Iruzurra jasan zuten hirurogei etorkinak babestu egingo ditu Eusko Legebiltzarrak
Senegaldarrek duten egoera larria salatu du Harresiak Apurtuz taldeak Eusko Legebiltzarrean
Berria, 08-02-2007estitxu ugarte
Gasteiz
Eusko Legebiltzarreko talde politikoak prest agertu dira 2005ean Bizkaian kontratu faltsuak saldu zitzaizkiela salatu duten 60 senegaldarrak babesteko. Paperak emateko eskatuz legez besteko proposamena onartuko dutela agindu dute EABk, EAk, Aralarrek, EAJk eta PSE – EEk. Halaber, senegaldar horiei ahal duten laguntza guztia emango dietela esan dute legebiltzarkideek.
Harresiak Apurtuz taldeak etorkinen auzia eraman zuen atzo Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordera. Salatu zuenez, 2005ean Espainiako Gobernuak langile etorkinen egoera arautzeko abiatu zuen prozesuaren barruan, 60 senegaldarrei kontratu faltsuak saldu zizkieten Bizkaian. Mila euro inguru ordainarazi zioten etorkin bakoitzari kontratuaren truke, baina gerora jakin zuten kontratua existitzen ez zen enpresa baten izenean zegoela; horregatik, egoera normalizatzeko aukera ukatu zitzaien.
Harresiak Apurtuz elkartearen laguntzari esker, 60 etorkinek Espainiako Poliziaren aurrean salaketak jarri zituzten, eta Espainiako Poliziak auzitegira eta Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkaritzara bidali zituen salaketak. Gainera, Harresiak Apurtuz taldeak Espainiako Legeak jasotzen duen 45.5 artikulua ezartzeko eskatu zuen: iruzurrak salatzen dituzten eta mafiak desegiten laguntzen duten etorkinei lan egiteko eta bizitzeko behin – behineko baimena ematea.
Nolanahi ere, Harresiak Apurtuz taldeak eta etorkinen bozeramaile Ousmane Dioufek atzo Legebiltzarrean salatu zutenez, Espainiako Administrazioak ez du legea bete, eta legez kanpoko egoeran daude, oraindik, iruzurra jasan zuten senegaldarrak. Hala, urteak daramatzate Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkaritzari legea betetzeko eskatuz, baina administrazioak «borondate falta, axolagabekeria eta profesionaltasun falta» izan duela salatu zuen taldeko kide Rigoberto Jarak.
ETORKINAK, LARRI. Senegaldarrek gaur egun bizi duten egoera azaldu zuen Dioufek. «Hemen gaude eta bizirik iraun behar dugu. Ez gara gaizkileak. Gaizkileak gure diruarekin lasai – lasai bizitzen eta lan egiten ari direnak dira». Dioufek esan zuenez, iruzurra jasan zutenetik bizimodua kalean ateratzen ari dira etorkin gehienak, paperik gabe ez dutelako lanik topatzen. Beste batzuek alde egin behar izan dute.
«Legeak argi eta garbi dio paperak eman behar dizkigutela. Justizia besterik ez dugu eskatzen, herri honen garapen ekonomikoari lagundu eta Senegaleko gure familiei lagundu behar diegu», nabarmendu zuen Dioufek.
(Puede haber caducado)