Kanarietara iritsitako 15 etorkin jaso ditu Eusko Jaurlaritzak

Berria, erredakzioa, 14-03-2007

Donostia

Kanaria uharteetara txalupaz iritsitako etorkin helduak jasoko ditu Eusko Jaurlaritzak. Atzo bertan 15 senegaldar iritsi ziren Euskal Herrira, eta dagoeneko Jaurlaritzaren eta hiru gobernuz kanpoko erakunderen eskuetan daude (Afro Americana, CEAR Errefuxiatuak laguntzeko Euskadiko elkartea eta Bizkaiko Gurutze Gorria).

Jaurlaritzak eta hiru erakunde horiek etorkinak hiru hilabetez hartzeko konpromisoa hartu dute: jatekoa emango diete eta ostatua ziurtatuko. Jaurlaritzaren arabera, dokumentazioa eta «oinarrizko gauzak» ere emango dizkiete eta hizkuntza prestakuntza eta gizarte trebetasunak eskainiko dizkiete, bai eta hurrengo asteotan bizileku izango duten inguruneari buruzko informazioa helarazi ere. «Horrela, eta kontuan harturik Eusko Jaurlaritza prest agertu dela azken hilabeteotan Kanariar Uharteetara iritsitako Saharaz Hegoaldeko etorkin helduen kopuru jakin bat onartzeko, elkartasunezko erantzuna eman nahi zaio pertsona horiek txalupa hauskorretan gose, bidegabekeria eta indarkeriatik ihes egin eta gero pairatu duten eta oraindik pairatzen ari diren giza krisialdiari», dio atzo Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartutako testuak.

LARRIALDI ESPEDIENTEA. Hain zuzen, atzo eman zion Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak Kanarietatik iritsitako pertsonei giza laguntza eta harrera kontratatzeko larrialdi espedientearen berri Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluari. Orain, GKEekin hitzartuko beharko dute nola eskaini laguntza etorkin horiei.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)