GaurKo FILmaK
Kritika sozial paregabea
Berria, , 19-04-2007URTZI URKIZU
Stephen Frears zinemagileak (The Queen) bere ibilbideko hasieretan gizarte britaniarraren erretratu interesgarria egin zuen honako My beautiful laundrette lan bikainean. Margaret Thatcher kontserbadorea Erresuma Batuko lehen ministroa zen garai hartan, eta Frearsek klaseen arteko ezberdintasunak maisuki jasotzen ditu (beste film batzuetan egin zuen bezalaxe). Kritika soziala lantzen maisua da Frears, eta honako hau adibide garbia da.
Hanif Kureishi idazle pakistandar-britaniarrarekin batera idatzi zuen Frearsek gidoia, satira eta giza jokaerak modu paregabean tartekatuz.
Omar gazte britaniar bat da, jatorri pakistandarra duena. Garbitegi bat gidatzen hasiko da, osabarekin eta eskolan lagun izandako batekin. Johnny da laguna, hooligan sutsua, eta jatorri britaniarra ez dituzten pertsonak etengabe mehatxatzen ditu. Baina horrek ez du galaraziko Omar eta Johnny elkarrekin lanean gustura ari daitezen eta garai bateko adiskidetasuna berreskura dezaten. Elkarrekin maitasun istorio bat hasiko dute, ingurukoen harridurarako.
Kritika soziala zenbait unetan umorearen bitartez lortzen du zuzendariak, filma oso erakargarri bilakatuz.
(Puede haber caducado)