«Aldaketetarako mobilizazioak behar direla erakutsi digu esperientziak»

Europako Batasunean minuturo baserritar familia bat galtzen da. Hori aldatzea nahi du Via Campesinak, eta saihets daitekeela sinetsita, lanean ari da Nicholson.

Berria, felipe murugabe, 09-03-2007

Selingue

Elikadura subiranotasunaren aldeko mundu foruak kontinente guztietako nekazari eta arrantzaleen mugimenduetako ordezkariak bildu ditu Afrikako Selingue herrian (Mali). Gaur egungo ekonomi garapenaren paradigmaren aurka eta mundu alternatibo baten alde borrokan ari dira bildu diren iparraldeko nahiz hegoaldeko mugimendu sozialak. Antolatzaileetako bat izan da Paul Nicholson (Lekeitio, 1947).

Nekazarien mugimenduok elikadura subiranotasuna dakarzue. Zertan datza eskubide hori?

Zer jaten dugun eta jana nork eta nola ekoizten duen erabakitzeko herritarrok daukagun eskubidea da. Globalizazio neoliberalean, elikadura merkantzia bihurtu da. Horri ezetz esaten diogu. Merkataritza zuzentzen duen politikak zapaldu egiten du ekonomia lokala eta baserritarren zeregina. Merkatuak ez du janik ematen. Inguru bera dugu Malin eta Euskal Herrian. Euskal Herriko baserritarra ezin da prezio merkeekin lehian aritu, ez baitugu esportatzeko adina ekoizten. Baina gizarteak nahi duen kalitatezko elikadura ekoizteko beharrezkoak gara, eta hori ez da ordaintzen egun.

Elikadura subiranotasunak kosturik edukiko al du Hirugarren Munduan?

Herri bakoitzean elikadura nagusiak ekoizteko gai gara. Hartu Maliko bi adibide. Batetik, esne kooperatibaren enpresa pribatizatu egin da; gobernuak esne ekoizpenaren aldeko laguntza politika bazuen, baina, pribatizatu denez geroztik, Europako esne soberakinak erostea merkeagoa da, eta industriak ez du bertako esnerik behar. Esne baserritarrak pikutara joan dira. Bestetik, arroza: Malin arroz berezia egiten dute; orain, ordea, Thailandia eta AEBetatik inportatzen den arroz merkeak garapen biderik gabe utzi du nekazarion arroza. Beraz, elikadura subiranotasuna da bai baserritarren eta bai kontsumitzaileen, hau da, gizartearen beharrizanak aintzat hartuta egin behar den politika. Euskal Herrian ere berdin: gure nekazaritza babesten ez badugu, merkatu globalean janari globala jango dugu.

Kapitalismoak hobekuntzen ildotik bidezkotzen du nekazaritzaren industria. 2015ean 8.000 milioi gizabanako daudenean, beharrezkoa izango omen da industrializazioa.

Inoiz ez da egon historian gaur egun dagoen gosea. 850 milioi pertsona gose dira. Gainera, lehenengo aldiz, gose direnak baserritarrak dira. Biztanleen erdiek ez dute eguneko bi euro ere irabazten. Baliabide naturalak, hau da, lurra, ura eta haziak, enpresa multinazionalen esku pribatizatu dira. Haien interesak babesteko legeak egin dira, lehengaien prezioa apal edukitzeko araudiak. Adibide asko daude; esaterako, patata: kontsumitzaileak baserritarrak jaso baino %700 gehiago ordaintzen du; baserritarrak 10 zentimo jaso eta kontsumitzaileak 70 ordaindu. Irabazle bakarrak banaketa alorreko multinazionalak dira. Ekonomi eta produkzio eredu iraunkor bat behar dugu, eredu neoliberal honek ekonomia lokala apurtzen baitu.

Eredu hau ez al da Europako klase ertain baten eskaeraren ondorio?

Minutu oro baserritar familia bat galtzen dugu Europako Batasunean. Eredu kontrajarriak daude. Baserritarrik gabeko nekazaritza eredu bat eduki daiteke, AEBetan bezala: han, mendietan bakarrik daude baserritar txikiak; ordokiak enpresa multinazionalen esku daude. Brasilen ere gertatzen ari da: monolaborantzak egiteko lur sail ikaragarriak erosi dituzte Europako enpresek. Esportazioek ematen duten diruarekin, kanpotik jan merkea ekartzen da; hori da Lularen estrategia, baina janari merkerik ez dagoenean, nork emango dio jaten gizarteari? Ekonomisten arabera, elikagaien ekoizpen osoaren %90 baserritar txikiek egiten dute oraindik. Merkatuak zabalduz pobreak aberastuko zirela gezur hutsa izan da; migrazioa, baserritarren krisia eta nekazaritza inguruaren desegitea ekarri du. Emigrazioa, azkenean, bazterketa soziala da. Sintesia posible da: egin dezagun elikadura subiranotasunaren ekonomia lokala bideratuko duen politika, eta, aldi berean, aitor diezaiogun eskubidea betiere alde egin nahi duenari.

