Nor da heroia orain?

Gerraren egunerokoa. Erresistentzia eta maitasuna. Bi oinarri horien inguruan lotzen dira Alan Furst-en liburuak. Fursten 'The Foreign Correspondant' ('El corresponsal)' liburua argitaratu du Seix Barral etxea Fursten lanei eskainiriko saila zabalduz.

Berria, JON BENITO, 18-03-2007

Robert Doisneauren argazkietan erresistentzia garaiko Paris ikusten da. «Zer aldatu du gerrak?», galdetzen du ikusleak argazkian bikote bat musukatzen ikusten duenean; «maitasuna ez da hil», pentsatzen du bere kautarako. Baina emaztea musukatzen agertzen den gizona lubakiaren aurka bizkarra jarrita agertzen da hurrengo argazkian. «Maitasuna ez da hil». Eta kiskalitako auto batean jolasten diren umeak erakusten dizkigu Doisneauk hurrengoan. Eta galtzada – harriekin barrikada kalea ixten hurrengoan. Eta horrela.

Espainian gerra zen garaiko Paris. Euskal Herri jazarritik ihes, Frantziara joan eta errefuxiatuak atxilo – zelaietan preso atxikitzen zituzteneko garaiak. Euskal Herritik eta Espainiatik bezala, Italian Mussoliniren gehiegikerietatik Parisera ihes egin zuen jendearen istorioak dira Furstenak. Pertsonaietan pertsonak ikusteraino, ondo dokumentatutako istorioak nobelatzen ditu Alan Furstek: «1922an, Erromarako martxarekin hasi zen Mussoliniren nagusitza (Mussolini trenean joan zen). Asko itxaron gabe inposatu zituzten prentsa arau murriztaileak, eta 1925erako egunkaria faxisten eskura aldatu zen zuzendaria kargua uztera behartuz. Berarekin joan ziren erredaktore garrantzitsuenak, baina Weiszek, ausardiaz, hiru hilabetez eutsi zion lanpostuari. Beste guztiak joan ziren ate berberetik joan zen gero. Atzerrira aldatzeko aukera aztertu zuen, Triestera itzuli zen, lagunekin konspiratzen aritu zen, afixa bat edo bi puskatu zituen, baina orokorrean burua makurtuta ibili zen. Jendea nola jipoitzen zuten ikusi zuen, kalean eserita aurpegia odoletan zuen jendea ikusi zuen. Hori ez zen Weiszentzat».

Historia eta istorioak katramilatzen ditu Furstek The Foreign correspondant – en. Gerra. Kanoikadak eta bihotzaren taupadak. Bigarren Mundu Gerra: espioitza eta erresistentzia kontuak, baina giza ardura arruntekin nahasian.

«Mussolini eta bereak berandu baino lehen joango zirenez, itxaron egin behar zen. Munduak beti zuzentzen zuen bere norabidea, eta berriz egingo zuen. Lan tristeak onartu zituen Triesteko egunkarietan – futbol partida bat, portuko zamaontzi bateko sutea – , ingeleseko klase partikularrak eman zizkien ikasleei, maitemindu eta ez – maitemintzeko denbora izan zuen, Basileako merkataritza aldizkari batentzat idazten hamazortzi hilabete eman zituen, itsas – egunkari batean eman zuen beste urte bat… biziraun zuen. Iraun eta biziraun. Politikak ofizioaren bazterretan bizitzera behartu zuen eta bizitzak harea balitz bezala egiten zion ihes».

FURSTEN GATAZKAK. «Gatazka bat». Hori besterik ez du behar Alan Furstek idaztera jartzeko. Berdin dio armatua edo etiko – morala den. Furstek dio ordea: «Gatazka bat».

«Garai haietan gatazka ideologiko gogorra zegoen. Komunismoa faxismoaren aurka, faxismoa demokraziaren aurka. Europan izan ziren horiek guztiak eta Europa osoan eragin zuten. Lehen gerra Espainian eman zen, eta han faxistek irabazi zuten. Bigarrena Ekialde Europa eta Alemania eta Italian izan zen. Autoritarismoak irabazi zuen hor ere».

Europa, Mussolini eta Hitler, II. Mundu Gerra. «Ia ezinezkoa zen neutrala izatea. Orduan heroiak eta bilauak definituak zeuden. Orduan onak eta gaiztoak erraz ezberdintzen ziren».

Garaiak badu nondik heldu: intriga, espioitza, erresistentzia. Ezaugarri horiei maitasun istorio bat, arriskua, helburu politikoak gehitzen dizkie.

Baina zergatik kokatu nobelak garai hartan eta ez oraingo garai nahaspilatsu hauetan, adibidez? «Inork aipatu ez arren, oso garai ilunak dira oraingoak. Biolentzia, kaos ekonomikoa eta jokabide politiko korapilotsuak modu nahasian gertatzen dira. Gainera, orainaldia mukerregia da nobela bat egiteko: nor da heroia orain?».

