17-05-2007

Pedro Almodovarrek Todo sobre mi madre film arrakastatsurako bere kantu bat aukeratu zuen, Tajabone balada akustiko goxoa, eta mundua ireki zitzaion. Ismael Lok (Nigeria, 1956) urteak zeramatzan bere gitarrarekin eta ahosoinuarekin batean eta bestean jotzen, eta diskoak grabatzen; eta nolabaiteko onespena ere jasoa zuen Afrikatik kanpo, baina zineman azaltzeak arrakasta ere ekarri zion.

Ismael Lori Afrikako Bob Dylan deitzen diote. Dylan gaztea bezala, gitarra eta ahosoinua erabiltzen ditu Lok, eta musikari estatubatuarraren lehenengo diskoetan bezala, eduki soziala oso handia da haren lanetan. Izan ere, Afrika darama bihotzean Lok. Afrika eta afrikarrak. Eta haiei eskaintzen dizkie bere hitzak: emakumeei, arrazakeriari, lagunei…

Lo Nigerren sortu zen baina senegaldarra da izatez. Haurtzaroan mbalax musika – Senegalgo popa – ezagutu zuen baina baita soula, bluesa eta rocka ere Otis Redding, Wilson Pickett eta Jimi Hendrixen bitartez. Eta Loren musika horren guztiaren emaitza da. Afrikako erritmo zahar eta modernoak hartu eta Mendebaldeko kulturatik jasotako elementuak gehitzen dizkie Lok, beti ere kantuarengan jarriz pisu guztia. Eta Ismael Loren kantuetan ahotsak ere leku berezia du, ahots bizi eta hunkigarria baitu, batik bat baladak abesten dituenean agerian gelditzen den moduan.

Gaur egun musikari errekonozitua bada ere, Ismael Lok bizi izan zituen bere une gogorragoak. Eta bitxiagoak ere. 15 urterekin telebistan ohol zati batez eta arrantzarako hariz eginiko hari bakarreko gitarrarekin azaldu zenekoa esaterako. Edo Kanarietako Coco Loco klubean gauero jotzen zuenekoa.

Orainak sasoi ezin hobean aurkeztu du kantaria, Senegal disko berriak erakusten duenez. Donostian sei laguneko talde batekin ariko da.

Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Asteartea 22, 20:30ean. Sarrera: 12 – 18 – 24 euro.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)