Emakumeen batasuna

Berria, 17-03-2007

Leihatila

cristina berlanga

Justiziaren eta berdintasunaren aldeko borrokari dagozkion bi egun adierazgarrirekin batean dator zutabe hau: Martxoaren 8a eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Bi gaiotan oraindik asko dago egiteko, bi egunok benetako ospakizun egun izan daitezen eta ez, orain arte bezala, betekizun dauden eskabide guztiak gogoratzeko egunak.

Martxoaren 8ari dagokionez, aurreko urteetan esandakoaz gain, ezer gutxi dago eransteko. Emakumeok edonolako desberdintasunak jasaten ditugu ia arlo guztietan, indarkeria matxista, lanaldi bikoitz eta hirukoitzak, diskriminazio larriak eta bestelako ezin konta ahala egoera; eta horien guztien eraginez, aurkakoa zaigu gizartean dugun tokia. Hori guztia are larriagoa da emakume etorkinen kasuan; besteak beste, Atzerritarren Legearen mende ere bai baitaude. Lege horrek hainbat eskubide ukatzen dizkie, eta zeharo diskriminatzailea da Europako Batasunetik kanpoko pertsona guztientzat, baina bereziki emakumeentzat. Associació Papers i Drets per a Tothom de Catalunya deritzon elkarteko emakume batzordeak dioenez, Atzerritarren Legeak bidezkotzat jotzen ditu genero indarkeria eta emakumeek gizonenganako duten mendekotasuna. Elkarte horrek Martxoaren 8rako eginiko komunikatuak nabarmentzen duenez, lege horren ondorio da hau, esaterako: babes agindua ematen duen sententzia bat behar da, etxe indarkeriaren biktima den emakume etorkinak paperak eskura ditzan; hori izan arte, egotzia izateko arriskuan dago. Dibortzio edo banantze kasuetan, emakumeak Estatuan sartzeko ezkontidearekin bilduko dela argudiatzen badu, orduan elkarrekin bi urtez bizi izan direla egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du paperak lortzeko, nahiz eta bi urte horretan indarkeria jasan, inolako babesik gabe. Gainera, lege oinarri horri esker berenganatu ohi dute gizonek seme – alaben zaintza.

Lan alorrean, mota guztietako gehiegikeria eta indarkeriak egiteko modua ematen du legeak, eta emakume atzerritarrak babesik gabe geratzen dira erabat; ezinbestean bete behar izaten dituzten lanen eraginez, izugarri nekosoa gertatzen zaie paperak lortzea. Ezinbestekoa da, beraz, hemengo emakumeok geure egitea emakume etorkinen eskabideak ere, emakume guztion eskubideen aldeko berdintasuna eskatzea eta atzerritarren legeak indargabe ditzatela eskatzea. Borroka honetan elkar harturik ez bagabiltza, botere harreman patriarkalei iraunarazten diegu berriro ere emakumeon artean. Okerreko bidetik egingo dugu aurrera gure eskubideen aldeko ahaleginean, emakume atzerritarren eskubideen kontura. Izan ere, egungo legeek, dauden – daudenean, oso ondo zehazten dute zein toki dagokien gure gizartean – – bai lan alorrean eta bai etxeko esparruan – – : hemengo emakumeen berdintasun gabezia betetzen dute, eta hainbeste urtetako borrokaren lorpen egiazkoak makillatzen. Azken batean, sistema patriarkal eta neoliberal honen saltsa loditzen segituko dugu, zeinean pertsona bakoitzari eta gizarte talde bakoitzari zeregin jakin bat ematen baitzaio, nork bere tokian iraun dezan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)