Fotogramak duintasun eske
Fikzioa eta dokumentalak izango ditu Donostiako Giza Eskubideen Jaialdiak, martxoaren 16tik 23ra
Berria, , 10-03-2007Donostia
Sufrimendua. Bere – berea du gizakiak. Bai nork bere buruari eragiten diona, eta baita batak besteari eragiten diona ere. Sufrimendu iturri dira beti giza eskubideen urraketak. Eta modu askotakoak urraketa horiek. Giza eskubideen urraketa molde desberdin horiei begiratzen diete Donostiako Giza Eskubideen Zinema jaialdian erakutsiko dituzten 29 filmek. Martxoaren 16tik 23ra bitartean egingo da jaialdia, bosgarren urtez. Giza eskubideen urraketak sortzen duen sufrimenduari begiratzen diote guztiek, eta bidenabar, gizakiaren duintasunaren aldeko aldarria egin.
Haurrak, arrazakeria eta xenofobia, militarismoa, gerrak eta gaixotasunak, heriotza zigorra, uraren eskuragarritasuna… jaialdian izango diren filmek jorratzen dituzten gaietako batzuk baino ez dira. Film luzeak eta laburrak, fikziozkoak eta dokumentalak, zinema jaialdi ospetsuetan arrakasta lortu dutenak eta oharkabean igaro direnak ere bai.
Film luzeen sail ofizialean hamaika film erakutsiko dira. Cannesko Zinema jaialdian, beste zenbaiten artean Giza Eskubideen saria eskuratu zuen Indigènes filmak zabalduko du jaialdia, martxoaren 16an. Aljeria jatorriko Rachid Bouchareb zinemagile frantziarrak (Paris, 1953) zuzendutako filmak, inoiz Frantzian egon gabe, II. Mundu Gerran haren alde eta Alemania naziaren aurka borrokatu ziren aljeriar batzuen istorioa kontatzen du. Sail horretan erakutsiko dituzte, besteak beste, Mendi Charef, Emir Kusturica, Spike Lee, Katia Lund, Jordan Scott eta Ridley Scott, Stefano Veneruso eta John Wook elkarrekin egindako All The Invisible Children – munduko hainbat bazterretako neska – mutilen arazo bana jorratzen du zuzendari bakoitzak – , Juan Carlos Rulfo mexikarraren En el hoyo eta Sven Taddicken alemanaren Emmas Glück ere.
FILM LABURREN LEHIAKETA. Hamahiru film labur erakutsiko dira aurten, eta horietatik hamabik Gazteen saria eskuratzeko lehian parte hartuko dute. Fikziozko filmak, animaziozkoak eta dokumentalak ere izango dira atal horretan. Sergio Canella italiarraren Carpa Diem, Till Nowak alemaniarraren Delivery eta Simon Bojojevich – Narath kroaziarraren Leviathan lehiatuko dira, besteak beste. Antxon Urrusolo kazetari eibartarrak Las cigarreras film laburra aurkeztuko du lehiaketatik kanpo. Gaztetxoz osaturiko epaimahaiak – 80 bat – erabakiko du film labur onenaren saria.
Bi ziklo berri antolatu dituzte aurtengo ekitaldirako. Bigarren Aukera izeneko zikloan 11’09’’01 – September11 eta El tren de la memoria erakutsiko dituzte; eta Zineko Klasikoak izenekoan, Angst essen Seele auf (Denok deitzen gara Ali), I Want to Live eta Paths of Glory.
Film guztiak Donostiako Antzoki Zaharrean izango dira, salbuespen bakarrarekin: Invisibles filmarekin emango diote amaiera jaialdiari, Victoria Eugenia antzokian, hilaren 23an. Leku berean izango dira Verdini dantza taldearen Argira ikuskizuna (martxoak 18) eta Garyan Ensemble kurdu – irakiar musika taldearen kontzertua (martxoak 22).
Zinema jaialdia lau erakusketek osatuko dute: Milurtekoaren ateak (Alderdi Eder), Tratu txarren arrastoa (Udal Liburutegi Nagusia), Giza Eskubideak Xakean (Udal Liburutegiko Ekitaldi aretoa) eta Rue 24, Phnom Penm, Kampuchea (FNAC).
egitaraua
(Antzoki Zaharrean)
Martxoak 16
19:00etan: ’Leviathan’* (Simon Bogojevic, Kroazia). ’Delivery’* (Till Nowak, Alemania). ‘Indigenes’ (Rachid Bouchareb, Frantzia – Maroko – Aljeria – Belgika).
23:00etan: ’Nasija’* (Guillermo Rios Bordon, Espainia). ‘Uno por ciento, esquizofrenia’ (Ione Hernandez, Euskal Herria).
Martxoak 17
17:00etan: ‘Tree Robo’* (Park Youn – min, Hego Korea). ‘Emmas Glück’ (Sven Taddicken, Alemania).
19:30ean: ‘Fair Trade’* (Michael Dreher, Alemania – Maroko). ‘Bamako’ (Abderrahmane Sissako, Mali – AEB – Frantzia).
23:00etan. ’Contracuerpo’* (Eduardo Chapero – Jackson, Espainia). ‘El tren de la memoria’ (M. Arribas eta A. Perez, Espainia).
Martxoak 18
19:30ean: ‘One Hundredth of a Second’* (Susan Jacobson, Ingalaterra). ‘El canto del grillo’ (Dany Campos, Espainia). ‘Daratt’ (Mahamat – Saleh Haroun, Txad – Frantzia, Belgika – Aus – tria).
23:00etan: ‘Offerte Speciali’* (Giani Gatti, Italia). ‘Hotel Gondolin’ (Fernando Lopez Escriva, Argentina).
Martxoak 19
19:30ean: ’Deweneti’* (Dyana Gaye, Senegal – Frantzia).
23:00etan: ‘All The Invisible Children’ eta ’11’09’’01 – – September 11’ (Egile ugari).
Martxoak 20
19:30ean: ‘Las Cigarreras’* (Antxon Urrusolo, Euskal Herria). ‘En el hoyo’ (Juan Carlos Rulfo, Mexiko).
23:00etan: ‘Treinta años’* (Nicolas Lasnibat, Frantzia – Txile). ‘Crónica de una fuga’ (Israel Adrian Caetano, Argentina).
Martxoak 21
19:30ean: ‘Carpa Diem’* (Sergio Canella, Italia). ‘Si le vent soulève les sables’ (Marion Hansel, Belgika – Frantzia).
23:00etan: ‘Angst essen Seele auf’(Rainer W. Fassbinder, Alemania).
Martxoak 22
19:30ean: ’I Want to Live ’(Robert Wise, AEB).
23:00etan: ‘Paths of Glory’ (Stanley Kubrick, AEB).
(Victoria Eugenia antzokian)
MARTXOAK 23
19:45ean: ‘Invisibles’ (Egile ugari).
*Film laburrak
(Puede haber caducado)