Boto eskubidearen alde, Arrazakeriaren Aurkako X. Martxan
Igandean egingo dute, Trintxerpetik Bulebarrera; guztira 40 eragilek egin dute bat aurtengo martxarekin
ND, , 21-03-2007Hemen bizi gara, hemen bozkatzen dugu. Hiritartasuna denontzat izango da Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako X. Martxaren leloa. Udal hauteskundeak gertu daudela baliatuz, Europako Batasunetik kanpo jaiotako atzerritarren eskubide politikoak eta boto eskubidea aldarrikatuko dituzte datorren igandeko martxan. 11:30ean abiatuko da Trintxerpeko azokatik, eta 13:00ak aldera iritsiko dira Bulebarrera, Senegalgo Djum Djum taldearen dantza eta musikak girotuta. Aurten 40 eragilek egin dute bat martxarekin.
SOS Arrazakeriako Agustin Unzurrunzagak esan zuenez, «garaia iritsi da atzerritarren eskubide politikoak ozenki eskatzeko». Hego Euskal Herrian, 105.889 lagunek dute egoitza baimena, eta Gipuzkoan, 17.107ek. «Horri irtenbidea eman behar zaio eta ezin da bazterketa politikoa mantendu», esan zuen. «Ezin dugu onartu norbait komunitate politikotik kanpo uztea atzerrian jaio delako».
Horren harira, Espainiako Konstituzioaren 13.2 artikulua aldatzeko exigitu zuen SOS Arrazakeriako kideak, atzerritarren eskubideak «estatuen arteko elkarrekikotasun akordioetara mugatzen dituelako». 1978az geroztik, Espainiako Gobernuak halako akordio bakarra sinatu duela salatu zuen Unzurrunzagak, Norvegiarekin hain zuzen. «Gobernuak dio elkarrekikotasun akordioekin konponduko dela arazoa. Hori gezurra da», esan zuen.
Beste ekitaldiak
Beste hainbat ekitaldi antolatu ditu SOS Arrazakeriak aste honetan Donostian. Bihar, ikus-entzunezko erakusketa izango da Leize Gorria tabernan, eta ostiralean informazio mahaia jarriko dute Bulebarrean. Bestalde, SOS Arrazakeriari eta beste hainbat elkarteri buruzko erakusketa dago Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusian.
(Puede haber caducado)