Gizartearen ongizatearen alde lan egingo duela esan du Olanok
Gipuzkoako Diputazioa herritar guztien garapena eta bizi kalitatea hobetzen saiatuko dela dio
Berria, , 05-05-2007Gipuzkoarren bizi kalitatea hobetzea, aurrera egin ahal izateko aukera gutxien duten herritarrei babesa ematea eta bazterketari aurre egitea izango da datorren agintaldian Gipuzkoako Diputazioko EAJ gainditzen saiatuko den erronka nagusia. Gipuzkoako Foru Aldundirako EAJk duen diputatugai Markel Olanoren arabera, gizartearen ongizatean oinarrituko dute beren gizarte politika. «EAJk ongizate sozialaren balioetan oinarritutako politikak bideratuko ditu, betiere egoera ekonomikoak ematen duen gaitasunaren barruan».
Politika horiek epe luzerako ongizatea bermatzea nahi dute, eta, horretarako, hartutako neurrien iraunkortasuna lortzen saiatuko dira. Hala, baliabide publikoak «ahalik eta modurik eraginkorrenean» kudeatzen ahaleginduko direla esan du.
EAJren politika soziala sei printzipiotan oinarrituko da: zerbitzu sozialen garapen progresiboan; Diputazioaren eta udalen harreman estuan; aukera gutxiago dituzten pertsonen diskriminazio positiboan; zerbitzuen kalitatean eta arreta pertsonalizatuan; eredu iraunkor eta eraginkorren sustapenean eta sektore horretan inplikaturik daudenenganako konpromisoan.
EAJ – REN HELBURUAK. Datorren agintaldian politika sozialak garatzeko asmoa du EAJk, eta helburu zehatzak ere ezarri ditu horretarako. Batetik, adinekoen eta haien senitartekoen bizi kalitatea hobetzen ahaleginduko dira jeltzaleak. Horretarako, hainbat ekimen abiatuko dituzte adinekoak etxetik kanpo ahalik eta denbora gehien igarotzeko eta haiei zuzenduriko zentroetako itxaron zerrendak murrizteko.
Horrez gain, gizarte bazterketari aurre egiten ere saiatuko dira. Bazterturiko herritarrak gizarteratzearen aldeko politikak abiatuko dituzte, eta gabeziak dituzten pertsonen aldeko neurriak hartuko dituzte. Olanoren arabera, ahalegin berezia egingo dute etorkinekin. «Babesa eskaintzeko baliabideak jarri eta lan munduan barneratzeko ahalegin berezia egingo dugu». Era berean, babesik gabeko adingabeei laguntzeko asmoa ere badu jeltzaleak; eta, horretarako, adingabeak adoptatzen dituzten familien programak egokitzen saiatuko da. Alde horretatik, erresidentzietako programak indartzea ere beharrezkoa dela uste du.
Familien ongizatea babesteko egitasmoak ere martxan jartzeko helburua dute. Lana eta familia bateragarriak izatea nahi dute, eta horren aldeko politika sozialak abiatuko dituzte. Hala, familia ugariek ordaindu beharreko zergak bideratzen saiatuko dira.
Horrez gain, tratu txarrak pairatzen dituzten pertsonen babesa handitzen ere saiatuko dira, eta gizartearen sentsibilizazioa areagotzen ahaleginduko dira. Tratu txarrak pairatzen dituztenei zuzenduriko babes sistema integrala eskainiko duen zentro bat eraikitzea aurreikusi dutela esan du.
Kazetarien galderei erantzunez, EAE – ANVren zerrendei buruzko iritzia EAJk ohar baten bidez jakinaraziko duela esan du, eta hark deus gaineratzekorik ez duela.
(Puede haber caducado)