Eskolatze dekretuaren alde egin du Nafarroako Eskola Kontseiluak
Sindikatuetako kideak bileratik joan dira, proiektua atzera botatzeko eskatu eta ezezkoa jaso ondoren
Berria, 31-01-2007Eskolatze dekretua, puntuz puntu
Eskolatzearen esparruan, 1994. urteko dekretua dago egun indarrean Nafarroan. 1996an moldatu zuten. Orain, Espainiako Hezkuntza Lege Organikoaren harira, dekretu berria prestatu du Gobernuak. Eskola Kontseiluak aldeko iritzia eman eta gero, behin betirako onartzea eta argitaratzea baino ez da falta
Helburuak
Egokitzea. Lege berriek ezartzen dituzten ildoekin bat egitea.
Eskolatzeko eskubidea. Dekretuaren xedea da ikasle nafar orok irakaskuntzaren mailetan aritzeko duten eskubidea bermatzea.
Eskolatze Batzordeak. Batzorde horien helburua da gurasoekin eta ikastetxeekin harremana jorratzea, eskolatze aukeren berri emateko. Batzordeak bultzatzea xedetzat hartu du dekretu berriak.
Ildo nagusiak
Bazterketarik ez. Dekretuak azpimarratzen du ikasle orok baduela irakaskuntza sisteman toki bat izateko eskubidea, eta ez dela bazterketarik eginen arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik eta abar. Alderantziz, berdintasun aukera hartzen da xedetzat.
Anai – arrebak elkarrekin. Gurasoek seme – alabak ikastetxe berera eraman ahal izateko, gora egin du dekretu berrian ikastetxean han matrikulatu nahi den haurraren anai – arreba edukitzeagatik lortzen den puntu kopurua. Lau izanen dira lehen anai – arrebaren kasuan, eta bat gainerakoetan. Orain arte hiru puntu ematen ziren lehen kasuan eta bat gainerako guztietan. Gurasoek ikastetxean lan egiten badute, berriz, lau puntu jasoko dituzte familiek.
Distantzia. Etxebizitzaren eta ikastetxearen arteko distantziak izanen du zer erranik eskolatzea zehazterakoan. Etxebizitza nahi duten ikastetxearen eremu berean badago, lau puntu jasoko dituzte familiek. Ikastetxea eta etxebizitza eremu ezberdinetan baina mugan badaude, bi puntu; bestela, zero.
Behar bereziak dituzten ikasleak. Dekretuak dio Hezkuntza Sailak eskolatze egokia eta orekatua eskainiko diela behar bereziak dituzten ikasleei. Ezintasunen bat duten ikasleek, ikasturtea berandu hasten dutenek (etorkinek, adibidez) eta talentu apartekoek bi puntu jasoko dituzte.
Gurasoen errenta. Lanbide arteko gutxieneko soldataz azpiko errenta duten familiek 1,5 puntu jasoko dituzte. Horren gaineko errenta dutenek, berriz, 0,5.
Txosten akademikoa. Eskaera eskaintza baino handiagoa bada batxilergoan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako notak kontuan hartuko ditu Hezkuntza Sailak. Lanbide Heziketan, halaber, txosten akademikoaren arabera hartuko dituzte ikasleak.
Foru aginduak
Dekretuaren harira, Iruñerria bi eremu handitan banatzen duen foru agindua prestatu du Nafarroako Gobernuak. Aldea nabarmena da orain arteko sistemarekin, ia beti auzoka banatuta baitzeuden Iruñerriako eskola eremuak. Eskolatze Batzordeen inguruan beste foru agindu bat egin du Gobernuak.
Mendebaldeko eremua. Iruñeko Arrotxapea, Aranzadi, Txantrea, Orbina, Alde Zaharra, I. eta II. Zabalguneak, Lezkairu, Arrosadia, Sadar, Beloso, Argarai eta Mendillorri, eta Berriobeiti, Antsoain, Burlata, Atarrabia, Uharte, Eguesibar eta Aranguren daude.
Ekialdeko eremua. Iruñeko Buztintxuri, Santa Luzia, Sanduzelai, Donibane, Mendebaldea, Ermitagaña, Iturrama, Erletokieta, Azpilagaña eta Etxabakoitz, eta Zizur Nagusia, Zizur Txikia, eta Barañain daude eremu horretan.
Eskolatze batzordeak. Eskolatze Batzorde Nagusia eta Tokian Tokiko Eskola Batzordeak osatuko dituzte. Batzorde Nagusiaren helburua da dekretuan eta foru aginduetan jasotakoa betearaztea. Erakunde horren zeregina izanen da, halaber, ikastetxeei eta tokian tokiko batzordeei dekretuan jasotakoaren berri ematea, eta haurren eskolatzea kontrolatzea.
Bestalde, tokian tokiko batzordeen helburu nagusia izanen da gurasoei dauden aukeren berri ematea. Haien lanetako bat izanen da, gainera, ikasleak modu orekatuan banatzen direla ziurtatzea; hau da, ikastetxeek oinarri hori betetzen dutela kontrolatzea.
(Puede haber caducado)