Bi enpresaburu atxilotu dituzte Bilbon, ustez langile etorkinak esplotatzeagatik

Paperik ez dute Bilboko aroztegi batean zebiltzan bost pertsonak, eta Euskal Herritik bidaliko dituzte

Berria, 02-02-2007

iban ocio

Bilbo

Langileak esplotatzen ari ei ziren enpresaburu bi atxilotu dituzte Bilbon. Baina ustezko «esplotatzaileak» ez ezik, polizia etxean daude «esplotatuak» ere. Arangoiti auzoko aroztegi bateko langileak dira, bai, baina etorkinak. Paperik gabeko bost etorkin, hain zuzen. Eta Espainiako Polizia Nazionalak giltzapean dauzka, Euskal Herritik kanpora – sorterrira, Latinoamerikara – noiz bidaliko zain. «A zer laguntza!». SOS Arrazakeriak salatu du «bota» egin nahi dituztela baldintza duinetan aritzeko aukera eman beharrean. «Kanporatze aginduak eten eta lan baimenak eman behar dizkie Administrazioak».

Ez dute zertan lana galdu, SOS Arrazakeriaren arabera. Eskaera zehatza egin dio Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkaritzari. «Pertsona berberak baldintza onetan kontratatzen behartu behar ditu ugazabak». Bestela, «are kalte latzagoa» jasango dute bost etorkinek. «Baldintza makurretan zebiltzan, baina lana bazuten. Orain, ordea, lanik ez, eta edonoiz kanporatuak izateko arriskuan daude. Egoera okerragoan». Langileak babesten ez, langileak «zigortzen» ari dira.

Etorkin askoren sufrikarioa enpresaburuen «diru goseari» lotuta dago. Baita Atzerritarren Legeari ere. «Badira langileen egoera egunean jarri nahi duten ugazaba asko, baina ezinean dabiltza lege zentzugabe eta krudel horregatik». Orokorrean hitz egin du SOS Arrazakeriak, ia daturik ez baitu Araingoitin gertatutakoaz. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak berak eman du polizia operazioaren berri. Aroztegiko jabeak dira atxilotutako bi ugazabak: 65 urteko gizon bat eta 55 urteko emakume bat. Langileen eskubideak zapaltzea ari ei ziren. Gutxieneko osasun eta segurtasun neurriak ez errespetatzea ere leporatu die poliziak. Epailearen aurrera eraman dituzte biak ala biak.

«OHIKOA DA» ESPLOTAZIOA. Atxiloketen haritik, Euskadiko CCOOk salatu du «uste baino ohikoagoa» dela paperik gabeko langileen kontratazioa. «Prekarietate eta azpikontratazio handiko sektoreetan» dago hedatuen esplotazioa.

Sindikatua, bestela ere, oso kezkatuta dago aroztegiko langileen gaur – gaurko egoerarekin. «Inolako babesik ez dute. Horrelakoetan, lan baimena eman beharko liekete etorkinei, argitara atera daitezen antzeko kasu gehiago».

 

«Uste baino ohikoagoa da gertatutakoa, prekarietate eta azpikontratazio handiko sektoreetan batez ere»

«Halakoetan, lan baimena eman behar diete etorkinei, argitara atera daitezen antzeko kasu gehiago»

euskadiko ccoo

 

 

«Kanporatze aginduak eten eta lan baimenak eman behar dizkie Administrazioak etorkin kaltetuei»

«Baldintza makurretan, baina lana bazuten; lanik ez eta kanporatzeeko arriskuan daude orain»

sos arrazakeria

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)