XOLE MARILUZ ETA AMAIA ELIZAGARATE . Soziologoak
Demografiaren bilakaerak aldaketa sakonak eragin ditu, bereziki Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan; eta ekonomia, kultura eta gizarte mailan desorekak indartu ditu
Berria, , 11-04-2007Baiona
Xole Mariluz Gaindegiko Ipar Euskal Herriko gaietarako arduradunak eta Amaia Elizagarate Sagastibeltza Aztikerreko zuzendari exekutiboak demografiaren bilakaera aztertu dute. Frantziako Insee erakundeak egindako inkestetatik abiatuz, Euskal Herriko bilakaerarekin erkatu dute Iparraldeko bilakaera, eta ekonomian edota kultura mailan utzi dituen ondorioak aztertu dituzte.
Inseeren emaitzetan Zuberoak, Lapurdik eta Nafarroa Behereak berezko biztanleria galtzen dute. Zergatik?
AMAIA ELIZAGARATE:Euskal Herriko jaiotza tasarik apalena Zuberoarena da, 1.000 biztanleko 8,8 haur; aldi berean ugalkortasun indize sintetikoa ateratzen bada, hau da, haurrak egiteko adinean dauden emakumeen ugalkortasun kopurua, jaiotzekin konparatuta, Nafarroa Behereak eta bigarrenik Zuberoak dituzte tasarik handienak. Haurrak edukitzeko adinean diren mila emakumetik 53 haur sortzen dira Nafarroa Beherean eta 45 Zuberoan. Baina biztanleria zahartuta dagoenez, emakume gutxiago daude haurrak egiteko adinean. Migrazio datuak sekretu estatistikoak dira. Inseek ez ditu publikoak egiten datuak. Inkesta osoa ezagutu arte, 2008 – 2009an, ezin da jakin bilakaera zehatza.
Joera demografikoak ezagutzen dira baina datuak ez?
A. E.: Errolda osatzen ari dira eta datu batzuk 2004koak dira, beste batzuk 2006koak eta batzuk falta dira. Ofizialki eman dituzten datuetan oinarrituz, ikus genezake herrialde guztiek areagotu dutela biztanleria, Zuberoak izan ezik.
Zerk eragiten du hazkuntza demografikoa?
A. E.: Biztanle gehien hartu duen herrialdea Nafarroa Garaia da, Europako Batasunaz kanpotik datozen etorkinei esker. 1999tik, urtero biztanleria %1,7 handitu da. Bigarren hazkuntzarik handiena Lapurdik dauka – – 2.000 biztanle gehiago urtero – – , eta migrazio saldoa da hazkuntza horren arrazoi nagusia. Migrazio daturik ez dagoenez, jaiotakoak, hildakoak eta berezko hazkundea erabili ditugu kalkuluetarako.
Jaiotza tasak gora egin du, baina ez du lortu adinaren piramidea osatzea. Zer esan nahi du horrek?
A. E.: 2005ean jaiotza tasa kalkulatu dugu herrialdez herrialde. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaiak dute handiena. Emazteko, haur gehiago egiten da Lapurdin eta Nafarroa Garaian. Jaiotza tasa apalena Zuberoak dauka. Baina horren arrazoia da Zuberoako biztanleria oso zahartuta dagoela. 60 urtetik gora ko 174 pertsona daude 100 gazteko. Europarekin konparatuta, Euskal Herriak du zahartze indizerik handiena. 60 urtetik gorako 130 pertsona daude 100 gazteko. Europako Batasuneko batez bestekoa ez da 100era iristen. Frantziak 81 zahar ditu 100 gazteko. 145 Nafarroa Behereak.
Zein da ugalkortasunaren eragina ?
A. E.: Haurrak egiteko adinean dauden emakumeak zenbatzen ditugu, 15 eta 49 urte bitartekoak. Milaren gainean Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Lapurdik dute Euskal Herrian ugalkortasun indize sintetikorik handiena. Nafarroa Garaia hurbil dago. Haurrak dituzten familietan ere haur gehiago daude, hots, seme – alaba gehiago dituzte (24 urte bitartekoak). Nafarroa Behereko familien %20etan hiru seme – alaba baino gehiago dauzkate, Zuberoako %15etan eta Lapurdiko %14,9. Nafarroa Garaian %10era apaltzen da eta Bizkaian %6ra. Zuberoan, migrazio saldoak, oso negatiboa izatetik zuzentzera egin du.
Kanpotik etorritako jendeak eragiten du Zuberoak biztanleria atxikitzea?
