Baionako Auzitegiak hilaren 7an ebatziko du baliogabetutako ezkontzaren gainean

Ezkontza trabatuz, Prokuradoreak egozketen kupoa bete nahi duela salatu du Alain Larreak

Berria, 27-02-2007

Aitor Renteria

Baiona

Fatima Aminek Baionako prokuradorearen aurka ezarritako salaketa aztertu zuen atzo Auzitegiak. Fatima Amin eta Sadik Lazzik ezkontza eskaria egin zuten 2006an Baionako Herriko Etxean. Lazziren egoera administratiboa legez kanpokoa zela kontuan hartuz, Jean Grenet Baionako auzapezak ezkontza baliogabetzeko prozedura ezarri zuen abian. Ezkontza baliogabetzeko eskatzeagatik, Aminek Patrice Michel Baionako prokuradorearen aurkako salaketa jarri zuen. Epaileak martxoaren 7an emanen du ebazpena.

Alain Larrea abokatuak ezkontza baliogabetzen duen erabakia bertan behera uzteko eskatu zuen. «Prokuradorearen iritziz, hiritar guztiak balizko gaiztaginak dira, gehiago oraindik etorkinak badira» erran zuen. Frantziako Parlamentuak Gaiztaginen Aurkako Legea eta Immigrazio Legea onartu ditu. Horietan oinarritu ziren hala Grenet ezkontzari buruzko ikerketa eskatzeko nola prokuradorea ezkontza baliogabetzeko.

Ezkontza eskaria hartzerakoan, Baionako Herriko Etxeko bi axurantek hitzordua ezarri zieten Lazzi eta Amineri 2006ko urriaren 24an. Dufrene – Bordatto axurantak susmagarritzat jo zuen ezkontzaren helburua, Lazzi Baionan gelditzeko trikimailutzat, alegia. Izan ere, Lazzi marokoarra da eta ez zuen Frantzian bizitzeko baimenik. Baionan ezkonduz agiriak lortu nahi zituela iritzi zion Dufrene – Bordattok. Horretan oinarrituz, Grenetek Gaiztaginen Aurkako Legea baliatu zuen ezkontzaren baliogabetzea eskatzeko.

Azaroaren 6an prokuradoreak ezkontzaren balioa baldintzapean ezartzea deliberatu zuen, eta Aireko eta Mugetako Poliziaren eskuetan ezarri zuen kasua. Poliziak Lazzi atxilotu zuen eta prokuradorearen erabakiaren zain etxean egotera behartu. Azaroaren 28an Marokora egotzi zuten Lazzi. Abenduaren 4an ezkontza baliogabetzeko prozedura abian ezarri zuen prokuradoreak.

«Ezkontza agiriak lortzeko trikimailua dela erran du prokuradoreak, baina nola frogatu behar dute maitasuna, musuka, ezagutzen ez duten jendearen aitzinean?», galdetu zuen atzoko saioan Larreak. Bi ezkontideak aspalditik elkarrekin bizi zirela nabarmendu zuen. Hori adierazten duten dozenaka lekukoren testigantza erakutsi zuen Larreak. Lekukoen arabera bikoteak jai handi bat egin zuen senide eta lagunekin. Poliziaren presioak ere salatu zituen Larreak. «Lekukotasun faltsua emateagatik bost urteko espetxe zigorra eta 15.000 euroko isuna ezar ziezaieketela erran zieten Amin eta Lazziri». Polizia etxean egin zieten galdeketa, nahiz eta bikotea elkarrekin bizi Baionan atxilotu aitzin eta ondoren ere, Lazzi egotzi arte.

Ezkontza bi familiek antolatu dutela erran zuen prokuradoreak erabakian. «Iritzirik gabeko emakumea aurkeztu nahi digu prokuradoreak, kontuan hartu gabe Amin ezkondua egon zela lehen, eta berak hartu zuela bereizteko erabakia». Bi haur ditu Aminek ezkontza hartatik. Geroztik berak hazi ditu.

ERABAKIAREN BERRESPENA. Prokuradoreak erabakia berresteko eskatu dio epaileari. Ezkontza prozedurari jarraikiz, bikoteari egindako galdeketan susmo adierazgarriak sortu zirela adierazi zuen. Lazzik ez zuen Baionan bizi ahal izateko administrazio agiririk eta, prokuradorearen iritziz, hoztasun handia erakutsi zuen bikotekidea aipatzerakoan.

«Ez zekien non egiten zuen lan emaztegaiak, ez zekien zenbat irabazten zuen, eta guk sinetsi behar dugu ezkondu eta familia burua bihurtu nahi zuela?», galdetu zuen prokuradoreak. Ez zuen onartu Lazzik haurren ardura beregain hartzen zuenik. Lanik ez zuela azpimarratu du eta, ondorioz, egunero haurrak eskolara eramatea egin zezakeen gutxiena zela nabrmendu zuen.

Hendaiako Poliziak egindako galdeketa ekarri zuen behin eta berriz gogora. Lazzi eta Aminen lekukotasunetan funtsezko kontraesan adierazgarriak daudela erran zuen. «Aminek onartu zuen 2006ko abuztuan ezagutuko zutela elkar, ez 2005ean, Lazzik adierazi bezala; eta horrek frogatzen du familiek adostutako ezkontza baten aitzinean gaudela».

Gaiztaginen Aurkako Legea eta Etorkinen Legearen aipamena gaitzetsi zituen. 2006an Baionako Herriko Etxeak ezkontza baliogabetzeko eskari bakarra egin duela gogorarazi zuen.

Prokuradorearen iritziz familiak antolatu zuen ezkontza, Lazzik agiriak lor zitzan. Etorkinen Legea onartzerakoan, Frantzia maite ez duenak alde egin dezan eskatu zuen Sarkozyk. «Aminek horrenbeste maite badu gizon hori, joan dadila Marokora eta ezkon daitezela han».

arenteria@berria.info

 

«Aminek horrenbeste maite badu gizon hori, joan dadila Marokora eta ezkondu daitezela han»

Patrice Michel

Prokuradorea

 

 

«Prokuradorearen iritziz hiritar guztiak balizko gaiztaginak dira, bereziki etorkinak badira»

Alain Larrea

Abokatua

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)