Eragile politikoei konpromisoak eskatuko dizkie Anitzak-ek
Berria, , 27-04-2007Donostia
Euskal Herrian bizi baina bertan jaio ez diren etorkinek osatzen duten Anitzak ekimenak eragile politikoekin bilerak egingo ditu, konpromisoak eskatzeko. Datorren astetik aurrera egingo dituzte bilerak, eta hain justu, hauteskundeetan eta haien ostean gatazkaren konponbideren aldeko ahaleginak aktibatzeko konpromisoa hartzeko eskatuko diote.
Izan ere, haien arabera, prozesua «blokeo» egoeran egotetik «atzera» egitera pasatu dela dirudi, eta horregatik, hauteskundeak aukera gisa hartu, eta prozesua berriz ere abian jartzeko baliatu behar direla uste dute. Bestalde, hauteskundeetan bi oinarri ezinbestean errespetatu behar direla diote: proiektu politiko eta ideologia guztien parte – hartzea bermatzea, eta Euskal Herrian bizi diren pertsona guztiek parte hartzeko aukera izatea.
Anitzak – ek berak ere prozesuaren alde lan egiteko konpromisoa berretsi du, eta beren ustez prozesu horrek eduki beharko lituzkeen oinarriak zeintzuk diren ere argitu dute. Bazterketarik gabeko elkarrizketa eta negoziazioa egin behar direla diote, inolako eskubide urraketarik gabe eta gehiengoak erabakitzen duena errespetatuz.
JATORRIKO HERRIETAKO EKIMENAK. Bestalde, beren jatorriko herrietan ere ekimenak egingo dituztela jakinarazi dute. Besteak beste, Argentinatik, Galiziatik, Italiatik eta Herrialde Katalanetatik deitu diete, Euskal Herriko egoeraren berri emateko eskatuz. Eskaera horri erantzunez, egoeraren berri ematen duen txosten bat bidali diete komunikabideei, eta hainbat eragileri. Udako bidaiak ere hitzaldiak emateko baliatuko dituzte.
Uda ostean kontsulatuekin eta autoritate politikoekin ere harremanetan jarriko dira.
(Puede haber caducado)