Prozesua babestu dute Anitzak ekimenean bildutako etorkinek

«Herri honen parte» direla eta, konponbidean lagundu nahi dutela adierazi dute aurkezpen ekitaldian

Berria, aitziber laskibar, 04-03-2007

Bilbo

«Guk, gainontzeko herritarrek bezala, etorkizun baketsu eta askea nahi dugu bai guretzat bai eta gure seme – alabentzat ere. Harro sentitu nahi dugu herri honetan bizitzeagatik eta bertako parte izateagatik. Azken batean, orain gu ere hemengoak gara». Horrexegatik bultzatu nahi dute bake eta normalizazio prozesua, eta horrexegatik sortu dute Anitzak ekimena. Ez direlako «arrotzak». Beren sustraiei uko egin gabe ere, «herri honetako parte» sentitzen direlako.

Gatazkak eragiten dien eragile guztien arteko elkarrizketa eta negoziazio politikoaren alde egin dute «gatazkaren konponbide demokratikoaren alde» Anitzak ekimenean bildu diren etorkinek. Elkarrizketa horrek bazterketarik gabekoa izan behar duela uste dute, eta Euskal Herrian bizi diren herritar guztiek libreki erabakitzen dutena errespetatzeko beharra aldarrikatu dute. «Hau da, azken finean, behin betiko konponketarako bide bakarra».

ALDERDI ETA ERAGILEEN SOSTENGUA. Txalaparta doinuekin hasi eta bertsoekin jarraitu zuen aurkezpen ekitaldiak Bilbon. Eta eragile ugariren babesa jaso zuen. PP ez beste alderdi guztietako ordezkariak eta hainbat sindikatu eta gizarte eragileetakoak joan ziren Bilborock aretora, etorkin taldeari sostengua adieraztera.

«Gehiengoak aldarrikatzen duen herriaren onarpena eta errespetua, bake nahia eta askatasun desira konpartitzen ditugu», azaldu zieten Anitzak ekimenekoek bertaratutakoei. «Ez dugu baztertuta geratu nahi. Gu ere konprometituta sentitzen gara».

Askotarikoa da Anitzak; ugari, asko adierazi nahi du Iparraldean. Bi esanahiak batu nahi dituzte sustatzaileak. Munduko leku askotatik etorrita Euskal Herri osoan zehar bizi diren askotariko pertsona ugari bildu nahi dituzte. Baina askotarikoak izanik ere, zenbait gauza partekatzen dituztela argi dute: Euskal Herrian bizi direla eta bake eta normalizazioaren aldeko ekarpena egin nahi dutela. «Gure etorkizuna ere badelako».

Ekimenaren oinarriak azaldu eta hainbat etorkinen testigantzak jasotzen dituen Gu ere bai! dokumentalaren bidez azaldu zituzten haien jatorri eta bizipenak. Euskal Herritik atzerrira joan behar izan zuten ehunka herritarren irudiak ere jaso zituzten, ondoren Joseba Sarrionaindiaren Tren luzea oinarri hartuta poema musikatua egiteko.

Anitzak – eko kideek hartutako konpromisoen berri ematen zuen manifestua zortzi hizkuntzatan irakurri zuten. Bakoitzaren jatorrizko identitatea mantendu, eta era berean, Euskal Herrian «sozialki kokatu» eta euskal kultura mantentzeko saioarekin bat egin zuten. Halaber, normalizazio politikorako prozesuari babes eman, eta nork bere jatorrizko herrietan «gatazkaren egiazko zergatiak eta euskal jendartearen gehiengoaren nahia» ezagutzera emateko konpromisoa hartu zuten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)