Adingabeak eta gizarte hezitzaileak
Berria, , 27-03-2007CCOO Irakaskuntzako interbentzio
sozialeko arduradunak
Gipuzkoan gure gizarte zerbitzuen kalitatea goraipatzeko joera dago, bereziki Foru Aldundia eta Kutxa moduko erakundeetan. Historiari begirata, jarrera horrek badu bere funtsa; izan ere, erakunde eta pertsona asko izan dira, urteetan, gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan zeuden pertsonei eta kolektiboei laguntza eskaintzen lan egin dutenak.
Baina historian benefizentzia izan dena, Elizari oso lotua egon dena eta bere eginkizuna bete duena, XXI. mendeko Gipuzkoa modernizatu eta aberatsean gizarte zerbitzu moderno eta profesionalizatua bilakatu behar izan du. Eta ikuspuntu horretatik, Gipuzkoako gizarte zerbitzuek, adingabekoen arreta zerbitzuek behintzat, une honetan ezer gutxi daukate goraipatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean dauden adingabekoei eskaintzen zaien zerbitzua gizarte hezitzaileen gain geratzen da gehienetan. Gaur egun, Foru Aldundiaren babespean dauden adingabekoak bi multzotan bana daitezke: bertan jaiotakoak eta atzerritik etorritakoak.
Bertan jaiotakoei dagokienez, arrazoi ezberdinek eragiten dute adingabeko horien tutoretza Foru Aldundiaren esku geratzea. Oso txikiak badira, ahalegina egiten da harrera familia bat aurkitzeko. Harrera familia aurkitzeko berandu bada, egoitza etxebizitza batean kokatzen dira adingabekoak. Etxebizitza horiek Foru Aldundiaren ardurapean daude, Gizarte Politikarako Departamentuaren esku, hain zuzen ere. Foru Aldundiak, hitzarmen baten bidez, adingabekoekin lan egiten duen elkarte edo enpresa bati eskaintzen dio pisu horien kudeaketa. Elkarte horrek, era berean, behar diren gizarte hezitzaileak eta gainerako pertsonala kontratatzen ditu. Eta pertsona horiexek dira umeekin egunero jarduten dutenak, zazpi egun astean eta hogeita lau orduz.
Atzerritik Gipuzkoara datozen adingabeko etorkinak Foru Aldundiaren babespean gelditzen dira, kasu horretan Giza Eskubideetarako Departamenduaren babespean. Ibilbidea Premiazko Harrera Zentroan hasten da, eta ustez denbora tarte laburra igaro ondoren, gizarte hezitzaileek eta Foru Aldundiko teknikariak haien egoera baloratzen dute, eta hala badagokio egoitza etxebizitza batera pasatzen dira. Errealitatea da, ordea, ume gehiago daudela egoitza etxebizitzak baino, eta ondorioz, ume horien zaintza hainbat kasutan hoteletan eta pentsiotan egiten dela. Atzerritik datozen ume etorkinekin pentsio edo hoteletan lan egitea oso zaila da, eta pedagogiaren ikuspegitik bidegabekeria. Ezinezkoa izaten da elkarbizitzarako bideak, eguneroko bizimoduaren ingurukoak, osasunerakoak, janariarekikoak, inguruko integraziorakoak… irakastea.
Gizarte hezitzaileen kolektiboko profesionalok egunero lan egiten dugu adingabeko horiekin, bertakoak izan edo etorkinak izan. Gure lanak bokaziozko osagai ugari ditu, baina gure lan baldintzak penagarriak dira. Gure lana, beste lanbide batekin alderatzekotan, maisu – maistren lanarekin pareka daiteke, gure kasuan ardura eta arrisku gehiago erantsita. Baina hezkuntza pribatuko maisu – maistrek – kontuan izan publikoan gehiago irabazten dutela – 2005eko hitzarmenaren arabera, urteko 26.636 euro gordin irabazten duten bitartean, gizarte hezitzaileek, Bizkaiko Interbentzio Sozialeko hitzarmenaren arabera – dagoen hitzarmen bakarra da – 17.500 euro gordin irabazten du urtean. Ikus daitekeenez, aldea – 9.000 euro – eskandaluzkoa da. Eta zer esanik ez gainerako lan baldintzez: lan egutegia, oporrak, lan arriskuak eta abar.
Baina ez dugu nahi gure idatzi hau, gizarte hezitzaileen lan baldintza penagarrien alegatu hutsa izatea. Gipuzkoako gizarteari jakinarazi nahi diogu gure lan baldintza penagarriek eragin zuzena dutela adingabekoen zaintzaren kalitate txarrarekin. Eta horixe iruditzen zaigu benetako arazo larria plazaratu nahi duguna. Adingabeko horiek zerbait behar badute beren inguruko egonkortasuna da; zoritxarrez, ordea, askotan hezitzaileek alde egin eta berriak etortzen dira, lan baldintza txarren ondorioz.
Ez da dena txarra sektorean, badaude premiazko harrera etxebizitzak, egoitza etxebizitzak edo emantzipaziokoak, benetan oso ondo dabiltzanak. Baina azkeneko horien kasuan ere 30 pertsona daude plaza baten zain.
Bestalde, prentsaren interesa adingabekoen zaintzan eskandalu bat sortzen denean bakarrik piztea ez dugu begi onez ikusten, are gutxiago alderdi morbosoenak azpimarratzen direnean. Gizarte hezitzaileak gara, eta prest gaude Gipuzkoako adingabekoen zaintzaren kalitatea hobetzeko konpromisoa hartzera. Baina guztiz beharrezkoa iruditzen zaigu sektorea egonkor egiteko aurrerapauso garrantzitsua ematea, lan baldintzak hobetze aldera. Horregatik ari gara lanean CCOO Irakaskuntza sindikatuarekin, sindikatu hori burutzen ari delako Gipuzkoako Gizarte Esku – hartzeko sektorearen lehen hitzarmenaren prozesua. Hitzarmen horren sinadura oso positiboa izango da interbentzio sozialaren alor osoarentzat.
Orain dela gutxi arte, askotan goraipatzen zen Gipuzkoa bere gizarte zerbitzuen kalitatea zela eta. Etorkinen presioak eta arazoei aurrea hartzen ez jakiteak zerbitzu horien kalitatea kolokan jartzea ekarri du. Gipuzkoak badauka potentziala eta giza kalitate nahikoa berriro ere gizarte zerbitzuetan abangoardiara iristeko. Gizarte hezitzaileak horretarako prest gaude, baina Gipuzkoako gizarteak prest egon beharko du baliabide gehiago eskaini eta sektorean profesionalizatze duina eskuratzeko. Horrela izango ahal da.
Artikulu hau Unai Celestinok, Raul Laniellak eta beste 86 gizarte hezitzailek ere izenpetu dute.
Orain dela gutxi arte, askotan goraipatzen zen Gipuzkoa bere gizarte zerbitzuen kalitatea zela eta. Etorkinen presioak eta arazoei aurrea hartzen ez jakiteak zerbitzu horien kalitatea kolokan jartzea ekarri du.
(Puede haber caducado)