Telebistan soilik gatazkan ageri dira gutxiengoak

Aldaketa bakarra publizitatean izan dela dio SOS Arrazakeriaren eta XenoMediaren ikerketak

El País, , 22-03-2007

URTZI URKIZU

Donostia

Etorkinek eta gutxiengoek ez dute ahotsik komunikabideetan, eta telebistan agertzen direnean, delinkuentziari edo sarrera kontrolari lotuak daude. Mugak, Sos Arrazakeria eta XenoMediak egindako Kultura aniztasuna telebistan ikertetatik ateratako ondorioetako bat da. Eusko Jaurlaritzaren Immigrazio zuzendaritzaren sustenguarekin, Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseilua eta Bartzelonako Unibertsitatearen laguntzarekin egin dute ikerketa, eta Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egin dute aurkezpena.²

Anaitze Agirre SOS Arrazakeriak taldeko kideak azaldu duenez hirietako telebista lokaletan beste emaitza bat espero zuten kate orokorren aurrean. «Ikerketak dio telebista lokalek apenas tratatzen duten gaia dela gutxiengoengoena». TeleDonostian, adibidez, bi albiste baino ez ziren egon bi asteetan (%0,78), eta bi albisteak delinkuentziari lotuak ziren. Tele Bilbao, Localia eta Canal Gasteiz izan dira aztertu dituzten beste hiru telebista lokalak.

ETBn eta TV3n emaitza altuagoak dira. «Baina tratamendua, terminologia eta ikuspuntua berak dira. Beti gatazkaren inguruan agertzen dira gutxiengoak». Espainiako kate orokorretan, Antena3en eta Tele5n delinkuentzia eta gatazka tonu sensazionalista gailentzen da, eta Cuatrok eta TVE1ek gehiago hitz egiten dute kontrolaz eta immigrazio politikaz. «Guztietan albistea dena ikuskizuna da. Immigrazioak ez du beste tratamendurik, eta horrek kalte handia egiten du».

Emakumearen tratamenduan honakoa ondorioztatu dute: «Etorkina izanda eta emakumea izanda, diskriminazioa bikoitza da. Prostituta edo tratu txarren biktima gisa ageri da albisteetan». Beste hutsune bat ijitoen komunitatea da, «ez dira existitzen».

Azken lau urteetan egin dute ikerketa, eta ez dute aldaketarik nabaritu albistegietan, publizitatean bai, ordea. «Enpresentzat etorkinak existitzen dira, eta kontsumitzailetzat jotzen dituzte. Estereotipoekin jokatzen dute, baina gero eta normalizatuagoa da haien erabilera iragarkietan».

Kazetarientzat agenda bat sortzeko asmoa dute aurten, kazetariak etorkinekin harremanetan jarri ahal izateko. Erredakzioetan etorkinak egotea ere garrantzitsua dela nabarmendu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)