KAZETARITZAREN ETIKAZ. Eta istorio horietan egunkariak, agentziak, komunikabideak eta gerra nahasten dira The Foreign Correspondant liburuan. Komunikabideak gerra garaian. Kazetaritzaren etika eta jokamoldea. Nola jokatu, nola informatu, noren alde eta noren aurka. Prentsa ofiziala, agentziak eta prentsa klandestinoa. Bereziki prentsa klandestinoa: «24tik prentsa klandestinoa ez da eten. Italian, Parisen, Belgikan, goazen lekura goazela han dago. Eta OVRA (Organizzacione di Vigilanza e Repressione dell’Antifascismo) ezin da gelditu. Makaldu ahal da. Turinen talde sozialista bat atxilotzen badute, Florentziako giellisti – ek beste agerkari bat kaleratzen dute. Eta egunkaririk garrantzitsuenek denbora luzean iraun dute: Avanti sozialistak, Unita komunistak, gure anaia zaharrak, Parisen argitaratzen den Giustizia e Liberta – k. Non Mollare! argitaratzen duten etorkinak ere, izenak dioen bezala, ‘ez dira errenditzen’, eta Ekintza Katolikokoek Il Corriere degli Italiani argitaratzen dute. OVRAk ezin gaitu geldiarazi. Nahi lukete, baina Mussolinik munduaren begietara zilegitasuna izateko asmoa du. Eta, hala eta guztiz ere, Matteotti 24an edo Rosselli anaiak Frantzian 37an bezala, hiltzen dituztenean, martiriak sortzen dituzte. Italiako erresistentziaren martiriak, martiriak munduko egunkarietan. Hau gerra da, eta gerran batzuetan galdu egiten da eta beste batzuetan irabazi. Eta batzuetan, galdu duzula dirudienean, irabazi egin duzu».

ITALIATIK PARISERA FAXISMOA ATZETIK. 1938ko neguaren amaieran, ehunka intelektual italiarrek, Mussoliniren erregimenetik ihesi, Parisen hartu zuten babes. Han, erbesteratuaren ohiko zailtasunekin, erresistentzia zelulak antolatu zituzten.

«1938ko abenduaren 4a. Gare du Nord inguruko kalexka batean zegoen Cafe Europa italiar jatorriko frantses batena zen. Iritzi sendo eta suharrekoa, idealista bat, giellisti – en eskura uzten zuen taberna osteko gela. Giustizia e Liberta erakundeko kideak zirelako deitzen zitzaien horrela, jendeak inizialengatik, G eta L, ezagutzen baitzituen informalki, eta hortik giellisti – ena. Zortzi kide bildu ziren goiz hartan. Larrialdiko bilera batera deituak izan ziren. Gaizki argiztatutako tabernaren osteko mahaiaren ingurura bilduak zeuden, eta, han zegoen emakume bakarrak izan ezik, beste guztiek sonbreirua zeramaten. Gela hotza eta hezea zelako baina, batez ere, horrela ez baitzuten izaera konspiratzailearekin gaizki ematen, inoiz inork ahoz gora esan ez zuen arren: erresistentzia antifaxista ziren, Resistenza».

Erresistentzia zelula horien egiteko nagusietako bat egunkari klandestinoak egitea zen. Egunkarien bidez notiziak eta adorea helarazten zituzten sorterrira. Armen aurka idazteko makinak erabiliz, zentsuraren eta beldurraren isiltasunaren aurka bostehun argitalpen baino gehiago kaleratu zituzten.

Ondo nobelatutako historia da Furstena, ondo dokumentatutako nobela.

Informazioaren aurka informazioa eskaintzea, propagandaren aurka propaganda egitea zen erresistentziaren lana. Hori zen Weisz kazetariaren ardura, Fursten pertsonaiaren egitekoa. Reuters agentziarentzat lan egiten duen arren, Liberazione egunkari klandestinoko zuzendaria da. Bidenabar, erresistentziako kidea ere bada. Zein da kazetaritzaren lana? Zer egin dezake kazetaritzak, kazetariak berak ere dena lausotuta ikusten badu, ez baditu gauzak garbi bereizten? «Gehiegi hitz egin da, signor Weisz, gerra dialektiko honetan. Boltxebikeentzat erraza da, euren kontsignak dituzte: Marxek hau dio, Leninek bestea. Baina gainerakoentzat gauzak ez daude hain garbi. Europaren askatasunaren alde borrokatzen gara, noski, askatasunarengatik, nahi baduzu, justiziarengatik, agian, eta, dudarik gabe, mundua euren modura gobernatu nahi duten cazzi fasulli guztien aurka. Franco, Hitler, Mussolini eta euren morroi guztiak, bada non aukeratua».

Bazen non aukeratua. Alemania Txekia inbaditzen saiatu zen. Zer zioten egunkariek orduan? Zer zioten Alemaniaz? Zer zioen Alemaniak gertatzen zenaz eta egiten zutenaz? Nola jokatzen zuten kazetariekin? Protagonistetako batek dio: «Danzig – eko egoera ere hor dago. Gutxiengo alemaniarrak jasotzen duen tratua izugarria da, egunean – egunean okerragoa da. Poloniarrek ez dute amore ematen, eta inork ez du gure historiaren bertsioa kontatzen. Gure kezkak justifikatuak daude, inork ezin dezake kontrakoa esan, gure interes nazionalak defendatzen utziko digute, ezta?

Bai, noski.

– – Hori da eskatzen dugun gauza bakarra, Herr Weisz, joko garbia. Eta lagundu egin nahi zaitugu: landu nahi duzun edozein notizia, ez duzu esan besterik eta beharrezko datu, aldizkari, iturri zerrendak emango dizkizugu, eta elkarrizketak, bidaiak, nahi duzuna antolatuko dizugu. Zeharkatu Alemania, ikusi zeure begiz zer lortu dugun lan gogorraren eta irudimenaren bidez».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)