Immigrazioa, hauteskunde auzi
Berria, 13-04-2007Leihatila
cristina berlanga
Gure bizikidetza moduak auzitan jartzen dituzten arazo guztiekin gertatzen den bezala, immigrazioa ere hauteskundeetako lehen mailako gai bilakatu da. Orain arte hala izan da, jaurtigai gisa erabili izan baitute alderdi politikoek, segurtasuna irizpidetzat baliaturik. Horrela erakusten dute, behintzat, gizarte honetako beldur eta fobiak neurtzeko balio duten soziologia inkestek. Beraz, proposaturiko politikak zenbat eta murriztailegoak izan komunitatez kanpoko pertsonen etorrerarekin, eta haiei zenbat eta eskubide gutxiago aitortu, orduan eta ziurrago onartuko dituzte hautesleek. Halere, azken urteotan, politikariek apur bat aldatu dute immigrazioarekiko ikuspegia. Auzi horretan, argi eta garbi, ez dute milimetro batean ere amore emateko asmorik aurrerantzean ere, ez mugen itxierari ez atzerritarren lege gogorra samurtzeari dagokienez; esate baterako, hilaren batetik aurrera, bisa exijitzen diete Europako Batasunean sartu nahi duten boliviar guztiei. Jakinekoa da, bestalde, hemen jaioak ez diren pertsona askok ere eskubide politikoak – besteak beste, bozka eskubidea – izango dituztela, behin eskakizun jakin batzuk beterik edo dagokien herritartasuna erdietsirik – halakorik aitortzen dieten Europako estatuetan – .
Orain ez dira hainbeste, baina alderdi politikoek kalkulatu dute dagoeneko handia dela balizko boto – emaileen ehunekoa, eta haiei mezuak bidaltzen hasiak dira, foru eta udal hauteskundeak gerturatu ahala.
Azken hilabeteotan asko hitz egiten ari da bozka eskubideari lotetsitako herritartasunaz, eta hauteskunde kirats nabarmena duten hainbat ekimen aurkezten ari dira. Bozkarena oinarrizko eskubidea da edonori bermatu ahal izateko bere hiri, herri edo auzoko bizitza politikoan esku hartzeko aukera. Alabaina, herritartasuna ez da bermatzen soilik bozka eskubidea aitortuz. Aitzitik, herritartasuna benetakoa izango da – ez hitzontzikeria hutsala, inolako edukirik gabea – , baldin eta pertsona guztiei bermatzen badiegu eskubide zein baliabide publiko guztiez gozatzeko aukera berdintasuna. Hala eta guztiz ere, etorkinen herritartasunaz ari garelarik, badirudi zenbait testuingurutan ez garela ari berdintasun hori bermatzeko konpromisoa hartzeari buruz, baizik eta alderdien politika erabiltzeaz. Horren adierazgarri, programa oso gutxi dira etorkinei gutxienez eskubiderik oinarrizkoenak bermatuko dizkien neurriak jasotzen dituztenak. Eta ez da auzirik txikiena, edo soilik laguntza alorrekoa, oinarrizko eskubideak – – osasuna, etxebizitza edo hezkuntza – – hizpide izatea, horiexek baitira justizia eta berdintasuna oinarritzat dituen gizarte bat lortzeko zutabeak; nahiz eta GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeei dagozkien auzitzat jotzen diren, politikan dihardutenek eginkizun goi mailakoagoak izango balituzte bezala. Ikusten ari garenez, ordea, hauteskundeetan zenbait pertsonari eta talderi egiten zaizkien keinuak ez dute zerikusirik horrekin, baizik eta immigrazioaren presentzia – gaur egun hain boladakoa dena eta aniztasun berniz hori ematen diona – – – ziurtatzearekin.
(Puede haber caducado)