Bost adingabe atzerritar Bilbora iritsi dira, Espainiako Gobernuak Diputazioari iragarri gabe

Ondoen Bilbon egongo direla esan eta Bilbora joateko hegazkin txartela ordaindu diete

Berria, 01-03-2007

ERREDAKZIOA

Bilbo

«Norbaitek esan die Bilbon egongo direla ondoen eta Madrildik Bilbora etortzeko bidaia ordaindu die». Hala iritsi dira Ghanatik eta Senegaldik Kanarietara (Espainia) joandako bost adingabe atzerritar Bilbora, Juan Maria Aburto Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatuaren esanetan.

Aburtok ez zuen adierazi hegazkin txartela nork ordaindu dien bost gazteei, baina Espainiako Gobernuaren jarrera salatu zuen ondoren. «Esaten dudan gauza bakarra da norbaitek hegazkin txartela ordaindu diela eta orain bost gazteak Bizkaiko zentro batean daudela, Espainiako Gobernuaren inolako lankidetzarik, plangintzarik edo diru laguntzarik gabe».

Bost adingabe atzerritarretatik hiru Senegalgoak eta bi Ghanakoak dira. Gazteek Bizkaiko Diputazioko ordezkariei esan dietenez, hegazkinean joan ziren Kanarietatik Madrilera eta Madrilen esan zieten Bilbon hartuko zituztela ondoen. «Asaldagarria, jasanezina eta salagarria da», esan zuen Juan Maria Aburtok. Gertatua Fiskaltzari jakinaraziko diola iragarri zuen.

GAINEZKA. Gizarte Ekintza diputatuaren iritziz, Bizkaiak atzerritar adingabeak hartzeko duen gaitasunak gainezka egin du. Espainiako Gobernuak atzerritar adingabeak hainbat lurraldetara bidaltzeko egitasmoa iragarri zuenean baino ehun atzerritar adingabe gehiago daude Bizkaian. Orduan jada Bizkaiko Diputazioak esan zuen ezin zuela Kanarietara iritsitako atzerritar adingaberik hartu, zentroak beteta zeudelako.

Aburtok atzo gogorarazi zuenez, Consuelo Rumi Espainiako Immigrazio idazkariak elkartasun falta egotzi zion Bizkaiari. Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatuaren arabera, hamar mila biztanleko zenbat atzerritar adingabe dauden neurtuz gero, Bizkaiak Kanaria uharteek baino gutxiago, baina Espainiako probintziek baino atzerritar adingabe gehiago hartu ditu.

«Consuelo Rumiren hitzek auzo lotsa eragin zidaten», esan zuen atzo Juan Maria Aburtok. «Guk ez genuen esan bakarrik ezin genuela atzerritar adingabe gehiago hartu. Autonomia erkidego guztietako datuak mahai gainean jartzeko ere eskatu genuen, adingabeei laguntza egokia nola eskaini aztertzeko».

Juan Maria Aburtoren esanetan, lurralde «guztiak» ari dira etorkinen arazoari «adabakiak» jartzen, «baina batzuk planak eginez eta, beste batzuk, arazoa gainetik kentzeko asmoz». Ildo horretan, esan zuen zazpi adingabe atzerritar iritsi direla Bartzelonatik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)