Ez naiz arrazista
Berria, , 30-03-2007Ni ez naiz arrazista, baina ezin dut ijitoekin. Txikia nintzenean gozokiak kentzen zizkidaten, bizikleta lapurtu ere bai, eta, gainera, beldurra ematen zidaten; zergatik pasa behar nuen beldurra!
Ni ez naiz arrazista, baina ezin dut gizon marokoarrekin. Matxistak dira guztiak, eta nola tratatzen dituzten haien emakumeak! Ezer esaten ez duten emakumeak dira gainera, eta orain Europan emakumeek lortutako eskubideak txikituko dizkigute.
Hori hegoamerikarrek ere bai; ni ez naiz arrazista, baina beti isilik begiratzen duten ekuadortarrek molestatu egiten didate. Gainera, gero hor hasten dira gure gizartea kritikatuz, ez omen dituzte behar beste eskubide! Beraien herrian gutxiago izango zituzten! Gainera, zer nahi dute, gure zergekin eratutako ongizate estatua beraientzat izatea?
Ni ez naiz arrazista, baina ekialdeko jendeak beldurra ematen dit. Horiek guztiak soldadu ibilitakoak dira, ez dute eskrupulurik. Gainera, segituan egiten dute bat poliziarekin, eta arriskutsuak dira edozein disidentziatarako. Saldu egiten dute beren burua, trapitxero marroiak bezala.
Ni ez naiz arrazista, baina fobia garatzen ari naiz arrazista ez den jende guzti horrekiko, diren lekukoak izanik.
(Puede haber caducado)