Adengo Golkoan aste honetan 107 immigrante hil direla salatu dute
Berria, 17-02-2007erredakzioa
Yemen helmuga zuten baina ez dira iritsi. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eman du jakitera albistea. Somaliatik lau ontzi atera ziren iragan astelehenean eta horietan zihoazen 107 immigrante hil dira itsasoan. Adengo Golkoan lau ontzietako bat hondoratu zen. Bi ontzitan 250 etorkin zihoazen, somaliarrak eta etiopiarrak, eta horietako 107 hil dira itsasoan. Ron Redmond UNHCR erakundeko bozeramaileak beste bost lagun desagertuta daudela jakinarazi zuen atzo: «Azken orduotan jaso dugun informazioaren arabera, 107 lagunen gorpuak agertu dira kostaldean».
Bi ontziotan zihoazen etorkin guztiak itsasora salto egitera behartu zituzten itsasontziko arduradunek. Redmondek azaldu duenez, bizirik atera zituzten 128 immigranteak «ordu luzeak» igaro zituzten itsasoan armada iritsi artean. Somaliara, ondo zegoen ontzian, itzuli ziren bidaia antolatu zuten mafia taldeko arduradunek.
Adengo Golkoan immigrantez betetako beste bi ontzi zeuden, antza denez, astelehenean. Orotara 235 etorkin zihoazen bi ontzi horietan. Hauek helmugara iritsi ziren, Yemenera.
IAZ 330 HILDAKO. Somaliatik ateratako ontzietan 1.776 immigrante iritsi dira aurten jada Yemenera. Bidai horretan hildakoak, berriz, 136 izan dira. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi duenez iaz 27.000 immigrante saiatu ziren itsasartea zeharkatzen. Saio horretan iaz hildakoak, berriz, 330 izan ziren eta desagertutako lagunak 300.
Yemenera sartutakoan Saudi Arabiara joaten saiatzen dira legez kanpoko etorkinak lan bila. Somaliatik, Etiopiatik eta Eritreatik ihesean daude kasu batzuetan herrialde hauetako gatazkak eraginda eta, beste kasu batzuetan, bizi baldintza ekonomiko hobeagoen bila abiatzen dira Saudi Arabiara. Somalian azken hilabeteotan borroka gogorrak izan dira.
(Puede haber caducado)