Erdararen ezagutza, behartuta eta bermatuta
Hizkuntza ereduek euskalduntzen ez dutela onartu arren, ikastetxeetan zalantzak sortu ditu haiek aldatzeko proposamenak.
Berria, , 22-04-2007Donostia
Ereduen aldaketa bai, baina euskararen ezagutza bermatuko da horrela? Ikastetxeen autonomia bai, baina nolakoa eta norainokoa? Ez al dago arriskurik autonomia horren izenean nor bere kasa ibiltzeko eta azkenean ikasleek euskara eta espainiera menperatzeko helburua ez betetzeko? Baliabide gehiago jarriko dira etorkinen erronkari aurre egiteko?
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Tontxu Camposek hezkuntza sistemako hizkuntza ereduen erreforma bultzatzeko egin duen proposamenak ez du inor epel utzi. Eztabaida piztu du. BERRIAk zenbait ikastetxetako zuzendarien hitzak eta kezkak jaso ditu. Hona haien iritzia:
Maribel Portillo
Mimetiz ikastetxea. Zalla (Bizkaia)
D eredua – – 397 ikasle
Maribel Portillok ez du uste Hezkuntza Sailaren proposamenak aldaketa handirik ekarriko dionik Zallako ikastetxe publikoari. Mimetizek ezaugarri bereziak ditu: Enkarterrin dago, Bizkaiko eskualde erdaldun batean, eta D eredua du oinarri. «Urte piloa daramagu D ereduarekin herri erdaldun batean. Zallan gazteak euskaraz egiten hasi dira orain, euskaraz eskolatuta daudelako».
Hala ere, giroak eragin handia du. Ikastetxetik kanpo erdara da nagusi eta umeek ere hala egiten dute. Soilik beharrezkoa denean egiten dute euskaraz.
Urte luze hauetan egindako bidea gogoan du Portillok. Alde onak eta alde ez hain onak. «Murgiltze sistema modu bakarra da gure herrian euskara ikasteko. Orain etorkinak heltzen hasi dira eta haiek aldi berean ikasten dituzte euskara eta erdara». Herrian ez dago A ereduko haur eta lehen hezkuntza, ez eremu publikoan, ezta pribatuan ere.
Kanpotik etorritakoak D ereduan sartu dira, arazo handirik gabe. Mimetizen berrogei bat ume etorkin dituzte: errumaniarrak, kolonbiarrak, brasildarrak… Ikasle horiek laguntza berezia behar dute murgiltze sistema arrakastaz bukatzeko eta bukaeran euskara menperatzeko.
German Barrios
Santa Maria ikastetxea. Gasteiz
A eredua – 140 ikasle
Zaila. Gasteizko Santa Maria ikastetxeko zuzendariaren iritziz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren proposamena hizkuntza ereduak aldatu eta ikasleak hobeto euskalduntzeko ia ezina da garatzeko bera arduradun duen eskolan. «Ikasle gehien – gehienak etorkinak dira, %90 edo. Gehienak arabiarrak eta hegoamerikarrak ditugu. Gurea bezalako ikastetxe batean zail – zaila izango da hori garatzea».
Barriosek adierazi duenez, ikasle horien ezaugarri bereziek ez dute laguntzen euskara ikasteko garaian. «Hona datozen umeek arabiera, errumaniera edo ukrainera dute ama hizkuntza. Orduan, beste hizkuntza bat sartu behar diezu, gaztelania, euskara, gero ingelesa…».
Ikasleen familiek maila ekonomiko apala dute. Haien helburua umeak eskolan sartu eta oinarrizko heziketa lortzea da, gero lanean hasteko. Jatorri jakin batzuetako umeak eskola horretan izatea logikoa da, neurri batean. Etorkin berriek beti izaten dute senide edo lagunen bat, eta horrek jadanik eskolan ditu seme – alabak. Ondorioz, etorri berriek ikastetxe berera bidaltzen dituzte umeak.
