Paperik gabeko etorkin batek langabezia saria kobratuko du
Langileak beharrezko baimenak izatea nagusiaren ardura zela ebatzi du EAEko Auzitegi Gorenak
Berria, , 06-04-2007Donostia
Bat baino gehiago aho zabalik utzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hartu berri duen erabakiak: Bizkaiko enpresa bat paperik gabeko etorkin bati langabezia saria ordaintzera behartu du. Etorkinak urte eta erdiz baino gehiago lan egin zuen enpresa horrentzat, kontraturik gabe.
EAEko Auzitegi Gorenaren arabera, enpresaburuaren betebeharra da etorkin batek beretzat lan egin ahal izateko beharrezko baimenak eskatu eta lortzea. Eta esan du langilea ez dela geldituko dagokion langabezia saririk gabe, ugazabak legeak dioena bete ez duelako.
Epaiak zehazten duenez, langile boliviarra 2004ko martxoaren 10ean hasi zen enpresan beharrean, lan eta bizileku baimenik gabe. Egunean 32,54 euro kobratzen zituen, eta 2005eko abuztuaren 3an, hitzez kaleratu zuen nagusiak. Kaleratzea, baina, «baliogabetzat» jo zuen EAEko Auzitegi Nagusiak 2005eko azaroan bertan.
Orduan, beharginak langabezia saria galdegin zuen, baina INEMek ukatu egin zion, lan eta bizileku baimenik ez zuelako. Bilboko Auzitegiak erabakia berretsi egin zuen, gainera, 2006ko abuztuaren 16an.
Orduko ebazpen judizialak zioenez, «langileak, espainiar naziotasunik ez izanik, baimenik gabe jardun zuen lanean. Eta enpresak ez zuen beharginaren lan prestazioagatik kotizatu». Hortaz, Bilboko Auzitegiaren ustetan, langileak ez zituen bete Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak zehazten dituen betekizunak. Hori alde batera utzi eta beharginari dagokion langabezia saria ordainduz gero, beraz, «egoera berean dauden gainerako langileak larri diskriminatuak» izango liratekeela argitu zuen Bilboko Auzitegiak ebazpen judizialean.
IRIZPIDEAK ALDATU EGIN DIRA. Beharginak epaia errekurritu eta helegitea jarri zuen, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du. Onartu, baita etorkinari langabezia saria jasotzeko eskubidea aitortu ere. Hark kaleratutako ebazpen judizialaren arabera, «legezko ordenamendu juridikoaren barnean zerbitzuak eskaintzeko, ezinbestekoa da etorkinak administrazioaren lan baimena izatea». Aipatutako baimena indarrean dagoen bitartean, gainera, etorkinak lurralde horretan bizitzeko eskubidea du.
Oraintsu arte, horrelako kasuak Bilboko Auzitegiak hartutako erabakiarekin amaitzen ei ziren. Baina, EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, «irizpideak aldatu egin dira Espainiako Auzitegi Gorenak kaleratutako zenbait epairen ondorioz». Hala, «orain enpresaburuari dagokio beretzat lan egin behar duen etorkinarentzat baimenak eskatzea».
Hori dela eta, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak langileari dagokion langabezia saria ordaintzeko agindu dio enpresari.
(Puede haber caducado)