Iparraldeko hesia ez, hegoaldekoa bai
AEBek mugan eraikitzen ari diren 1.100 kilometroko hesia eta haien migrazio politika salatu du behin eta berriz Mexikok; kontraesana, hegoaldeko etorkinei jartzen dizkien hesiak aintzat hartuta.
Berria, , 15-03-2007Mexiko Hiria
«Txakurrak bagina baino okerrago tratatzen gaituzte hemen, ez dugu ezer balio». Ez du izenik eman nahi izan etsipenaren labarretik berriketan ari den immigrante salvadortarrak. Altar herrira iritsi berria da, Mexikoko iparraldean dagoen Sonora estatuko herrixka idorrera. AEB Ameriketako Estatu Batuetako ateetan dago – Arizonako basamortuaren bestaldean dago bere helmuga – . Duela 30 egun El Salvadorren abiatu zuen zeharkaldi tristearen atalik garratzena igaro berri du: Chiapasko Tapachula eta Altarren artean dauden 3.393 kilometroak egin ditu; Mexiko hegoaldetik iparraldera gurutzatu du, oinez, trenetik zintzilik edo autostop eginez. «Chiapasen emakumeak bortxatzen dituzte, immigranteoi lapurretan egiten digute, sarritan hil ere bai. Holako hamaika ikusita nago ni. Eta zer egiten du gobernuak horren aurrean? Ezer ez». Amorruak eragindako dardara suma daiteke haren ahotsean.
Felipe Calderon Mexikoko presidenteak herrialdea «baztertzea» aurpegiratu zion herenegun George Bushi. Yucatanen egon dira bilduta bi agintariak, arazo komunei nola aurre aztertzeko. Droga eta arma trafikoaren arazoaz gain, immigrazioaren auzia izan zuten hizpide. Migrazio legeak erreformatzeko eskatu zion Calderonek Bushi; ahalegina egingo duela erantzun zion Bushek. AEBetan legez kanpo bizi diren sei milioi eta erdi mexikarren egoera arautzea eta urtean 200.000 behin – behineko lan kontratu baino gehiago ematea dira presidenteak aldarrikatzen dituen neurriak. Washingtonek segurtasun neurri egokienak hartzeko eskubidea duela adierazi zuen Calderonek. Haren ustetan, dena den, lagungarriagoa da «kilometro bateko errepidea egitea hamar kilometroko hesia eraikitzea baino».
HESIAREN ONDORIOAK. Egia da hesiak ez dakarrela ezer onik, eta datuak horren erakusle dira. AEBek 1993. urtean mugaren kontrolerako estrategia martxan jarri zutenetik 3.700 pertsona hil dira mugan. Tijuana eta San Diegoren arteko hesiaren zatia da momentuz eraikita dagoena – Bill Clintonen gobernuaren garaian eraiki zen – .
AEBetako Kongresuak urrian erabaki zuen hesiarekin aurrera egitea. Calderon presidenteak «tamalgarritzat» jo zuen erabakia. Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan zebilen orduan presidentea elkartasuna eskatu zien herrialdeei neurriaren kontra azaltzeko. Luis Ernesto Derbez Mexikoko Kanpo Harremanetarako idazkariak nazioarteko erakundeetara joko zuela adierazi zuen.
Calderonen diskurtsoak, baina, kontraesan handiak ditu, iparraldera edo hegoaldera begira ari den erreparatuz gero. Chiapasera presidente gisa egin zuen lehen bidaian agerian gelditu zen alde biko jarrera hori. AEBei legez kanpoko immigrante mexikarrak gaizkile gisa trata ez zitzan eskatzen zien, eta gero Guatemala eta Mexiko arteko zaintza areagotu beharraz hitz egin zuen, drogen trafikoa zela eta. AEBetara doazen mexikarrak langileak direla, ez kriminalak, eta hala trata ditzaten eskatzen die iparraldeko agintariei Calderonek. Mexikoko migrazio araudiaren arabera, ordea, herrialdea zeharkatzen duten etorkinak kartzela zigorra merezi duten gaizkileak dira.