Ikastetxean arabiera lantzen dute Magrebeko umeek, eta haien kultura lantzen dute. Marokoko Gobernuak arabierazko irakaslea jarri die, Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren sostenguarekin. Astean lau ordu ematen dizkie. Bi ordu astearteetan eta beste biak ostegunetan. Arabiera euskara baino denbora gehiago ikasten dute: euskara bost modulutan banatzen da astean, bakoitza hiru ordu laurdenekoa.
Horrela ezin da euskaraz noizbait moldatzea. Euskararen ezagutza hobetzeko, baliabide gehiago beharko lituzkete. «Horrela, laguntza eta errekurtso gehiago izanez gero, euskara talde txikiagoetan landuko genuke. Oraingo taldeetan ikasle asko daude. Noski, txiki – txikitan hartzen dituzunean horiek den – dena asimilatzen dute, baina adin batetik aurrera zailagoa da».
Inma Corres
Pedro Lope de Larrea ikastola publifikatua. Agurain (Araba)
D eredua – – 326 ikasle
Jaurlaritzaren proposamenari «zehaztasun falta» egotzi dio Inma Corresek. «Hizkuntza ereduena aldatu beharko litzateke erabat, orain artekoek ez dute euskalduntzen eta, baina erreforma hau ez dakit azkenean benetan euskara indartzeko izango den». Kezka ikastetxeei emango zaien autonomiak sortu dio: «Teorian bai, asmoa euskalduntzea da, baina gero autonomia aipatzen da, baina ez dakigu bitartekorik jarriko den. Orduan A ereduko jendea nola heldu daiteke euskalduntzera? Hor hutsune asko daude».
Autonomia ondo iruditzen zaio, baina ondo zehazten bada. «Ingelesa gehiago sartzeko baina euskararen ezagutza ez bermatzeko bada… Erdara jadanik bermatuta dago. Beraz, erdara, ingelesa eta euskara jartzen badituzu eta euskarari heren bat ematen badiozu…».
Ikasleen euskara maila ebaluatzen hasteari buruz «atzerapausoak» atzeman ditu azkenaldian kaleratu diren jarreretan. «Proposamena oporretan irakurri nuen, baina Euskadiko Eskola Kontseiluak beste planteamendu bat egin zuen gero. Hamar urteko epean ezin dela euskaldundu esan zuen. Zer egin behar dugu? Beste hogei urte itxoin ez duela euskalduntzen frogatzeko?».
Eredu bakarra ezartzearen alde dago, baina oraingo D ereduan sakonduz. «Frogatuta dago A eta B ereduek ez dutela euskalduntzen. Beraz, D eredutik abiatzea eta hori indartzea da kontua. Baina ez dut uste horretarako borondaterik dagoenik. Legea aldatu beharko litzateke, eta legeak dio denok behartuta gaudela erdaraz jakitera, baina euskarari buruz ez du ezer esaten».
Jon Iartza
La Salle Berrozpe ikastetxea. Andoain (Gipuzkoa)
B eta D ereduak – – 1.000 ikasle
La Salle Berrozpe ikastetxe erlijioso kontzertatua da. Haur hezkuntza eta lehen eta bigarren hezkuntza eskaintzen ditu, batxilergoa eta lanbide heziketa. Modu arautuan 1.000 ikasle daude, eta beste 800 etengabeko heziketa eta ikastaroak egiten.
Iartzaren arabera, proposamena «nolabait irekia» da eta horrek arazo bat dakar: «Maila nola kontrolatuko den». La Salle Berrozpek D eredua du haur, lehen eta bigarren hezkuntzan. Batxilergoan, bi lerro D eredukoak dira, eta beste bat, B eredukoa. «Gu D ereduan ari gara nolabait oinarrituta. Bestalde, lanbide heziketa B ereduan egiten dugu».
Orain arteko sistemak ez duela helburua lortu uste du. «D ereduak euskaldundu egin du, baina B ereduak, erdizka. Kontuan hartu behar dugu Andoaingo ikasleria dugula, ez dela Azpeitiko ikasleria, eta guraso erdaldunen proportzio handia dugula».
«Beti dago diferentziaren bat, baina askotan ikasleen maila zein taldetan tokatzen den… horrek ere garrantzia dauka. Nik komentatuko nuke konkretuki etorkinen arazoa. Erronka handiena da, eta baliabide gehiago jarri beharko lirateke arlo horretan».