A. E.: Inseekoek diote azken erroldaz geroztik Zuberoak 600 biztanle galdu dituela, baina publikoki ematen dituzten kopuruetan ez da hori ikusten oraindik.
Zein dira biztanleriaren bilakaeraren ondorioak?
XOLE MARILUZ:Desorekatzea azkartzen ari da Ipar Euskal Herrian. Lapurdi kostaldea gehiago betetzen ari da. Nafarroa Beherean mendi aldea hustu eta Garazi – Baiona errepide nagusiaren inguruan kokatzen ari da. Arrahiritartze prozesua deitzen diote.
Ekonomia, kultura zein gizarte arloan, ondorio nabarmenak ditu, ezta?
X. M.: Adineko jendearen artean ere bereizketa egin behar da, ahalmen ekonomiko handia dutenak (55 – 70 urte) eta bertzeak. Enplegu eta aktibotasunari dagokionez, aktibo gutxiago dago lurralde batzuetan. Arazoak eragiten ditu jarduera ekonomikoen transmisioan. Hezkuntza, osasungintza edo bertze hainbat alorretan eskulan eskasia dago. «Papi – boom» fenomenoa ere gertatu da.
Zein da belaunaldi horren soslaia?
X. M.: Erretretadun berriak dira, errenta handikoak. Ez dute langabezia ezagutu, eta bai enpresako promozioa. Aski formatuak dira. Aldaketa kultural handia eragiten du, ordezkatze prozesu bat abiatzen da .Arrakasta ukan dute bizian eta kontuan dute hori. Parte – hartze handia dute bai sozialki, bai politikoki. Ekonomia berria sortzen dute, erresidentziala.
Etorkin mota ezberdinek eragin ezberdina dute beraz?
X. M.: Nafarroa Garaian eta Araban, adibidez, etorkinak Europako Batasunaz kanpoko jendeak dira, ekarpena egitera datozenak. Parte – hartze txikia dute erabakietan. Ahalmen ekonomiko handia dutenek bertze ondorio batzuk eragiten dituzte etxegintza alorrean adibidez. Jarduera berriak sortzen dira, hala nola aisialdian. 75 urtez gorakoek dependentzia handia dute eta zerbitzuak behar dituzte, zahar etxeak adibidez.
Etxegintza arloko tentsioak hein batean horren ondorioa dira?
X. M.: Erosmen ahal handia daukate. Ez dute xahutze handirik eginen, baina etxebizitza duina erosiko dute. Bizitza aktiboaren hastapenean dauden gazteen aitzinetik pasatzen dira. Enplegu xumea duen pertsonak edo gazte batek ezin da ekonomikoki haiekin lehiatu. Dirudunek etxaldeak eta etxe handiak erosten dituzte.
Ekonomiaen eta bizi motaren arteko desoreka sortzen da?
X. M.: Ez dute industriarik nahi aldamenean, ez dute usain txarrik nahi. Azken urteak ongi iragan nahi dituzte, eta eragin nabarmena daukate hauteskundeetan. Haiei egokitutako politikak jartzen dira indarrean, Donibane Lohizuneko kasuan adibidez. Zahartzearekin batera, belaunaldi horrek bertze funtzio bat betetzen du; izan ere, sekulako laguntza ematen diete haur eta bilobei. Desoreka handienak ez dira ematen soldatan, ondarean baizik.
Nolako eragina du demografiaren bilakaerak kulturan?
X. M.: 30 ospetsuko belaunaldia deritzona Errepublika ereduaren isla da. Frantses baloreak dituzte, bizian arrakastaren bidea ireki dielako. Kanpoko jendearen etorrera etengabea denez, kulturaren ordezkatzea areagotuz doa.
Lurraldeko desoreka sortzen da?
X. M.: Kohesio soziala arriskuan dago. Botere publikoek ez dute deus egiten euskal kultura bermatzeko. Ordezkatze prozesu naturalaren zain daude. Egoerak gaurko ildotik segitzen badu, haustura arriskuak biderkatuko dira. Merkatua librea bada, biztanleria emendatuko da, baina ordezkatuz. Gazteak ezin dira kostaldean bizi, joan behar dira herritik. Egunero autoa hartu behar dute eta xahutze gehiago dituzte. Anitzek soldataren %30 autoan xahutzen dute. Eta zerbitzu publikorik ez dago. Eraberritze ikaragarria gertatzen da. Ipar Euskal Herrian ez dago instituziorik demografiaren oreka bermatzeko. Bilakaera kudeatu behar da eta koherentzia bilatu.
(Puede haber caducado)