Bi gazte hiltzea leporatu diete Frantziako bi poliziari
Berria, 09-02-2007agentziak
Paris
Zyed Benna eta Bouna Traore, 17 eta 15 urtekoak hurrenez hurren, 2005eko urrian hil ziren elektrokutatuta. Poliziarengandik ihesi zihoazen eta Clichyko transformadore batean ezkutatu ziren. Atzo jakin zen bi polizia ikertzen ari direla, bi gazteen heriotzarekin zerikusia izan zutelakoan. Barne ikerketaren arabera, Polizia bi gazteak jazartzen ari zen. Besteak beste, haiek transformadorean ezkutatu zirenean haien segurtasuna bermatzen saiatu ez izana leporatzen diete. Ikerketaren arabera, ez zioten argindar konpainiari deitu ere egin, nahiz eta hori nahikoa izan ez haien biziak bermatzeko.
Hasieran agintariek ukatu egin zuten gazteei laguntzarik eskaini ez izana. Orain, ordea, epaile batek erabaki du badagoela froga nahikorik polizien kontrako salaketa aurkezteko, arriskuan dagoen jendeari ez laguntzeagatik. Horretaz gain, poliziek arinkeriaz jokatu zutela dio barne ikerketak. Karguak onartuz gero, bi poliziek bost urte arteko kartzela zigorra jaso dezakete. Horietaz gain, beste hiru polizia ere ikertzen ari da Fiskaltza. .
IRRATIKO ELKARRIZKETAK. Gau hartan poliziek irratiz izandako elkarrizketetan oinarritu dute ikerketa. Haietako batek hiru aldiz esan zien bere kideei bi gazteak transformadorean ezkutatu zirela: «Sartzen badira nik ez dut ogerleko bat ere emango haien larruarengatik».
Bi gazteen heriotzak hiru aste iraun zuten liskarrak eragin zituen Frantziako bazter – auzoetan. Manifestariek milaka auto erre zituzten eta enfrentamenduak izan zituzten Poliziarekin ere. Ondorioz, Frantziako Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen. Etorkinak eta haien seme – alabek haiek baztertzea leporatu zioten Frantziako presidente Jacques Chiracen gobernuari.
(Puede haber caducado)