Bozkatzeko eskubidea eskatu dute EBtik kanpoko etorkinek

SOS Arrazakeriak eta Asoleusek salatu dute milaka etorkin hautesleen erroldatik kanpo daudela

Berria, beñat egues, 17-04-2007

Donostia

Hainbat etorkinek, SOS Arrazakeriak eta Asoleus elkarteak agiri bat aurkeztu zuten atzo Donostiako Udalean, Europako Batasunetik kanpoko etorkinen bozkatzeko eskubidea urratu egiten dela salatzeko. Salatu zuten EBtik hautesleen erroldatik kanpo utzi dituztela kanpoko milaka etorkin, Euskal Herrian lan egiteko eta bizitzeko baimena izanik ere.

SOS Arrazakeriako kide Silvana Lucianiren esanetan, EBz kanpoko etorkinek Hego Euskal Herrian bozkatzeko eskubidea izan dezaten, Espainiako Konstituzioko 13.2. artikulua aldatu beharko litzateke. «Momentu honetan, artikulu horrek galarazi egiten du Europako Batasuneko herrialdeetakoak ez diren etorkinen bozkatzeko eskubidea». Atzoko protestarekin, Espainiako Gobernuaren eta herritarren arreta erakarri nahi dute. «Ekintza hauek sinbolikoak dira, eta gai honen inguruko iritzi publikoa sortzea da gure helburua». Lucianiren arabera, Espainiako eta Euskal Herriko gizartearen gehiengoa EBtik kanpoko etorkinek ere botoa eman ahal izatearen alde daude.

Atzoko protestaz gain, beste hainbat ekimen ere egin dituztela adierazi zuen, eta horiek guztiak Hemen Bizi Gara, Hemen Bozkatzen Dugu. Hiritartasuna Denontzat izeneko kanpainaren parte direla esan zuen. «Estatu mailan hainbat hautagaitza aurkeztu izan dira, eta gureak bezalako aldarrikapenak ere antolatu izan dira, baina guztiak ekintza sinbolikoak dira».

Irlandan eta Belgikan etorkinek botoa emateko bideak daudela adierazi zuen Euskal Herriko Latinoamerikarren Elkarteko (Asoleus) kide Osvaldo Ivarrek. Irlandako eta Belgikako ereduak hor izanik, etorkinen bozkatzeko eskubidearen aldeko neurriak hartzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari. «Eskubide horrekin bizi garen lekuan egokiena iruditzen zaiguna aukeratzeko gaitasuna izan nahi dugu». Gainontzeko herritarrek bezala, zergak ordaintzen dituztela adierazi zuen, eta hortaz, gizarteko zati aktibo direla esan zuen. Hala ere, gainontzeko herritarrek dituzten eskubide guztiak eurei bermatzen ez zaizkiela salatu zuen. «Herritarrak garen aldetik besteei bezala dagokigun bidezko eskubide bat eskatzeko gaude hemen».

Gaur egun Hego Euskal Herrian 140.000 etorkin daude, SOS Arrazakeriaren arabera, eta horietatik 105.000 pertsona inguruk dute Hego Euskal Herrian bizitzeko baimena. Horietatik, 77.500 inguru Europako Batasunetik kanpoko etorkinak dira, eta ez dute bozkatzeko eskubiderik. Dena den, kopuru hori ez dela erabat zehatza adierazi zuen SOS Arrazakeriak.

NAFARROA. Aldarrikapen bera egin zuten apirilaren 12an Nafarroan, eta EBtik kanpoko etorkinen bozkatzeko eskubidea urraturik dagoela esan zuten Nafarroako Etorkinen Elkarteen Federazioak (FAIN) eta Paperak eta Eskubideak Danontzat Plataformak. Etorkinen eskubideen aldeko elkarteen arabera, Nafarroako herritarren %7 eta Iruñeko %9 inguruk ezin izango du hauteskundeetan botorik eman, eta hori oinarrizko eskubideen urraketa bat dela uste dute. Beren iritziz, horrelako egoerek agerian uzten dute eskubide guztiak bermaturik dituztenen eta ez dituztenen arteko zatiketa. Egoera «oso larria» dela iritzi diote, eta beren aburuz, gai horretan hutsune bat dauka demokraziak. Hori salatzeko, hain zuzen, etorkinen eskubideen aldeko elkarteek mozio bat aurkeztuko dute ostegunean Iruñeko Udalean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)