Australiako lehen ministroak ateak itxi nahi dizkie GIBa duten etorkinei
Berria, , 14-04-2007Australiako lehen ministro John Howardek adierazi du bere ustez ateak itxi behar zaizkiela GIBa duten etorkin eta errefuxiatuei. «Zenbait kasutan arrazoi humanitarioak egin daitezke onartzeko, baina oro har ez litzaieke utzi behar sartzen». Egungo legeriak ez du horrelako debekurik onartzen, baina aldaketak egiteko gogoa erakutsi du Howardek. Hain justu, Osasun Ministerioarekin batera zenbait bide lantzen ari direla adierazi du.
Egun, tuberkulosia duten erientzat debekua ezarrita dute Australian. Nolanahi ere, hiesa duten gaixoei laguntzen ari zaizkien elkarteetako ordezkariek adierazi dute ondo bereizi behar direla bi eritasunak. Tuberkulosia erraz kutsatzen den gaitza da, eta kontrolerako neurriak hartzea ulergarria da. GIB birusa, ordea, egoera askoz ere zehatzagoetan kutsatzen da, errazagoa da hori saihestea, eta eriak baztertzen hastea zentzugabea da. GIB birusa nabarmen ari da gora Australian; 2000tik 2005era %41 ugaritu ziren kasuak.
(Puede haber caducado)