Jira Uxue Apaolaza

Etsai komunak

Berria, 10-02-2007

Mexikotik etorritakoari mesfidantzaz begiratzen zion bi gela harago bizi zen neska brasildarrak, izan ere zarata arraroak entzuten dira bere gelatik, eta ahotsa jaitsiz esaten digu uste duela santera dela, edo horrelako zerbait, eta puta, bai, bai, bere senarra, senarra baino gehiago da eta gainera edan egiten du. Brasilgo gizonari (senarra baino gehiago), susmo txarra sortzen dio pasilloaren beste aldean bizi den Kolonbiako neskak, gizon asko igotzen ditu etxera, eta horretan ados dago mexikarrarekin, hori onartezina da, puta baita, bai, bai, puta, eta badakigu horiek ze jende motarekin ibiltzen diren. Brasilgo neskari hala ere ez zaio mexikarra gustatzen, barre egiten duelako etengabe gogorik gabe, eta berogailua topean jartzen duelako beti.

Behin sukaldean katilu berria azaldu zen fregadera ondoan garbitu gabe; garbitu gabe baita ere zartagin bat eta sardexka. Brasildarra eta mexikarra begira-begira, nor izan ote da? Mutil berria etorri da pisura, esan du senarrak, problematikoa ematen du. Barre egin dute bi emakumeek, Vallecas-koa da, eta badakigu auzo horretakoak nolakoak diren, basatiak, dio batek, bai, gertutik begiratu beharko diogu, bai, eta hirurak bildu dira kide berriaren atearen aurrean, edozein zarata barkaezina izango da gaurtik aurrera.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)