Etorkinen boto eskubidea izango du aldarri arrazakeriaren aurkako aurtengo martxak
Etorkinei eskubide politiko guztiak aitortzeko eskatuko dute 40 elkartek baino gehiagok igandean
Berria, , 21-03-2007Donostia
Diskriminazio arrazistaren aurkako nazioarteko eguna da gaurkoa. Eta etorkinen eskubideen aldeko elkarteek, sindikatuek eta bestelako gizarte eragileek mobilizazioak antolatu dituzte gaurko, aste osoan egiten ari diren hitzaldi eta ekimenekin batera. Hain zuzen, mobilizazio horien artean dago, urtero bezala, igandean Pasaiatik Donostiara egingo den Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Martxa. Ekimenak hamar urte beteko ditu aurten, eta aldarri nagusia etorkinen eskubide politikoak eta, zehatzago, boto eskubidea aitortzeko eskaera izango dela azaldu zuten atzo antolatzaileek, Donostian eginiko agerraldian.
11:30ean abiatuko da martxa, Trintxerpeko merkatutik, Hemen bizi gara, hemen bozkatzen dugu. Hiritartasuna denontzat lelopean, Medicus mundi elkarteko Amaia Maquibar eta SOS Arrazakeriako Agustin Unzurrunzaga antolatzaileek atzoko agerraldian azaldu zutenez. Etorkinen bozkatzeko eta hautatuak izateko eskubidea azpimarratuta, ez dituzte bestelako aldarriak alde batera utzi nahi, baina maiatzean udal eta foru hauteskundeak direnez, momentu aproposa iruditu zaie aldarri horri lehentasuna emateko. «Uste dugu garaia iritsi dela eskubide politikoak ozenki eskatu eta kalera ateratzeko». Euskal Herrian erroldatutako milaka lagun eskubide politikorik gabe bizi direla esan zuen, eta beste nonbait jaio izanagatik inor komunitate politikotik kanpo uztea «onartezina» dela gehitu. «Hiritartasun eskubidea exijitzen dugu, politikoki baztertuak ez izateko eskubidea milaka pertsonarentzat».
Hartarako, Espainiako Konstituzioaren 13.2 artikulua aldatzea beharrezkotzat jo zuen Unzurrunzagak, Europako Batasuneko herrialdeetatik kanpo jaiotako etorkinei bozkatzeko eskubidea aitortzeko. Azaldu zuenez, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako etorkin gehienak ekuadortarrak, kolonbiarrak, magrebtarrak eta errumaniarrak dira. Maiatzeko bozetarako aldaketarik espero ez duten arren, martxarekin aldarri horri bultzada eman nahi diotela gaineratu zuen Unzurrunzagak.
ATXIKIMENDU UGARI. Dagoeneko Gipuzkoako 40 elkarte, talde eta sindikatutik gora batu zaizkio igandeko martxako deialdiari. Horien artean daude CITE – CCOO, ELA, ESK eta EILAS sindikatuak eta Euskadiko GKEen Koordinakundea, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Zero Pobrezia Plataforma, Komite Internazionalistak, Caritas, Plazandreok eta Mugarik Gabeko Ekonomilariak elkarteak, besteren artean.
moBILIzazIoaK
Diskriminazio arrazistaren aurkako nazioarteko egunaren harira, mobilizazio, ekimen eta hitzaldi ugari antolatu dituzte Euskal Herriko txoko askotan aste osoan. Honakoak dira deialdietako batzuk:
Bilbo. Manifestazioa izango da gaur, Arriaga Plazatik 20:00etan abiatuta, Bozkatzeko eskubidea guztiontzat lelopean.
Iruñea. Manifestazioa egingo dute Gaztelu Plazatik hasita, gaur, 20:00etan.
Gasteiz. Elkarretaratzea izango da gaur 18:30etatik 20:00etara, Andra Mari Zuriaren Plazan. Tea eta salda banatuko dira.
Donostia. Arrazakeriaren aurkako urteroko martxa Trintxerpetik 11:30ean hasiko da igandean, Bulebarrean bukatzeko.
(Puede haber caducado)