Afrikatik Kanarietara txalupan joandako hamar adingabeko Gipuzkoara ekarri dituzte

Nerabeen «integrazio sozial eta kulturala» lortzea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren xedea orain

Berria, erredakzioa, 19-04-2007

Donostia

Gipuzkoako Foru Aldundiak Lezon duen Uralde harrera etxera heldu dira Afrikatik Kanariar uharteetara txalupan iritsitako hamar adingabeko. Esther Larrañaga Gizarte Politikarako diputatuak atzo adierazi zuenez, herenegun heldu ziren hamar nerabeak Gipuzkoara, Kanarietako bi hezitzailek lagunduta. Aurrerantzean artatuko duen taldeak egin zien harrera: zuzendariak, lau hezitzailek, gizarte langile batek, gaueko bi zerbitzarik eta etxeko zaindariak.

Hamar mutikoak oso gazteak dira, 13 eta 15 urte bitartekoak, eta afrikar nahiz asiar jatorrikoak dira: zazpi Senegalgoak dira, bat Malikoa, beste bat Boli Kostakoa, eta azkena Indiakoa. Guztiak txalupan heldu ziren Kanariar uhartera Afrikatik.

Larrañagak aitortu zuen mutikoak aurretik uste baino gazteagoak direla. Izan ere, aurreko asteotan Espainiako Lan Ministerioarekin eta Kanariar Uharteko Gobernuko ordezkariekin izandako harremanetan ez diete horren berri eman.

EUSKARAZKO ESKOLAK. Larrañaga diputatuak esan zuenez, Foru Aldundiaren helburua da nerabeen integrazio «kultural eta soziala» lehenbailehen lortzea. Horretarako, Diputazioa harremanetan jarri da dagoeneko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzarekin, datorren ikasturtean eskolara joaten has daitezen, dela irakaskuntza ertainean edota lanbide heziketako ikastetxeren batean.

Ikasturtea hasten den bitartean, ordea, euskarazko eta gaztelaniazko eskolak jasoko dituzte nerabeek, bai integrazioa eta baita eskolatze prozesua errazteko.

Bitartean, udan aisialdi jardunaldi batzuetan parte hartzeko aukera izango dutela esan zuten Foru Aldundiko ordezkariek, besteak beste, udalekuetan. Modu horretan, haien adineko beste ume batzuekin harremanak eduki ahal izango dituzte. Udan ez ezik, ikasturtean zehar antolatuko diren kirol eta kultur jardueretan ere parte hartuko dutela esan zuen Larrañagak.

Foru diputatuak adierazi zuen guztiei egin dizkietela osasun probak eta adina berrestekoak Kanarietan. Baina Gipuzkoan daudelarik, osasun probak berriz egingo dizkiete, Espainiako Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioak eskainitako txostena osatugabe dagoelako, Foru Aldundiaren iritziz.

Foru Aldundiak Uralde baserria erosi zuen Lezon 616.000 eurotan nerabe horiek jaso ahal izateko, Kanarietako agintariek egin zuten laguntza deiaren ondorioz. Izan ere, uhartera ehunka gazte heldu ziren txalupetan iaz, eta uharteko administrazioak ez zuen behar adina bitarteko denak artatzeko. Baserriak 154 metro koadro ditu, eta 1.153,4 metroko lur saila etxearen inguruan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)