Politikak dirua esan nahi du, politika orok dauka kostu bat… Merkatu lokalak ere bai?

Hau ez da diru eztabaida bat. Finantza baliabideak esportaziora bideratzea da egin behar ez dena; egin beharrekoa, berriz, eredu lokala babestea da. Bataren edo bestearen aldeko postura behar da. Merkatu lehiakortasunak bazterketa dakar; elikadura eta baliabide naturalak zaindu egin behar dira, eredu iraunkorra bideratzen duen araudi batekin. Baserritarrak eta arrantzaleak munduko biztanleen erdiak baino gehiago gara; hemen, Afrikan, %80.

Egoera ezberdinetan egonik, adostasunak lortzen dituzue?

Bai Ipar Amerikako eta bai Afrikako herritarren mugimendu sozialen artean nik ez dut kontraesanik sumatzen. Hartu Maliko baserritar bat, ikusi zuria dela, jarri txapela, eta euskalduna ematen du, gauza berberak esaten ditu, ekonomia lokala nahi duela, herriaren nortasuna babestu behar dela eta abar. Sozialki eta ekologikoki iraunkorra den eredua babestu behar da. Malik duen tresna bat inportazioak gelditzeko tarifak ezartzea da. Dagoeneko bertako tomate gutxi ikusten da, adibidez; deslokalizazio arinaren ondorioz, ezin zara lehian aritu Almeriako ereduaz eta Saharaz hegoaldeko langileak erabiliz Ipar Afrikan ekoizten duten tomatearekin; izan ere, beti dago norbait zu baino merkeago lan egiteko prest dagoena. Euskal Herriko zainzuria, adibidez, Nafarroatik Extremadurara, handik Perura eta orain Txinan gelditu da. Horri lotuta, gure haziak galduko ditugu; horrexegatik da beharrezkoa elikadura subiranotasuna eskubide unibertsala izatea.

Nekazaritzaren erreforma eskatzen du Via Campesinak ia herri guztietan…

Norberak bere inguruko hitzak ditu; latinoek kontzeptu politiko hori erabili dute. Nekazaritza politika bat behar dugula esan nahi du, baliabide naturalen erabilera ez duela merkatuak erabaki behar. Guk ez dugu termino hori erabiltzen, baina hemen ere lur jabetasunean kontzentrazio itzela dugu; espekulazioak milaka eta milaka baserri suntsitu ditu. Nekazaritza erreforma kontzeptuaren funtsezko beste elementu bat emakumeak dira. Emakumeak zaintzen du nekazaritza kultura; argi dut etorkizunik badago emakume baserritarraren eskutik etorriko dela.

Nola erakarri kontsumitzaileak?

Europan eta Ipar Amerikan kontsumitzaileei buruz egiten dugu berba, baina munduan ez dute ezagutzen kontzeptu hori. Kontsumitzaileak Europan objektu gara, merkatuen interes bat, ez gara aldaketaren subjektu. Afrikan, hemen, inork ez du kontsumitzaileez berba egiten; eztabaida ez da, beraz, kontsumitzaileena, herritarrena baizik: gauza ez da saltzea eta erostea, gauza da erabakimenean protagonista izatea.

Gure bizimodua erabakitzen dugu?

Ez dakit, baina horrela behar du. Kontsumitzaileak oso garrantzitsua dira; adibidez, Europan transgenikoek porrot egin dute kontsumitzaileei esker, baina hori baino gehiago behar da. Norberaren botere politikoa gauzatu egin behar da. Euskal Herrian, baserritarrek eta arrantzaleek betidanik gizartearekin harreman onak eta sendoak eduki dituzte; oraindik ere bertako produktuok izen ona dute. Kultura hori oso garrantzitsua da, eta horiexek dira gure alternatibak. Gure alternatiba ez da esnea Parisen egin eta Turinen saltzen duen enpresa aleman bati saltzea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)