«Etorkinei euskara ingelesez eta frantsesez irakasten hasiko gara»
Berria, 23-02-2007edu lartzanguren
Donostia
Etorkinentzako euskara ikastaro berezia antolatu du Ipes erakundeak Bilboko San Frantzisko auzoan. Bereziak dira ikastaroko klaseak ingelesez edo frantsesez emango dituztelako. Txema Uriarte kultura-aniztasun teknikaria da Ipes elkartean, eta berak antolatu ditu ikastaroak.
Zergatik erabaki duzue euskarazko klaseak ingelesez eta frantsesez eskaintzea?
Bost urte daramagu San Frantziskon etorkinei eta auzokoei euskara irakasten gau eskola moduan. Konturatu gara auzoan jende asko Afrika erdialdetik eta beste lekuetatik etorri dela eta ez dutela gaztelaniaz batere ongi egiten. Ikasleotako batzuek esan ziguten askoz hobeto ibiliko liratekeela euskara eskolak beraiek ikasketak egiteko erabili duten hizkuntzan jasoz gero. Hortik atera da ideia. Astelehenean hasiko gara eskolekin. Proba bat da.
Frantsesaz eta ingelesaz gain, beste hizkuntzak erabiltzeko asmorik duzue?
Galizieraz eta arabieraz eman nahiko genuke. Alde batetik, Galiziatik jende asko etorri delako, eta baita Brasil, Guinea eta Angolatik ere. Galizieraz eta portugesaz egiten dutenek primeran ulertzen dute elkar. Aste Santua pasa ostean, has gaitezke galizieraz eta arabieraz irakasten. Irakaslea lortzea da beti arazo nagusia.
Nork emango ditu lehen eskola horiek?
Koldo Garai izango da irakaslea. Bordeleko Unibertsitatean irakatsi zuen frantsesez. Prest agertu zen eskolak emateko. Gero Bretainiako emakume bat Emily Jones izan daiteke irakaslea. Gaur aurkeztuko ditugu ikastaroak. Auzoko zerbitzua da, eta doan da.
Etorkinek, normalean, lehenbizi gaztelania ikasteko ohitura dute egun. Zuena izan al daiteke modu bat zuzenean euskarara erakartzeko?
Guk gaztelania ikasten ari direnengana jotzen dugu, eta esaten diegu euskara Euskal Herriko hizkuntza dela, eta ikastera animatzen ditugu. Batzuek interesa dute, eta asko frantsesez edo ingelesez eskolatu ziren. Horregatik, uste dugu askorentzat errazagoa izango dela euskara horrela ikastea, gaztelaniatik pasa gabe. Bestalde, Bilbo aldera jende askotxo dator Erasmus egitasmoaren bidez. Gau eskolan gertatu zaigu, esaterako, Islandia edo Herbehereetako ikasleak etortzea. Apenas dakiten gaztelaniaz, eta gure klaseetan arazo batzuk izan ditugu. Denbora laburrerako dator jende hori, eta askotan, euskararen mundura hurbiltzeko gogoz egoten da.
Nahasketa interesgarria gerta daiteke atzerriko ikasleak eta derrigorrezko etorkinak elkartuta.
Konturatu gara nahasketa horretan jendea oso gustura egoten dela. Teoria batzuek esaten dute talde homogeneoak sortu behar direla eta abar, baina gure ustez nahasketa sortzea askoz interesgarriagoa da. Aniztasun horri erantzuteko euskara emateko moduak zabaltzea da gure erronka.
(Puede haber caducado)