Sarkozy Legea auzitegiaren atarian
Prokuradorearen aurkako auzia otsailaren 26ra gibeleratu du Baionako auzitegiak. Lazzi eta Aminen ezkontza indargabetu zuen prokuradoreak, alegiazko ezkontza zelakoan
Berria, 23-01-2007Aitor Renteria
Baiona
Jende ugari bildu zen atzo Baionako auzitegian Fatima Aminek Baionako prokuradorearen aurka ezarritako auzibidearen karietara. Poliziak hesi bat osatu zuen eta sarrera galarazi Aminen sostenguz joandako jendeari. Anartean, auzia otsailaren 26ra gibelatzea deliberatu zuen epaileak. Kanpoan jendeak barnera sartu nahirik, Poliziaren jarrera deitoratuz. Bukaeran Poliziak gizon bat atxilotu eta atarian bildutakoak sakabanatu zituen indarrez.
Arratsaldeko bi orenetan ireki zituen ateak Baionako auzitegiak. Ordurako 50 pertsona inguru zeuden beha eskaileretan. Poliziak hesi sendoa jarri zuen. Auzitegira sar zitekeen jendearen izena irakurtzen zuten lehenik. Ondoren, sartu nahi zuenak izena erran eta zertara zihoan azaldu behar zuen, Poliziak deliberatzen zuelarik baimena ematen zion edo ez.
Fatima Amine Alain Larrea abokatuarekin sartu zen epaitegira. Ezohiko auzia, erabat. Ez zen auzi itxia, baina jendeak ezin zuen barrura sartu. Auzibidea Baionako prokuradorearen aurka. Eta prokuradoreak defentsaren eskubideak eskatu zituen, auzia behar bezala prestatzeko denbora gehiago behar zuela argudiatuz. Horretarako eskubidea onartu zion epaileak, auzia otsailaren 27ra gibelatuz.
SAKOZY LEGEA EZKONTZAREN HESI. Prokuradorearen aurkako auzia ezkontza indargabetzeagatik eginen da. Fatima Amin eta Sadik Lazzik ezkontza eskaria egin zuten 2006an Baionako herriko etxean. Anartean, Frantziako Parlamentua Gaiztaginen Aurkako Legea eztabaidatzen zegoen eta Immigrazio Legea onarturik. Ezkontza zurien edo alegiazkoen aurkako neurri zorrotzak onartu zituen. Baionako Herriko Etxeko bi axurantek hitzordua ezarri zieten Lazzi eta Amineri 2006ko urriaren 24an. Dufrene-Bordatto axurantak susmagarritzat jo zuen ezkontzaren helburua, Lazzi Baionan gelditzeko trikimailutzat, alegia. Izan ere, Lazzi marokoarra da eta ez zuen Frantzian bizitzeko baimenik. Baionan ezkonduz agiriak lortu nahi zituela iritzi zion Dufrene-Bordattok.
Urriaren 27an Jean Grenet Baionako auzapezak susmoak helarazi zizkion Baionako prokuradoreari. Azaroaren 6an prokuradoreak ezkontzaren balioa baldintzapean ezartzea deliberatu zuen eta Aireko eta Mugetako Poliziaren eskuetan ezarri zuen kasua. Poliziak Lazzi atxilotu eta prokuradorearen erabakiaren zain etxean egotera behartu zuen. Azaroaren 28an Marokora egotzi zuten Lazzi.
Abenduaren 4an ezkontza baliogabetzeko prozedura abian ezarri zuen prokuradoreak. Alta, Alain Larrea abokatuak prokuradorea auziperatzea lortu du.
SOSTENGU ZABALA ETA HASERREA. Sarkozy Legea onartu zenean sostengua antolatzeko engaiamendua iragarri zuten hainbat eragilek Baionan. Laurence Hardouin Cimadeko kide eta abokatuak erran zuen ez zutela etorkinen eskubiderik zangopilatzea onartuko. Orduko hitzek gauzapena ukan zuten atzo Baionako Auzitegian. Cimadeko kideez gain, gizarte laguntzaileak zeuden Aminen sostenguz, LABeko ordezkariak, Giza Eskubideen aldeko taldekoak, AIkoak eta AC langabetuen elkartekoak.
Poliziaren hesiak eskubideen inguruko auzia segitzea ekidin zien eta hori gaizki bizi izan zuten. Kanpoan hotza, langarra. Eta Poliziak ez zuen hesia kentzen. «Noiz arte egonen zarete sarrera trabatzen, noiz emango dizuete aurretik kentzeko agindua?» galdetu zien emazte batek haserre. Poliziak ez zekiela ihardetsi zion buru keinu batez.
Tentsioa nabarmena zen. Buruko zapia jantzirik zeramaten hiru emazte ere saiatu ziren auzitegira sartzen. Agindu zorrotzak zituen, ordea, Poliziak. Epaileak auzia gibelatzen zuela eman zuen jakitera, baina jendeak ez zuen egoera onartu. Ez zeuden prest kanpoan egoteko agindua betetzeko. Sartzen saiatu zen gizon bat eta Poliziak ez zion utzi. Ahoz, tirabira sortu zen gizonaren eta polizia baten artean. Azkenean, poliziak indarrez hartu zuen gizona eta barrura sartu, atxiloturik. Horren aitzinean jendea oldartu zen eta, Poliziak indarrez auzitegiko sarreratik bota zituen. Hori ikustean Fatima Aminek krisialdia ukan zuen, zainetatik jota. «Gelditu, otoi, ez gehiago jo, geldi» oihukatzen zien.
Sarkozyren Legeak bidea egin du. Auzapeza gaiztaginen aurkako sistemaren ardatz bihurtu da. Eta eskubideen aldarrian auzitegira hurbildutako herritarrak Poliziaren oldarra pairatu dute. Giza eskubideen aldeko elkarteek gogor gaitzetsi dute Poliziaren jarrera eta sostengua berretsi diote Amineri.
(Puede haber caducado)