EBk arrazakeria eta xenofobia sustatzea delitu gisa zigortuko du

Berria, erredakzioa, 20-04-2007

Europako Batasuneko Justizia ministroak bat etorri dira arrazakeria eta xenofobia sustatzea eta holokaustoaren ukazioa delitu gisa finkatzeko eta urte bat eta hiru urteren bitarteko espetxe zigor batez zigortzeko. Alabaina, akordio hori oinarrizko hitzarmen baten emaitza izan zen, estatu batzuek ez baitzuten testu gogorrago bat begi onez ikusten «adierazpen askatasuna babestearen» aitzakian.

Luxenburgon atzo egindako goi bileran hitzartutako testua bost urte iraun duten elkarrizketen ondorioa izan zen. 2003an eta 2005ean egin ziren saioetan adostasunik ez zelarik lortu, Angela Merkel Alemaniako kantziler eta txandakako presidenteak saio berezia egin du zigor arau bateratu gutxieneko bat finkatzea lortzeko. «Eginbehar historiko berezi bat da». Testuak, baina, arrazakeria eta xenofobia «agerpen larrienak» baino ez ditu jotzen zigortu beharrezkotzat eta estatu kideei interpretazio esparru zabalak uzten dizkiete. Parlamentuek eta gobernuek berretsi beharko dituzte hainbat kasutan zigorrak.

EGOERA EZ DA ASKO ALDATUKO. «Nazio edo etnia jatorriari, erlijioari, azalaren koloreari, arrazari erreferentzia eginda giza talde bati edo giza talde bateko kide baten kontra indarkeria edota gorrotoa publikoki sustatzea» zigortuko dela finkatzen du testuak. «Agerpen larrienak» soilik zigortzeko aukera uzten diete estatuei. Oraingo egoerarekin alderatuta, aldaketarik ia ez da izango. Juduen holokaustoa ukatzeagatik ez da zigorrik ezarriko, esaterako, Erresuma Batuan edo Danimarkan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)