Festa sortzaileak

Sebastopoleko Titiriteroek 25. urteurrena ospatzen dihardute. Antzerkia, dantza, zirkua, zinema... denetariko ikastaro eta ikuskizunak egiten dituzte.

Berria, 01-02-2007

Idoia Etxeberria

Donostia

Osasuna eta alaitasuna! Hori da Sebastopoleko Titiriteroen agurra. Lanbidea, berriz, denetik pixka bat: pailazo, dantzari, akrobata, antzezle, ibiltari… ikuskizunarekin lotutako edozein jarduera. Antzerkiarekin hasi ziren, eta orain dokumentalak ere ekoizten dituzte. Luzatzen eta kiribiltzen joan da titiriteroen soka. Han – hemenka makina bat antzezlan, ikastaro eta ikuskizun eskaintzeaz gainera, eskola ere badute. Eta aurten 25. urteurrena ospatzen ari dira. «Baina ez da egia. 26 – 27 urte daramatzagu, ez dakigu ziur noiz hasi ginen. Inporta al du, ba? Orain daukagu denbora pixka bat urteurrena ospatzeko», esan du Antton Etxeberriak, irribarrez. «Ez dugu iraganik. Gure errealitatea momentu hau da».

Zirku, antzerki, zinema eta dantza eskola da Sebastopol. Donostian dago, mendian. Eta hantxe egoten da Etxeberria. «Nire abizenak aditzera ematen duen bezalaxe, ijito euskalduna naiz», dio harro. Donostiarra den galdetuta, ezetz erantzun du: «Ukrainarra! 1981ean – edo hasi ginen ekiaren bidea egiten, eta itsasora iritsi ginen, eta hementxe geratu ginen, ulertu ezinean non gauden. Denok gara kanpotarrak. Denok gara etorkin». Horregatik erakartzen dute kultura guztiek: afrikarrak, indiarrak, ijitoenak, arabiarrak… «Nafarroako lehen errege Eneko Aritzaren arbasoak arabiarrak zirela diote. Hemendik mundu guztia igaro da, eta igarotzen jarraitzen du».

Eskolari kultur etxe deitzen diote, baina ez da ohiko kultur etxea: «Kultur etxe autonomo eta autogestionatua da». Baserrira iritsi bezain pronto, emu batek egiten du ongietorria, burua hesiaren gainetik aterata. «Emua eta bi perikito oparitu zizkiguten. Bi zakur ere baditugu, eta ahuntzak». Beheko solairuan taberna – jatetxea eta filmak emateko tokia daude. Lehenengoan, dantza aretoa eta aldagelak. Eta ganbaran, berriz, zirku teknikak lantzeko tresna mordoa: trapezioak, ohe elastikoak…

Etxea beraiek egin dute, goitik behera. «Mahaiak, hormak, apalak… guztia. Baten eta bestearen laguntzarekin, ofizioak ikasten joan gara. 15 urte behar izan ditugu, eta uste dugu 2150. urterako guztiz amaituta egongo dela!». Orain haurrentzako jolas parkea egiten ari dira, etxe atarian. Etxeberriak dioenez, bere familiaren patua etxe berriak egitea da: «Nire aitonak egin zuen, aitak egin zuen eta nik ere bai».

Sorreratik 1.500dik gora ikuskizun eta ekintzatan parte hartu dute titiriteroek. Urtero 60 bat emanaldi egiten dituzte, eta 60 bat ikastaro. Eskolatik kanpo egiten dituzten saioak dira haien diru iturria. Une honetan, bederatzi ikuskizun eskaintzen dituzte: pailazo kalejirak, Mamutxoren pasadizoak, estralurtarren antzezlana, zirku tailerrak, ipuin eta kondairak, dantza ikuskizunak, munduko kulturen zinema zikloak… Ia denetik antolatzeko gai dira. Puzgarri parkeak, euskal tonbola… «Proposatzea besterik ez dute. Duela bi urte ikastaro bitxia egiteko eskatu ziguten: bide heziketa, baina eroak zeuden pertsona batzuentzat!».

Basamortura ere joaten dira, urtero – urtero. Besteak beste, film arabiarrak ematera. Etxeberriak gogoratu duenez, 90eko hamarkadan gerra tokiak ere bisitatu zituzten. Puzgarriak eramaten zituzten, eta baita kalejira alaiak antolatu ere. «Kroaziara Espainiako armada baino lehenago iritsi ginen! Festak zerbaiterako balio zuen? Seguru aski ez, baina bost axola! Zerbait eskaintzen saiatu, eta tokian tokiko egoerak ulertzen saiatzen ginen. Guk bizitza ezberdinak ezagutuz ikasi egiten dugu, eta gozatu. Festa delako gure egoera naturala. Festak sortzea. Pertsona bakoitza ezberdina, arraroa eta interesgarria da».

