Etsaiak egiten
Leihatila . CRISTINA BERLANGA
Berria, 14-02-2007Espainian erreklutatutako Jihadeko kideak Al Kaedarekin entrenatu dira Malin. Bin Ladenen Afrikako talde berria da Europarentzat mehatxu nagusia. Horixe zen El País egunkariaren igandeko azaleko izenburua. Bin Ladenen argazki handi bat ageri zen artikuluaren hasieran, eta guztiz betetzen zituen titular asaldagarri horren helburuak; horrekin batera, Espainia eta Frantzia Europari buruz egiten ari diren ikerketen berri ematen zuen, bai eta Marokoren berri ere; ezin hobeto zaintzen ditu Europako gotorlekuaren mugak. Artikuluaren arabera, «bere ametsik handiena bete du Bin Ladenek: aliatu fidela edukitzea Afrikan, eta oinarri bat, berriz, Europatik hurbil, erasoak prestatzeko». Urtarrilaren amaieran, biltzarra egin dute hiru estatu horietako terrorismoaren aurkako fiskalek, eta arriskuaz ohartarazi dute. «Ez da Afganistanera edo Irakera joan beharrik», diote. «Orain hementxe entrenatzen dira. Joan-etorria askoz ere errazagoa denez, are handiagoa da arriskua». Eta Prediku eta Borrokarako Talde Salafistak irailean egindako adierazpena da falta zitzaiguna, Al Kaedarekin ituna egin izanaren ingurukoa. «Bost gauza agintzen dizkizuet: biltzeko, entzuteko, kasu egiteko, emigratzeko eta Alagatik jihada egiteko…». Terrorismoaren aurkako adituen ustez, «Afrika iparraldean zintzo hartuko dute nazioartean zabaltzeko eta beren buruak emateko egindako eskaera; lagun talde handiak irten dira Europarantz». Estrategia ez da berria; musulmanek urteak daramatzate horrekin, batez ere irailaren 11z geroztik, eta Asiatik eta Ekialdeko Afrikako hainbat herrialdetatik heldutakoek. Islama kriminalizatzearen ondorioz, baztertu egiten dituzte etorkinak Europan; susmopean eta kontrolpean egoten dira. Etorkin horrekin batera, bazen beste etorkin mota bat ere orain arte: jatorriagatik eta kristaua izateagatik maitatua zena. Afrikarrei dagokienez, Magrebekoak zuzen-zuzenean dira susmagarriak, baina Saharaz hegoaldeko Afrikakoak hobeto hartu ditugu, orain arte. Izan ere, inguru horretako etorkinak ageri dira azkenaldian berrietan, eta horiek jarri dituzte Espainiako gobernuak «egoera zailetan». Saiatu dira Afrika Planarekin; hau da, dirua bidaltzen etorkinen herrialdeetara edo horiek zeharkatu behar dituztenetara, jende multzo horiek kontrola ditzaten, eta Guardia Zibila jarri dute portuetan, horietatik irteten baitira txalupak. Horrekin batera, jendetza bidaltzen dute, eta atxilotze etxe handiak jarri dituzte; horietan, noski, ez da inolako berme judizialik. Hala eta guztiz ere, ez zaie nahikoa iruditzen. Beraz, B plana jarri dute martxan; hau da, beste immigrazio talde arriskutsu bat sortuko dute, gaiztoetan gaiztoenari lotutakoa; dakigunez, Europara gure segurtasuna urratzera datorrena. Segur aski, beste modu batera ikusiko ditugu hemendik aurrera Marine I ontziko ia 400 etorkinak, eta ez gara hainbeste lotsatuko.
(Puede haber caducado)