Ikastetxeetan etorkinen kopurua zehaztea baztertu du Legebiltzarrak

Ikastetxe bakoitzean ikasle etorkinen zenbatekoa %20an mugatzeko eskatu dute PSE-EEk eta Aralarrek

Berria, erredakzioa, 16-03-2007

Gasteiz

Ikastetxe bakoitzean matrikula daitezkeen ikasle etorkinen kopurua %20 baino gutxiago izatea proposatu dute PSE – EEk eta Aralarrek Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran. Helburua «ghettoak ekiditea» da. Hirukoak (EAJ, EA eta EB) eta PPk, baina, proposamenaren kontra egin dute, eta trukean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari ikasle etorkinak integratzeko plan orokorra aurkezteko agindu diote.

PSE – EEk aurkeztu zuen legez besteko proposamena eztabaidatu zuen atzo Eusko Legebiltzarrak. Hasierako testuan sozialistek etorkinen zenbateko zehatza aipatzen ez bazuten ere, Aralarrekin tarteko proposamena hitzartu ondoren, %20ko portzentajea onartu zuten. Aralarrek aurkeztutako jatorrizko proposamenean jasotzen zenez, Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendariaren gomendioei jarraituz hautatu zuten %20ko portzentajea.

Etorkinak ikastetxeetan integratzeko EAEko Administrazioak ez duela inolako «konpromisorik» salatu zuen PSE – EEko legebiltzarkide Isabel Zelaak, eta etorkinak eta bertakoak elkarrekin ikastea trabatzen ari dela adierazi zuen. Zelaak aurkeztu proposamenaren arabera, ikasle etorkin gehienak ikastetxe jakin batzuetan, publikoetan gehienbat, pilatzen dira. Haren esanetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan badira 70 ikastetxe ikasleen %20 etorkinak direnak, eta horrek «haustura soziala ekar dezake». Hortaz, kupoak ezartzeaz gainera, ikasle etorkinen eta immigrazioaren fenomenoari aurre egiteko bitarteko bereziak galdegin zituen ikastetxeentzat.

Nolanahi ere, gainerako talde politikoek ez zuten begi onez ikusi sozialisten eta Aralarren kupoa. Besteak beste, hainbat herritan gertatzen den fenomenoa aipatu zuten. Hala, Kanpetzuko (Araba) ikastetxean, adibidez, azken urteotan modu naturalean etorkin kopuru altua bildu dela azaldu zuten, eta PSE – EEk zein Aralarrek proposaturiko neurria ezarriz gero, horietako ume asko Gasteizera joan beharko lirateke ikastera, alegia, herritik 40 kilometrora.

BALIABIDE GEHIAGO ESKATU DITUZTE. Gainera, EAko legebiltzarkide Idoia Cuadrak adierazi zuenez, etorkinak arazoa baino gehiago aukera bat dira. Bizkaiko Zamakolako ikastetxearen eredua nabarmendu zuen. Cuadraren esanetan, etorkin kopuru handiarekin oso emaitza onak lortzen ari dira hainbat ikastetxetan. EAJk, EAk eta EB – Berdeek inklusibitatearen irizpideari jarraituz ikasle etorkinak integratzeko lana indartzeko eskatu, eta ikastetxe publikoen konpromisoa galdegin zuten integrazioa bultzatzeko. Halaber, ikasle etorkin gehiago dituzten ikastetxeetan baliabide ekonomikoak eta materialak handitzeko eskatu zuen hirukoak.

Beste alde batetik, Katalunian ezarritako eredua EAEn ezin dela mekanikoki ezarri esan zuen PPko legebiltzarkide Iñaki Oiartzabalek, eta gurasoek seme – alabak nahi duten ikastetxean matrikulatzeko eskubidea dutela esan zuen. Halaber, etorkinen zenbateko altua izatea berez ez dela txarra izan behar adierazi zuen.

Legez besteko proposamenaren bozketan abstenitu egin zen bakarra EAB izan zen. Taldeko eledun Itziar Bazterrikak ikasleen eskolatze naturala aldarrikatu zuen. Bestetik, Atzerritarren Espainiako Legea ezartzen duen alderdiak, alegia PSOEk, ikasle etorkinen eskubideak babesteko bermeak eskatzea «harrigarria» dela nabarmendu zuen.

 

«Etorkin kopuru handiarekin oso emaitza onak lortzen ari dira hainbat ikastetxetan»

idoia cuadra

ea – ko legebiltzarkidea

«Badira 70 ikastetxe ikasleen %20 etorkinak direnak, horrek haustura soziala ekar dezake»

isabel zelaa

pse – eeko legebiltzarkidea

«Atzerritarren Espainiako Legea ezartzen duenak ikasle etorkinen eskubideak galdegitea harrigarria da»

itziar bazterrika

eab – ko legebiltzarkidea

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)