Sarkozykeriak
Berria, , 13-03-2007Frantzia eta Nafarroako herritar guztiak harritzen ditu Sarkozy jaunak, bere hizkeraz eta asmo berriez. Hark erabiltzen dituen bideak eta hitzak batzuetan beste aro batekoak direla iruditzen zait. Auzo liskartsuez ari zelarik erabili «garbiketa» ala «jendaila» (racaille Iparraldeko erdaraz) hitzek Aljeriako gerraren denboretan Frantziako politikariek FLNren aurka erabiltzen zituztenak gogoratzen dizkigute urte hauetan bizi izandakoei.
Apirilean eginen diren hauteskundeen karietara, Frantziako Nortasunaren eta Immigrazioaren Ministerio berria eginen duela aldarrikatu du. Hau da, nire ustez, faxismorako bide bat! Tankera honetako ministerio izenak aipa ditzaket hemen: Vichy-ko Judu Arazoaren Ministerioa, 1990 aurreko Pretoriako Arrazaren Kontseilua, Kolonialismoaren Denboretako Bertakoen Arazoen Saila eta abar eta abar. Denok badakigu zer-nolako zeharbide eta fin gaixto ukan dituzten erakunde horiek.
Hala ere, estatu bakoitzak badu eskubidea bere immigrazioaren kontrolatu eta kudeatzeko. Horregatik badituzte beren erakundeetan immigrazio sail bat, bisatuak emateko eta naturalizazioak antolatzeko. Baina ez dut uste aparteko ministeriorik behar denik. Aski badu Frantziako Estatuak Barne Ministerioarekin eta PAFekin (Muga eta Aireportuetako Polizia). Zertarako erakunde berri bat?
Frantziako Nortasuna definitzeko ministeriorik ez da behar nire ustez, herri baten nortasuna bere kulturaz eta ohituraz ezartzen delako. Nortasuna, Historia bezalaxe, ez da dekretuen bidez egiten, bestela beste Vichy-keria batean eror daiteke Frantziako edozein politikero. Frantziara datorren edozein kanpotar, bedi turista bedi langile, beste giro batera sartzen dela berehala ohartzen da, ministerio baten «laguntzarik» gabe. François Bayrou beste presidentegaiak Sarkozyren asmoaren aurka ezarri duen argumentua, Frantziako Nortasuna Errepublikan kokatzen dela alegia, ez zait ere zuzena iruditzen, herri bat eta sistema politiko bat ezin direlako gauza berdintzat jo.
Dena den, Frantziako gizartearen nortasun kinka islatzen digu gaur politikeroek dioskutenak. 1968. urtean Robert Laffon okzitaniazaleak idatzi zuena bururatzen zait: haren ustez, Frantziako sistema jakobinoa barneko etniak bestelakotu nahian, Estatuko gizarte osoa bestelakotzear dago.
Jakes Lafitte. Befotaka (Madagaskar)
(Puede haber caducado)