Eta eskolan ere hamaika ikastaro antolatzen dute. Sabel dantza, gorputz espresioa, zirkua, antzerkia, gidoigintza, ipuin kontalaritza, clown, tai – chi, kamera aurreko interpretazioa… «80 bat ikasle izaten dira astero. Eta, guztira, 200 bat pertsona mugitzen dira astean». Afariak eta ikuskizunak ere izaten baitira, ostiral eta larunbatetan. Eta ostegunero zinema zikloak egiteko ohitura dute: zinema errumaniarra, hindua, arabiarra…

«Antzerkiarekin orain dela 30 bat urtetik daukat harremana. 1976an hasi nintzen, Orain taldean, Donostian». Kale antzerkia eginez sortu zen Sebastopoleko Titiriteroak taldea. Lehen gehiago ziren, baina egun zortzi bat lagun daude gurdira igota. «Eskolako kontuekin zazpi bat gabiltza, eta ikuskizunetan, ba, lanaren arabera: zortzi, bi, sei…». Haien artean denetik ei dago: «Ijitoak, arabiarrak, euskaldunak… ijito euskaldunak asko daude Euskal Herrian, 500 urte daramatzagulako hemen. Euskal tradizioetan ijitoak sarri agertzen dira: maskaradetako buhameak…».

Erabakiak batzarretan hartzen dituzte. Etxeberriaren arabera, baina, eskola ez zen gizartearen beharrei erantzuteko sortu. «Gauzak egin egiten ditugu. Guk ez dugu gizartearen beharrak aztertzeko gaitasunik. Guk gizarteari guri gustatzen zaizkigun gauza batzuk eskaintzen dizkiogu. Munduko kulturak, adibidez. Gero, gizarteak eskubidea du onartzeko ala ez».

KULTUR ELKARTEA. «Kultur elkarte pribatua gara. Eta gure arazo nagusia beti bera izan da: erakundeekiko harremanak», azaldu du Etxeberriak. «Legeak betetzen ditugun bitartean, ez dugu zertan azalpenik eman. Eta ez diegu ezer eskatzen, baina gure kultur etxea guk kudeatzea ulertezina egiten zaie». Politikariek ez dagokien ordezkaritza dutela uste dute. «Gaztetxeek, adibidez, dohainik kudeatzen dute kultura, eta nola egon daitezke horren kontra? Pentsatzen dutelako beraiek direla jabeak. Baina oso jende gutxik bozkatzen du: Donostiako alkateari ehuneko zortzik edo bederatzik ematen dio botoa, eta gero, eskubidea du etxeak botatzeko! 15.000 lagunek bozkatu badiete, ez dute herri osoaren ordezkari bihurtzeko eskubiderik. Gutxienez, beraiek asmatutako jokoan ez dezatela tranpa egin! Ez bozkatzea ekintza politikoa da, bozkatzea bezainbeste. Politikariei nik beti eskatzen diet beren buruaz beste egiteko, duintasun apur bat baldin badaukate. Japoniar erara».

Diru publikoarekin egiten dena onartezina iruditzen zaio: «Pentsatzen dugu diru publikoa diru sakratua dela. Jendea gosez hiltzen da, eta diru hori jendea hobeto bizitzeko erabili beharko litzateke, eta ez batzuek soldata hobeak izateko. Politikariei beren soldata gutxienez bi heren jaisteko exijitzen diegu guk. Diru publikoa ezin da egon pertsona baten subjektibotasunaren menpean, inola ere ez. Ezin diezu lana eman lehengusuari, ilobari, alabari…». Gainera, ez du ikusten kulturaren aldeko apustu sendorik. «Kulturarekin gutxieneko seriotasuna izango balute, kultur ordezkariak desagertu egin beharko lirateke, kulturaren kontra ari dira eta!».

 

TiTiriTeroen esKainTza

Sebastopol eskolan:

Ostegunetan. Zinema emanaldiak. Film errumaniarrak, arabiarrak… (dohainik).

Ostiraletan. Gau afrikarra: afaria, musika, film afrikarrak…

Hileko azken larunbatean. Afari orientala, dantza ikuskizunarekin.

Igandeetan. Haurrentzako zinema, euskaraz (sarrera dohainik).

Astelehenetik ostiralera. Ikastaroak haur eta helduentzat. Sabel dantza, gorputz espresioa, zirku teknikak, antzerkia, gidoigintza, ipuin kontalaritza, kamera aurreko interpretazioa, Tai – chi…

Herriz herri:

Bederatzi ikuskizun aukeran. Pailazo kalejirak, Mamutxoren antzezlana, estralurtarren antzezlana, zirku tailerrak, munduko ipuin eta kondairak, dantza ikuskizunak, munduko kulturen zinema zikloak…

Informazioa:

Ikuskizunak: 607772347 (Antton Etxeberria). Eskola: 658731906 (Jaione Albeniz).

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)