ROBERT DUNBAR . Europako Kontseiluko hizkuntza gutxituei buruzko aholkularia
Europako hizkuntza gutxituen egoera larria da Europa osoan, Robert Dunbaren arabera, ez dagoelako haien iraupena bermatuko duen politikarik.
Berria, 10-02-2007iñaki petxarroman
Donostia
Kanadan jaio arren, Eskozian bizi da. Aberddeneko Unibertsitateko irakaslea izanik, hizkuntza gutxituen babeserako zentro bateko zuzendaria izateko hautatu dute. Europako Kontseiluko aditua da, eta haren lana hizkuntza eta kultura gutxituen babesera bideratu du, zuzenbidearen alorrean. Deustuko Unibertsitateak antolatutako giza eskubide eta aniztasunari buruzko jardunaldi batzuetan izan berri da gurean.
Zein da, egun, Europako hizkuntza egoera?
Hizkuntza gutxituek oso egoera zaila dute. Haietako oso gutxik dute estatuaren behar bezalako laguntzarik, eta inola ere ez dago ziurtatua haien iraupena. Hala ere, hiztunek badituzte eskubideak, eta badira hizkuntza horiek babesten dituzten nazioarteko legeak. Hizkuntza ia guztiek dituzte laguntza batzuk estatuen aldetik, baina arlo pribatuan – edo ekonomikoan – , oro har, ez dute batere laguntzarik jasotzen. Oro har, normalizaziorako baldintzarik ez dago hizkuntza gutxituentzat, ez dagoelako bizitzerik haiekin bakarrik.
Badira, gainera, etorkinek dakartzaten hizkuntzak ere, gero eta ugariagoak.
Hor erronka handia dugu. Herrialde guztiek nahi dituzte etorkinak integratu, jaso dezaten herrialdeko hizkuntza nagusia. Immigrazio horiek eragiten dute ere hizkuntza gutxituetan, nola ez. Erresuma Batuan batzuek diote inportanteagoa dela etorkin horien hizkuntzak erabiltzea Eskoziako gaelikoa erabiltzea baino. Hori hizkuntza autoktono gutxituen alde ezer ez egiteko aitzakia baino ez da. Izan ere, gaelikoa erabiltzeko ohitura hartzen duzunean, errazago izango zaizu beste hizkuntza batzuk erabiltzea ere. Hori esaten dutenek ez dute inolako interesik besteak integratzeko, etorkinak erabiltzen dituzte hizkuntza gutxituetako hiztunekin tentsioa sortzeko, eta hizkuntza boteretsuen nagusitasuna mantentzeko.
Zer moduzko egoera bizi du Eskoziako gaelikoak?
Inoiz baino babes handiagoa du. Eskoziako Parlamentuak gaelikoa babesteko lege esparrua onartu zuen, eta, hala, gaur egun posible da hezkuntza jasotzea hizkuntza horretan. Telebistako kanal bat dugu egunean ordu eta erdiz gaelikoz ari dena. Baina laguntza handiagoa behar dugu. 60.000 hiztun ditugu, herritarren %2 inguru. Egoera hobetzen ari da, eta aukera berriak sortzen ari diren arren, oraindik ere oso larri gaude.
Aipatu duzu XIX. mendean, hizkuntz aniztasuna «arazotzat» hartzen zela, estatu nazio sortu berrientzako oztopo zirelako. Gaur aldatu al da ikuspegi hori?
Ez da asko aldatu. Nazioarteko zuzenbideak aurrerapenak ekarri ditu alor horretan, eta, esaterako, Gutxiengo Nazionalak Babesteko Hitzarmen Markoa edo Hizkuntza Gutxituen Euroituna hor daude. Alegia, auzi horietaz hitz egiteko modua aldatu egin da. Aldaketa erretoriko horrek, espero dezagun, pentsaera aldaketa ere ekarriko duela, baina oraingoz, ez da halakorik gertatu. Gobernu gehienek jarraitzen dute pentsatzen hizkuntza gutxituak, edo etorkinen hizkuntzak eta kulturak, arazo bat direla, ez aberastasun edo aukera. Diskurtso zuzenak dio gutxiengo horiek errespetatu behar direla. Baina benetan nahiago lukete arazoa izango ez balitz.
Uste duzu nazioarteko legeek aski babesten gaituztela estatuek ezer egiteko borondaterik ez duten kasuetan?
Uste dut orain lehen baino babes pixka bat gehiago dugula, oro har. Hitzarmen Markoak eta Euroitunak, eta baita Nazio Batuen Erakundeak (NBE) berak ere zenbait arau ezarri dituzte, baina nazioartean ez dago estatuak behartzeko mekanismo eraginkorrik. Esaterako, ez dago gai horiek aztertuko eta jarraituko dituen nazioarteko epaitegirik. Ezin dugu inora joan gure eskubideak urratzen ari direla salatzera. Horregatik, oraindik ere estatuek dute botererik handiena, ezin ditugulako behartu ezer egitera, borondaterik ez dutenean.
Iruditzen al zaizu Europako estaturen bat eredugarria dela hizkuntza gutxituak babesteko aurrera daraman politikagatik?
Uste dut Finlandia aipa daitekeela, suediar hizkuntza babesten duen modua kontuan hartuta. Suedierak estatus ofiziala du Finlandian. Edozein finlandiarrek ikas dezake suediera. Alabaina, gazteek, askotan, nahiago izaten dute ingelesa ikasi, globalizazioaren ondorioz. Hizkuntza gutxituek – suediera, kasu horretan – erronka handia dute, haien baliagarritasuna ez delako hain nabarmen ikusten. Eta Europako Batasunak badu ardura handia horretan, bakarrik bultzatzen dituelako hizkuntza boteretsuenak. Horregatik, oso garrantzitsua da zerbitzu guztiak eskaintzea hizkuntza gutxituetan, prestigioa ematea, ikustea beharrezkoa dela, esaterako, lan egiteko.
Nola ikusten duzu euskararen egoera?
Egoera zaila du. Hiru politika ezberdin daude hizkuntza batentzat, eta hori guztiz bidegabea da. Loteria bat da: non jaio eta non bizi den, eskubide ezberdinak izango ditu euskal hiztunak. Desberdintasun hori oso zaila da ulertzea, eta ez da bidezkoa. Euskaldun guztiek eskubide eta babes berak behar dituzte lurralde osoan, eta hemen dagoen egoerak erakusten du nazioarteko eta Europako politikak duten ahulezia, haiek bermatu beharko luketelako hiztun guztiek eskubide berak izatea estatu batean zein bestean.
Nola eragiten die globalizazioaren fenomenoak hizkuntza gutxituei?
Uste dut arriskuak dakartzala, baina baita aukerak ere. Telebista, Internet, teknologia berriek hizkuntzak sartzen dituzte etxean, eta hor hizkuntza boteretsuenek abantaila dute, jakina. Dinamika eta lehia ekonomikoek ere kalte egin ohi diote hizkuntzarik ahulenari. Baina aukerak ere badituzte, teknologia berriek bidea eskatzen dutelako diru gutxiagorekin komunikatzeko tresnak eskuratzeko. Edo, adibidez, munduan sakabanatuta dagoen diaspora jatorrizko kulturarekin harremanetan sartzeko. Gainera, pentsaera aldatzeko aukera handiagoa izango dugu, beste kulturak gero eta gertuago eta eskuragarriago izango ditugulako, eta horrek munduak duen aniztasuna ulertzen eta baloratzen lagundu ahal digulako.
(Puede haber caducado)