ASTELEHENEKO HITZORDUA MAITE AGIRRE ANTZERKILARIA
«Taldeak instituzioak baino ausartagoak izan gara antzerkiaren aurrerabidean»
Idatzi, zuzendu, antzeztu, taldea kudeatu... Atzizki asko behar dira Maite Agirre Max saria jaso berriak antzerkiarekin duen aspaldiko harremana zehaztu eta definitzeko
Diario Vasco, , 23-04-2007- Neska politak artasoro alaiak antzezlanerako antzerti – testu onena idazteagatik eman dizute oraintsu Max saria. Testua ez ezik, hizkuntza ere bereziki landu al zenuten?
– Bai, obrak duen gauzarik politenetakoa hizkuntza bera dela uste dut, euskarazko zein gaztelaniazko bertsioetan. Gaurko gizartean dugun kultur aniztasuna erakutsi nahi du lanak, hemengo baserritar baten eta etorkin baten arteko harremanaren bitartez; proposatu nahi dugu ea nola harmonizatu daitezkeen kultura desberdinak, hizkuntza desberdinak, ohitura desberdinak… Herri bateko azokan dago kokatua, merkatuak beti erakusten baitu nolakoa den herri bat, eta ikusita nolakoa zen protagonista eta non zegoen kokatua, hasieratik ikusi nuen ez zela bakarrik beharrezkoa euskaraz izatea, baizik eta euskara bera bereziki lantzea. Eta horixe egin nuen, hiztegi eta liburu pila bat erabilita, esaera zaharrak – eta baliatuz hizkera herrikoia, bizia eta Arantxa Gurmendik antzezten duen baserritarrari egokitua izan zedin. Gero, Arantxak berak bigarren urrats bat egin zuen hizkuntzaren aldetik pertsonaia bereganatzeko orduan. Euskara kontuetan oso jantzia den Mielanjel Harana taldekidearen ekarpena ere oso garrantzitsua izan da. Gaztelaniazko bertsioa – Chicas bonitas, alegres maizales – prestatzerakoan ere lan handia egin zen hizkuntzarekin.
– Testua osatuz joan zen bezala, obra ere joan da aldatzen denboraren poderioz.
– Hitzek ez ezik, musikak ere garrantzi handia du obran, eta hasieratik argi geneukan zuzenean joko genuela. Lehenbiziko proposamenean musikariak Carlos Ngema eta Freenetic funky banda ziren, baina pixkanaka bigarren bertsio bat joan zen sortzen, eta orain txandakatu egiten dira etorkin afrikarrez osatutako Jum – Jum taldearekin eta ‘cora’ izeneko arpa afrikarra jotzen duen Mamadurekin. Gure artera iritsi berria da Mamadu, oraindik gaztelaniaz ez du asko hitz egiten, baina etengabe inprobisatzen du bere hizkuntzan, hemen bertsolariek egiten duten moduan, eta ematen dio berak ere herriko zera hori… Aldaketa handirik izan ez bada ere, egunero du zerbait berria obrak. Bi etapa izan dituela esango nuke. Lehenengoa, rock estiloko musikaz, gazteentzako oso egokia, eta bigarrena, afrikar musikariekin, beste kutsu batekoa. Celestina – rekin ere gauza bera egin dugu, baditugu bi bertsio, bat Albada Erdi Aroko eta Errenazimentuko musika egiten duen Albada taldearekin, eta bigarrena trikitixarekin…
– Max saria lortu izanak hirugarren etapa baten atarian jarri al du Neska politak artasoro alaiak?
– Nik ez dakit norainokoa izango den sariaren eragina, baina uste dut eguneroko lana izango dela aurrerantzean ere garrantzitsuena, beti bezala. Agian urtebete barru esango dizut izugarrizko aldaketak ekarri dizkigula sariak, baina iruditzen zait eguneroko lanarekin jarraitu behar dela fuerte, aurrera begira. Ikusiko dugu gero zer dakarren sariak!
– Hasi zinenez geroztik antzerkigintza ere gogotik aldatu da Euskal Herrian. Onerako?