Ingelesa indartu beharra ere aipatu du. «Ingelesa maila guztietan sartzen dugu. Esan genezake lanbide heziketan, B ereduan, denborarekin eredu trilinguea ezartzea izango litzatekeela helburua».
Marije Imaz
Udarregi ikastola. Usurbil (Gipuzkoa)
D eredua – 577 ikasle
Udarregi ikastolak haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta DBH ikasteko aukera ematen du. «Nik uste dut proposamen hori gehiago zehaztu beharra dagoela, atzetik zer dagoen. Zehaztapen falta handia dago. Marko orokorra botata dago, baina horrek eskola bakoitzean eskatuko dituen inplikazioak eta moldaerak, hori ez dago oso argi, modu abstraktuan dago».
Orain arteko bidea ondo ikusten du Imazek, ikastolak helburua betetzen baitu: irakastea eta euskalduntzea. «Aldaketa horrek guri ez digu bereziki eragingo, dena euskaraz egiten dugu eta ez dugu desorekarik hiztunen artean». Autonomiak alde onak eta txarrak izan ditzake. Ikastetxe bakoitzari hizkuntza proiektua eskatuko zaio, baina hori ez da nahikoa: «Nolabaiteko lotura egin beharko litzateke ikastetxe guztien artean helburuak betetzeko. Ez dakit autonomia zer izango den, baina euskara eskas dabilen horretan eskasia hori mantentzeko edo zenbait kasutan maila jaisteko bada… Ez dakit bermatuko den euskararen normalkuntzan dauden arazoak konpontzea».
Udarregi Usurbilgo ikastetxe bakarra da. Beste leku askotan bezala, etorkinak ditu bertan: errumaniarrak, brasildarrak, portugaldarrak, ekuadortarrak, sahararrak… «Hizkuntza errefortzurako taldea dago. Jaurlaritzatik dirua heltzen da etorkinen arretarako, eta orduan irakasle bat dago haiei laguntzeko».
«Etorkinak ondo txertatu dira. Hasieran denbora behar dute, normala da, baina ez dago arazorik. Normaltasunean ikasten ari dira. Familiak ere gustura daude. Etortzen direnei esaten zaie herrian ikastetxe bakarra dagoela eta zer den esplikatzen zaie».
Wolfgang Schubert
San Alberto Magno ikastetxe alemaniarra. Donostia
Lau hizkuntzatan – 550 ikasle.
«Gaiari buruz asko hitz egin dugu», adierazi du Schubertek. «Aspaldidanik eskola alemaniarra berrikuntza horien berri izaten saiatu da». Ikastetxe pribatua da, kontzertatua. Ikastetxearen izenak kontrako pentsatzeko arrazoiak ematen baditu ere, ikasle alemaniar gutxi ditu: %90 edo gehiago hemengoak dira.
Ikasketa planean lau hizkuntza sartzen dira: alemana, espainiera, euskara eta ingelesa. Irakas – hizkuntza alemana da. «Azken urteetan euskararen presentzia handitu egin da. A eredu bat dugu, euskara indartuta. Eredu horretan euskaraz ikasgairen bat sartuko dugu datorren urtean. Beraz, sailburuaren proposamenak ez gaitu harritu».
Euskara gehiago sartzea aurreikusita zegoen lehenagotik, batez ere haur eta lehen hezkuntzan. «Hala ere, alemanak ez du lekurik galduko, hura baita gure irakas – hizkuntza. Alemanak ez ditu orduak galduko, baina euskarak gehiago izango ditu. Haurtzaindegian beti egin da alemanez, baina zazpi edo zortzi urtetik hona euskara ematen dugu, egunean ordu bat, eta hori handitu egingo da datorren ikasturtean».
Bigarren hezkuntzan badaude arlo batzuk euskaraz ematen direnak, baina hor kontuz ibili behar da, Schuberten ustez: «Ikasgai bat gaztelaniaz eman badute, gero euskarara pasatzea aldaketa gogorra izan daiteke».
(Puede haber caducado)