Larrepetit

Anitzak eta askotarikoak

Berria, Castillo Suarez, 13-03-2007

Batzuek ez ikusiarena eginen dute, noski, eta Anitzak ekimena sortu izan ez balitz bezala jokatu. Finean, errazagoa da etorkinak bertakoon babesa eta laguntza behar dutenak direla pentsatzea. Erabakiko dugu guk haien izanenean. Zedarrituko dugu guk haiei komeni zaiena, eta bidenabar, guri ongi heldu zaiguna. Ez gehiago. Arrotzak dira, azken batean. Estatuen galbaheen araberako arrotzak. Hitz egingo diegu beren eskubideez; baina eskubide batzuez, jakina, ez guztiez.

Besteek, ordea, harrera beroa eginen diote Anitzak ekimenari, besteak beste, berritasuna dakarrelako une korapilatsu eta, aldi berean, ilusionagarri honetan. Berrikuntzarik behinena, etorkinak direla zuzenean, eta inolako iragazkirik gabe, arruntean premiazkoa den konponbide demokratikoan haien hitza aldarrikatu dutenak. Areago, parte-hartze zuzena eskatu dute.

Izan ere, maiz esaten da herritar guztiak kontuan hartu behar direla behin betiko bakea lortzeko, baina ez dira beti aintzat hartzen kanpoan sortu baina euskal herritar direnak: anitzak jaioterriari dagokionez eta askotarikoak ideologiaz denaz bezainbatean. Maiz esaten da konponbidea etorriko bada, pertsona guztien eskubideak errespetatu beharko direla, eta, zoritxarrez, eskubide ezberdintasunean bizitzea aski ongi dakite etorkin askok.

Jaio garen tokia gorabehera, Euskal Herri bakar, errespetuzkoa eta baketsua nahi izateak egiten gaitu euskal herritar.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)