Erantzun bizkorreko taldeak izango ditu EBk immigraziorako

Legez kanpoko etorkinak langile gisa dituztenentzat zigor penalak proposatuko ditu Europako Batzordeak

Berria, erredakzioa, 21-04-2007

Legez kontrako immigrazioari kontra egiteko asmoz, etorkin oldeei aurre egiteko talde bereziak sortzea onartu du EB Europako Batasunak; propio erantzun azkarra emateko prestatutako taldeak izango dira. «Lehenbailehen» jarri nahi dituzte martxan. EBko herrialde guztiak daude behartuta talde horietara poliziakideak bideratzera. Frontex Mugetarako Europako Agentziak eskatzen duenean jarriko dira martxan.

Atzo, Luxenburgon bilera egin zuten EB Europako Batasuneko Justizia eta Barne ministroek, eta bertan hartu zuten erantzun bizkorreko taldeak sortzeko erabakia. Bide batez, Frontex baliabidez hornitzea onartu zuten; jada 21 hegazkin, 27 helikoptero, 116 ontzi eta 392 ekipo tekniko eskaini dituzte.

Bide batez, Justizia, Segurtasun eta Askatasunen komisario Franco Frattinik jakinarazi du, Europako Batzordeak, datorren hilean, proposamen sorta bat aurkeztuko duela EB osoan legez kanpoko etorkinak behargin gisara hartzen dituzten enpresaburuei antzeko zigorrak jartzeko. Zigor penalak proposatuko dituzte enpresaburu horientzat, eta, halaber, EBko diru – laguntzen iturria ixtea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)