Agintariak ez ezik, herritarrak ere jausi dira kontraesanetan: hamar mexikarretik bederatzik zalantza dute iparraldeko harresia immigrazioa gelditzeko gai den. Chiapas eta Guatemala artean hesi bat eraiki nahi dutenak, berriz, herritarren %15 dira. Muga horretan kontrol gehiago ezartzeko eskatzen dutenak, berriz, %51 dira.
Iparraldeko Mugako Eskola erakundeak mugaren fenomenoa ikertzen du. Rodolfo Santacruz erakundeko zuzendaria da eta, galdera bat du presidenteari egiteko: «Eta zuk nola duzu hegoaldeko muga?». Santacruzen iritziz, hegoaldeko mugari buruz galdegin behar zaio Gobernuari, «iparraldekoa bezain desordenatua baitago». Mexiko Guatemalatik eta Belizetik bereizten dituen 1.138 kilometroetan giza eskubideak urratzen direla salatu du erakundeko zuzendariak: «Calderonek iparraldean eskatzen duen neurrian eskaini beharko luke hegoaldean».
Mexiko hegoaldeko mugan ez dago iparraldean estatubatuarrek eraiki nahi duten hesi fisikoa bezalakorik, bai ordea halako harresi ikusezin bat. Mexiko igarotzea gero eta zailagoa da AEBetarako bidean doazen Hego eta Ertamerikako immigranteentzat. Mexikok, ildo horretan, Mugako Polizia sortu zuen urrian. Nelson Cuellar Tapachulan (Chiapas) dagoen kontsul salvadortarra da. Bere hitzetan nabarmena da kontrol guneak areagotu dituztela: «Orain kostaldeko errepidean lau zaintalde daude eta baita armadaren postu bat ere, patruilaz gain». Itxura guztien arabera «gehiegizko zaintza» 40 kilometroko distantzia baterako.
Mexiko zeharkatu nahi duten immigranteek aurkitzen duten harresi handiena, baina, giza eskubideen urraketa da. Chiapaseko Arriaga hirian joan den otsailean egindako sarekada izan zen azken kasua. Orotara 114 lagun atxilotu zituzten. Poliziaren neurrigabekeria dela eta tartean zaurituak izan ziren. Giza Eskubideen Batzordeak eta gobernuz kanpoko hainbat erakundeek gertatukoa salatu zuten. Cecilia Romero Migrazioaren Institutu Nazionaleko buruak gertatutakoa onartu behar izan zuen biharamunean.
GIZA ESKUBIDEEN URRATZEA. ARRIAGAKOA GIZA ESKUBIDEEN URRAKETAREN BESTE ADIBIDE BAT BAINO EZ DA IZAN. Giza Eskubideen Kontseilu Nazionalak aurten argitaratu duen txostenak legez kanpoko etorkinen eskubideei dagokienean iaz ez zela aurrera pausorik eman ondorioztatu da. Mexiko zeharkatzean askotariko arriskuak dituzte immigranteek: lapurretak, indarkeria erasoak, bai fisikoak eta bai sexu erasoak… Edozein uniformaturen beldurrez bizi dira.
Mexiko eta bere muga txostena argitaratu berri du Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak. Txostenak jakinarazi duenez, atxilotzen dituzten legez kanpoko etorkinen %24,5 horretarako eskumenik ez duten hogeita bost erakundek atxilotzen dituzte – Mexikoko legeen arabera, migrazioko poliziak eta polizia federalak soilik atxilotu ditzakete etorkinak – .
Mexikok migrazio araudi egokirik ez duelako gertatzen dira horrelakoak. Hala diote bederen gizarte eragileek, eta horrexegatik eskatu dute behin eta berriz zaharkitua dagoen Populazioaren Lege Orokorraren erreforma. 1974koa da immigrazioa arautzen duen lege hau; Luis Echeverria orduko presidentearen garaian onartu zen. 118. eta 123. artikuluen artekoak delitutzat jotzen dute immigrazioa eta kartzela zigorra ezartzen dute.
(Puede haber caducado)