Kanarietara iritsitako etorkinak bazka politiko gisa erabiltzeko tentazioa

Gara, 15-05-2007

Izan ere, herriko hauteskunde batzuetan toki berezia hartu beharko lukete herritarrei dagozkien eskubideak, erronkak, egitasmoak… politikarien mezuetan. Hiritartasun eskubideak bermatzeko zein da alderdiek egiten duten eskaintza? Politikoki zuzenari helduta mezu orokorrak zabaltzea baino hobe lukete hautagaiek, herriz herri eta lurraldez lurralde, bere egitasmoak era garbian azaltzea. Hau da, gure herri eta hirietan izaten diren aldaketa demografiko – kulturalen aurrean zein da maiatzaren 27an hautatuko dituzten alkate eta parlamentarien erantzunak? Benetan uste dute alde batera begira aldaketa horiek planteatzen dituzten erronkak berez bideratuko direla, aldez aurretik gizartean hausnarketa eta eraldaketa sakona bultzatu gabe? Bistan da etorkinen irudia guztiz desitxuratuta dagoela. Etorkinak dira itsasontzietan iristen diren txiroak. Eta gure erietxeetan gero eta gehiago gure osasunaz arduratzen diren mediku eta erizain horiek etorkin al dira ala kanpotik etorritako profesionalak besterik gabe? Ekonomia ezin da inondik inora izan gure gizartean gertatzen ari den aldaketari erantzuna emateko tresna bakarra, ez eta asistentzialismo hutsean oinarritutako gizarte politika ere. Politika orokorrak behar dira, oreka eta berdintasuna lehenetsi duten politikak.

Hori, zer esanik ez, ez da lan erraza. Besteren artean, Euskal Herrian tresna juridiko eta politiko nahikorik ez dugulako euskal gizartea bere herritarren borondatearen arabera antolatzeko. Lan eskubideak, hizkuntza eskubideak eta, era zabal batean, herritarroi dagozkigun eskubideak arautzeko traba handiak ditugu. Are gehiago, lurralde zatiketa dela medio, jatorrizko euskal herritarrek ere ez dituzte bere hiritartasun eskubideak inondik inora bermatuta. Hala ere, gabezia hori ezin da aitzakiatzat hartu. Guztiz alderantziz, eskubideak aldarrikatzeko orduan gizartearen parte diren guztiak aintzat hartu behar dira. Eskubideak guztiontzat aldarrikapen unibertsalari tokian tokiko egokipenak bilatuta.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)