– Bai, asko aldatu da, eta hobera egin du. Hasi ginenean, orduantxe ari zen hemen sortzen eta sendotzen antzerkigintza, orduantxe ari ziren proiektuak diseinatzen. Dena zen nahiko bakarkako eta erromantikoa, baina bazen beste gauza inportante bat ere, nahiz eta ez izan horren erromantikoa: industria sortzea. Eta alde horretatik urrats handiak egin ditugu taldeok. Euskal Herritik kanpo hemengo taldeek prestigio handia dute, eta horrek esan nahi du zerbait. Nik uste dut oso erne gaudela, zabal – zabalik ditugula begiak, ez garela gelditzen, oso dinamikoak garela, eta hori oso ona da gure proposamenentzat. Bestalde, gizartea ere asko aldatu da, baita komunikazioa ere. Ikus – entzunezkoek gero eta eragin handiagoa dute, aldaketa handiak ekarri dituzte antzerkiaren lengoaiera.
– Lagun izan al dituzue beti erakundeak aurrerabide horretan?
– Haiek ere eman dituzte pausoak, baina uste dut euskal antzerkiaren aurrerabidean taldeak instituzioak baino ausartagoak izan garela. Ematen dituzte laguntzak proiektuak sortzeko, baina beste maila batean pixka bat atzean gelditzen ari direla esango nuke, subentzioak ematea ez baita nahikoa. Eta hemen programazioaren inguruko kontuak aipatu nahi nituzke bereziki. Laguntza publikorik gabe ere lor dezakezu dirua proiektu bat abian jartzeko, baina gero ez baduzu publikoarengana iristeko modurik, alferrik! Gero eta espazio independente gutxiago daude, eta programazioa administrazioaren araberakoa da ia erabat. Hortaz, publikoarengana heltzeko filtro handi bat dago. Taldeok kolore askotako proposamenak egiten ditugun arren, instituzioek asko murrizten dute eskaintza zer erakusten den eta zer ez den erakusten erabakitzen dutenean.
– Programazioaren bidez saritu edo zigortu egiten da, hortaz.
– Bai, publikoarengana iristeko pasaporte bat behar duzu, eta ez badaukazu ez zara pasako. Kontrola oso fuertea da, eta ateak ez dira berdin irekitzen guztiontzat. Niri hori oso serioa eta larria iruditzen zait, zeren eta antzerki mota jakin batzuk bakarrik erakusten baitzaizkio publikoari, eta antzerkia askoz aberatsagoa da. Ikusleei ere murriztu egiten zaizkie aukerak horrela jokatuz.
– Prestakuntzaren inguruko kezkak ere maiz aideratu dituzue sektoretik.
– Ez dakit azkenean antzerki eskola sortuko den edo ez, baina behar – beharrezkoa da eskola serio eta goi – mailakoa jendeak ez dezan kanpora joateko beharrik izan. Madrilera doazen guztietatik, gutxi batzuk lortuko dute Resad – en [Real Escuela Superior de Arte Dramático] sartzea, baina oso zaila da eta gehienek milaka dauden akademietan bukatuko dute – batzuk onak dira, baina bestelakoak ere badaude asko – diru mordo bat gastatzen eta esperientzia gogorrak bizitzen. Izugarrizko zaletasuna eta aktibidade handia dago hemen, eta ez da erraza ulertzea zergatik ez dugun prestakuntzarako aukera egokirik.
– Zaletasuna aipatu duzunez, zer deritzozu, profesionalaren ikuspegitik betiere, antzerki amateurraren egoerari?
– Bultzatu egin behar da dinamika hori, dudarik gabe. Nik beti esaten dut herri bakoitzean egon beharko litzatekeela talde bat. Garai batean asko zeuden eta, antzerki taldea ez bazen ere, baziren inauterietarako – eta biltzen zirenak… Une honetan, segun eta nora goazen, beldur naiz profesionalak ez ote garen burbuila batean gelditzen, herritik urrun. Azken batean, gure herrian eta gure gizartean finkatu behar dugu gure lana, eta horretarako gizarte horrekin lotuko gaituzten kableak behar ditugu. Kable horiek bota daitezke eskoletan antzerkia egiten, baina baita herrietan ere, antzerkia herriko jendearekin egiten eta parkekatzen, profesionalak eta amateurrak elkartuz, fusionatuz… Askotan egin izan dugu guk hori hemendik kanpo, tokian tokiko bertsio bereziak prestatuz bertakoekin. Hemen ere gehiagotan eta normaltasunez egin beharko litzateke. Hesi handia dago amateurren eta profesionalen artean, baina hesi hori ez dugu guk jarri, profesionala izateari eta bereizketak egiteari gehiegizko garrantzia eman diotenek baizik.
(Puede haber caducado)