Pilotari urdinak eta berdeak

Ijitoen Nazioarteko Eguna ospatzeko asmoz, Kale Dor Kayiko elkarteak antolatuta, ijitoen arteko III. Pilota Txapelketa egin zuten atzo Ortuellan.

Berria, Asier Alkorta Ortuella , 12-04-2007

Asier Alkorta

Ortuella

Ijitoen Nazioarteko Eguna ospatu zuten joan den igandean munduko hainbat lekutan. Hala, hainbat ekintza antolatu zituzten mundu osoan. Esaterako, atzo, Ortuellan (Bizkaia), Kale Dor Kayiko ijitoen kultura elkarteak antolatuta, Eskuz Binakako III. Pilota Txapelketa egin zuten. Ortuellako frontoia ijitoen banderak dituen kolore urdin eta berdez jantzi eta txapelketa hasi zen.

Duela urte asko, 1989an hain justu, sortu zen Kale Dor Kayiko ijitoen kultur elkartea. Ordutik hona, ijitoak euskal gizartean integratzeko asmoz, lan mardula egin dute. Ekintzak, tailerrak eta bestelako ekimenak prestatzen jardun dute elkarteko kideek urte hautean guztietan. Orain, egiten duten lana lau haizeetara zabaltzeko asmoz, ekimenek gero eta oihartzun handiago izatea lortu dute, eta apurka-apurka euskal gizartea taldea hor dagoela jabetuz doala esan zuten elkartekoek.

Atz, Euskal Herrian barna bizi diren ijitoak euskal gizartearen parte direla eta euskal kultura sustatzen dutela adierazi nahi izan zuen Kale Dor Kayiko elkarteak. Horretarako, Eskuz Binakako III. Pilota Txapelketa egin zuten Ortuellako udal frontoian. Zazpi bikote aurkeztu ziren txapelketan parte hartzeko asmoz, eta frontoia pilotazalez beteta zegoela hasi zuten txapelketa antolatzaileek. Parte-hartzaileek, Kale Dor Kayiko elkarteak egun horretarako atera zituen kamisetak jantzi eta frontoiaren erdira abiatu ziren.

Antonio Torres ijitoa izan zen txapelketan parte hartu zutenetako bat. Euskaldun pilotazaletzat aurkeztu zuen bere burua. «Marjinazioari aurre egin nahian, euskal kultura dastatzen hasi ginen, eta azkenean kultura horren parte bilakatu gara. Oro har, ijitoen inguruan aurreiritzi asko dagoen arren, Euskal Herrian oso ondo gizarteratu gara».

Atzoko txapelketa hirugarrena zen. Barakaldon egin zen lehena, duela hiru urte; gero, iaz Ortuellan egin zuten, eta arrakasta handia izan zuenez, aurten ere berriro Bizkaiko herri horretara jo du ijitoen elkarteak.

Oscar Vizarraga elkarteko kidea da, eta elkarteak egiten duen jarduna laster baten azaldu zuen. «Euskal Herrian bizi diren ijitoak euskal gizartearen parte dira, eta horregatik dira pilotazaleak. Ijitoek ez dute aberri fisikorik, baina bizi diren ingurura moldatzen dira, eta horren parte bilakatzen dira urteen poderioz. Euskal Herrian oso ondo integratzen dira, eta honelako ekintzek asko laguntzen dute gizarteratze lanean». Baina Ijitoen Nazioarteko Eguna ospatzeaz gain, elkarteak urte osoan lan egiten duela esan zuen Vizarragak. «Urte osoan egiten ditugu ekimenak: tailerrak, ikastaroak, bideo emanaldiak eta kirol arloko ekimenak, besteak beste». Ortuellan ez ezik, inguruko herrietan ere lan egiten dutela azaldu zuen Vizarragak.

AURPEGI EZAGUNAK LAGUNTZEN. Txapelketan parte hartu zuten guztiek saria izan zuten. Batzuek dominak eta beste batzuek trofeoak. Baina sari banaketak kutsu berezia izan zuen. Izan ere, pilotari ezezagunen artean, Patxi Ruiz pilotari ospetsua zegoen. Sustraietatik tiratuz, ijitoen familia egiten da Ruiz eta, horregatik, ilusioz joan zen txapelketara.

Domina, trofeo eta kamiseta artean, sari bereziren bat ere izan zuten irabazleek. Hala, bada, pilotari ospetsuak ijitoen elkarteari opari gisa eman zizkion bi kamiseta eraman zituzten txapelketako irabazleek.

Ezeren gainetik, baina, giro paregabea zegoen. Frontoia ia osorik beteta, eta txalo zaparradak behin eta berriz. Ijitoak ez ezik, herriko beste bizilagun asko bildu ziren txapelketako giroan murgiltzeko asmoz.

Iluntze aldera bukatu zen jaia, baina ijitoen presentziaren froga modura, frontoian apaingarri zeuden bandera urdin eta berdeak hantxe geratu ziren frontoiko argiak itzali zirenean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)