EBk immigrazioari galga emateko lan zentroak jarri nahi ditu Afrikan

Mauritaniako kostatik gertu, itsasontzian ezin lehorreratu jarraitzen dute, egoera gizagabean, herrien artean ez direlako ados jartzen

Berria, 09-02-2007

A.M.

Espainia, Mauritania, Senegal eta Ginea. Horiek dira Marine I itsasontzi matxuratuan dauden 400 bat etorkinen kargu hartu nahi ez duten herriak. Espainiaren ustez, Mauritaniari dagokio haiek hartzea. Hango kostatik gertu utzi zituen etorkinak Espainiako Itsaso Salbamenduak, matxura izan zuten gunetik portu gertuenean utzi behar zuela – eta. Mauritaniak, berriz, Senegalen utzi behar zuela esan zion Espainiari, handik gertuago zegoela. Ginea prest legoke etorkinak hartzeko baldin eta frogatzen bada herri hartatik atera zela itsasontzia. Bien bitartean, joan den igandeaz geroztik, 400 pertsona inguruk – inork ez daki zehazki zenbat diren – , itsasontzi matxuratuan lehorreratu ezinik jarraitzen du jende kopuru horri legokiokeen ontzia baino askoz txikiagoan. Gaur astebete hondatu zen ontzia, eta inork ez du esaten zenbat egun daramatzaten itsasoan. Lehen aldiz urtarrilaren 30ean ikusi zituen itsaso zaintzako Espainiako hegazkin batek.

Jatekoa eta edatekoa Gurutze Gorriak eman die, baina inor ez da itsasontzira igo. Harreman bakarra irratiz dute, etorkinetako batekin. Joan den astelehenean eraman zituzten lehenengo elikagaiak, eta atzo beste kargamendu bat utzi zuten, hiru egunetarako. Elikagaiez gainera botikak ere sartu dituzte beherako kasuak eta sukar sintomak egon baitaude, eta inork ez dakien beste edozer.

Espainiako Esperanza del Mar itsasontzia astelehenean atera zen Kanarietatik (Espainia) jatekoarekin eta edatekoarekin, Espainiako autoritateek aginduta, baina iristen ari zela, beste agindu bat jaso zuen. Ezin zuen itsasontzira gehiegi gerturatu paperik gabekoek Espainiara iristeko aukera sumatu ere egin ez zezaten.

NEGOZIAZIOAK. Espainiako Salbamenduak Mauritaniako Nuadhibura eraman nahi zuen itsasontzia, baina Mauritaniak ez zuen portura gerturatzen utzi. Aitzakia izan zuen nazioarteko uretan topatu zutela, eta Mauritania ez dagoela nazioarteko akordio horietan. Gainera, Senegaldik gertuago ikusi zutela esan zuen.

Espainiako, Mauritaniako eta Gineako ordezkarien artean negoziatzen jarraitzen zuten atzo. Badirudi Gineara eramango dituztela, Konakryra, baina lehenago frogatu egin behar da handik atera zirela. Kanarietako Uharteetako presidenteorde Maria del Mar Juliok, berriz, esan du «arduragabekeria» izango litzatekeela uharteetara eramatea, «itsasoko mafien aurrean aurrekaria sor lezakeelako». Hala ere, «bidegabea da haiek sardin lata batean bezala edukitzea».

Nongoak diren ere ezin da jakin. Asiarrak eta Saharaz hegoaldekoak direla soilik, eta denak gizonak.Itsasoan daude, kostatik 12 itsas milietara egon arren ezin lehorra hartu. Olatuek astintzen dituzte gogor. Gaur baretu da pixka bat itsasoa, baina egunotan ez dute zori bera izan.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)