Franco goraipatu duen Leitzako zinegotzia babestu du UPNk
'Nere hitze bertsotan' liburuan Urkiolak dioena jende askok pentsatzen duela dio Catalanek
Berria, , 21-04-2007Iruñea
Zalaparta piztu du Pello Urkiola UPNko zinegotzi leitzarraren Nere hitze bertsotan liburuak. Pedro Pegenaute Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikako zuzendari nagusia alboan zuela aurkeztu zuen liburua, ostegun arratsaldean, eta bertan, besteak beste, «mairuak» Espainiatik behingoz botatzea edo Franco hil zenetik benetako demokraziarik ez dagoela adierazten du. Liburu horren edukiaren aurrean, Eusko Alkartasunak publikoki barkamenak eskatzeko eskatu zion atzo UPNri. Alberto Catalan UPNko idazkari nagusiak erantzun zuen Urkiolak liburuan dioena «jende askok» pentsatzen duela.
Liburuan aipu ugari ageri dira. Batetik euskarari. Bere burua bertsolaritzat ez dauka Urkiolak, baina bertsoen bidez agertzen du euskarak ospe ona galdu duela: «Euskaldun heriogileek eman dioa zore fama onari bukaera». Nabari denez, liburua Leitzako euskaran idatzi du, eta bertso bakoitza gaztelerara itzuli du Urkiolak. Aurkezpenean arrazoitu zuen ez duela ondo ikusten euskara batua eta «ikastoletan irakasten dena».
Aurkezpenean, Pegenautek ere, nahiz eta euskararik ez jakin, aukera baliatu zuen euskara batuaren aurka egiteko: «Euskalkien defentsarekin batua eragotziko dugu, eta Nafarroa Nafarroa eta Espainia izaten segitzeko pauso handia emango dugu».
Liburuan Urkiolak aipatzen du, besteak beste, «gaizkileak» ikastolen emaitza direla, eta gaztetatik Espainiaren aurkako gorrotoa sartzen zaiela haurrei. PSOEko gobernuaren inguruan, adierazten du sozialistak gobernuan daudenetik Espainian ETA dela agintean. EAJri buruz, ETAk baino beldur handiagoa ematen diola aipatzen du. «Ibarretxek ETAn botoakin berriz seitzendo aintzen. Denak familia berekoek die, erne zer ote dabiltzen», dio liburuaren beste pasarte batean.
Nafarroari buruz, berriz, liburuan adierazten du arriskuan dagoela. Horrekin batera, beste pasarte batean dio Nafarroan gertatzen denaren aurrean ezin direla begiak itxi, eta arbasoek odolarekin defenditu zuten moduan, «Nafarroa foral eta espainiarra» ere defenditu behar dela.
Horrekin batera, Urkiolak bertsoetan idazten du Franco hil zenetik ez dela gauza onik Leitzan, eta zalantzan duela benetako demokrazia ba ote den. Horrekin batera, islamistak ere hizpide ditu, eta, hala, «mairuak» Espainiatik botatzeko eskatzen du.
«ARRAZISMO GAITZESGARRIENA». Eusko Alkartasunak gogor gaitzetsi du liburu horretan biltzen diren adierazpenetako asko, eta liburuaren edukia deitoratu beharrean Nafarroako erakundeetatik txalotu eta sare publikoan banatzeko hainbat ale erosi egingo dituztela esan izana kritikatu du.
Islamistei egindako aipuak UPNk etorkinei buruz duen jarreraren isla direla uste du. «Bitartean, ordea, Tafallan etorkinak sartu dituzte euren zerrendetan etorkinen botoa erakartzeko. Eskuin nafarrak, nahierara, konplexurik gabe, pertsonak eta horien duintasuna erabiltzen dituela islatzen du».
Aitor Etxarri EAko Leitzako zinegotziak, bestalde, «beste behin» herria «benetako astakeriak» esateko erabiltzea aurpegiratu dio Urkiolari. Etorkinena bezalako gaietan «arinkeriaz» jokatzea egozten dio, batetik. Bestetik, gogorarazten du Franco «demokraziaren ikur» moduan aurkeztu duela Urkiolak; «jaun horrek diktadura bat ezarri zuen, eta ez demokrazia».
Etxarriren ustez, liburuaren edukiak «etorkinei, gizarteari, abertzaleei, demokraziari, euskal kulturari… denari» galdu dio errespetua. «Lotsagarria da Leitzako zinegotzia izatea halako astakeriaren egilea», gaineratu du.
Ostegunean Pegenautek txalotutako liburu horren edukiaren aurrean barkamen ofiziala emateko exijitzen dio EAk UPNri, eta orain arte erakutsitako jarrera «zuzentzeko» eskatzen dio ere bai. «Ezin liteke nafar guztiak ordezkatu beharko lituzkeen gobernu batek diktadura goraipatu, etorkinak kanporatzea proposatu, euskal kulturarari errespetua galdu, eta toki orotatik antidemokrazia darion liburu bat babestu», esan zuen Etxarrik. Haren ustez, Nafarroari eta Leitzari irain egin die liburuak. «Gure herriaren eta bertan bizi diren gehienen aurkako eraso zuzena da».
UPNk ez du, ordea, barkamenik esakatzeko asmorik agertu. Alberto Catalan UPNko idazkari nagusi eta Nafarroako Gobernuko eledunaren arabera, egilea nor den kontuan hartu gabe, bertso liburu horretan agertutako ideologia «pertsona askok partekatzen dute».
(Puede haber caducado)